Tokiko energia komunitateen gaineko informazio saioak egingo dituzte Errezilen

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 6a, 14:46

(Argazkia: Pixabay)

Udalak antolatu ditu, aldundiaren laguntzarekin. Maiatzaren 12an izango da aurrenekoa, eta ekainaren 2an eta 30ean egingo dituzte besteak. Hitzaldiotan parte hartzeko deia egin die udalak herritarrei.

Energia komunitateak zer diren, nola antolatzen diren, zer onura eskaintzen dituzten eta zer urrats egin behar diren horiek abian jartzeko. Informazio hori eskura izango dute Errezilen, "modu praktikoan", datozen asteetan. Izan ere, Errezilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, tokiko energia komunitateen gaineko hitzaldi zikloa antolatu du.

Hain zuzen ere, hiru informazio saio egingo dituzte, guztiak Borondegin eta 19:00etan hasita: datorren astelehenean, maiatzaren 12an, izango da aurrenekoa, eta ekainaren 2an eta 30ean egingo dituzte besteak.

2027rako Gipuzkoako udalerri guztiek "gutxienez energia komunitate bat" martxan izatea da aldundiaren helburua. Jasangarritasun departamentua, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, Errezilen egitera doazen antzeko saioak egiten ari da, besteak beste, aipatutako helburua lortzeko bidean.

Parte hartzeko deia

Hitzaldiotan parte hartzeko deia egin die udalak herritarrei, tokiko energia komunitateek izan ditzaketen onurak azpimarratuz: "Energia komunitateek aukera ematen diete herritarrei energia baliabide propioekin ekoizteko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko menpekotasuna murrizteko edota argindarraren fakturan aurrezteko. Sistema justu, eraginkor eta jasangarrirako bidean eman daitekeen pausoetako bat da komunitateena".

Aldundiak ere herritar oro gonbidatu du informazio saioetara, baina "bereziki" energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko tokiko egitasmoekin bat egin edo egitasmo horien berri izan nahi dutenak. Sarreran aipatutakoen gaineko informazioaz gain, aldundiak eskaintzen dituen baliabideak ere zehaztuko dituzte Errezilgo saioetan, "hala nola Energia Eraldaketarako Bulegoaren aholkularitza tekniko, juridiko eta administratiborako doako zerbitzua, eta eskuragarri dauden laguntza ekonomikoak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide