Iraileko igandeetan erromeria plaza bilakatu ohi da Zelatun. Baina beste data batzuetan ere tradiziozko leku hori aprobetxatuta, beste musika bat eramaten du Beertoki elkarteak. Hala egin dute azken hiru urteetan. Tradizioa eta berritasuna emanaldi berean elkartuz, laugarrenez, Errockmeria jaialdia antolatu dute. Igandean, uztailaren 13an, egingo dute, 12:00etatik aurrera.
"Iazko edizioa oso ondo joan zen, jende asko elkartu ginen eta erantzuna positiboa izan zen. Bukatu bezain pronto datorren urtean berriro egingo genuela erabaki genuen; izan ere, normalean, urte osoan zehar hori eztabaidatzen dugu, baina aurreko urtean sentsazio onarekin bukatu genuen", esan du Aitor Otegi antolakuntzako kideak.
Sona handia dute uda partean izaten diren musika jaialdiek, baina Beertokikoek ez dute Errockmeria antolatu horrelakoei segika. Ohi bezala garagardo baten bueltan sortutako ideia izan zen. "Azken urteetan ez dugu garagardo festa antolatu eta, momentuz, hau da elkartekoek dugun motibazio bakarra", esan du antolatzaileak. Dagoeneko Errockmeria tradizio bilakatu da eta pozik agertu dira antolakuntzakoak: "Plan polita da, jendeari asko gustatzen zaio eta egun berezia eta ezohikoa izaten da".
Antolakuntza
Beertokin ibiltzen diren lau lagunak arduratzen dira agertokia muntatzeaz. Igandean goizean goiz abiatu eta Zelatunen soinu ekipoa jartzen dute. Antolatzaileak kontentu daude lortzen duten soinuarekin eta musika taldeen aldetik ere ez dute kexarik izan, orain arte. Ohi moduan, eguraldia dute kezka bakarra Beertokiko kideek. Euria egingo balu bertan behera geratuko litzateke jaialdia, baina ez lukete bero izugarririk nahi.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Tolosaldeko Ataria-ren webgunean.