Azken ikasturtean Errezilgo San Martin herri eskolan lantzen ari diren proiektua eskolako txikienengandik sortutakoa da. "Haur Hezkuntzakoak izan dira egitasmoaren ideia proposatu dutenak, eta orain, Errezilgo erraldoiak eta buruhandiak sortzeko proiektuan murgilduta dago eskola osoa", azaldu du Joseba Bikendi herri eskolaren zuzendariak.
Haur Hezkuntzako haurrak eskolara erraldoi txikiak eramaten hasi zirela kontatu du Amaia Aranbarri HH 2-3ko irakasleak. "Gogoratu nintzen erraldoi baten egurrezko egitura bat banuela etxean –beste eskola baterako egindakoa zena–, eta hura eraman nuen eskolara. Ikasgelan bertan jantzi genuen erraldoi hura; haurrek egundoko sorpresa hartu zuten, eta ikaragarrizko harrera egin zioten". Ikasleekin erraldoiei buruz hitz egiten hasi ziren gero, eta haurrek irakasleei kontatu zieten erraldoiak ikustera Tolosara (Gipuzkoa), Azpeitira edo Azkoitira joaten zirela, Errezilen erraldoirik ez zutelako. "Haurrei galdetu genien ea herrian erraldoiak izatea gustatuko al litzaieken, eta baiezkoa izan zen haien erantzuna. Galdera berarekin HHko beste gelakoengana joan ginen, eta haiek ere herrian erraldoiak izatea nahiko luketela esan ziguten".
Eskolako ikasle txikienen nahia kontuan hartuta, HH 4-5eko Ainhoa Aranburu irakaslearekin erraldoiak sortzeko proiektu baten inguruan hitz egiten hasi zen Aranbarri. "Proiektu hori lantzen hasi ginen, eta ikusita erraldoien inguruan HH 2-3n zegoen giroa, egitasmoa eskola osora zabaltzea erabaki genuen", esan du Aranburuk.
Iazko azaroan, San Martin jaietako txupinazoa girotzeko, kartoiekin-eta buruhandiak egin zituzten Arte Hezkuntza ikasgaian, eta haiek hartuta, eskolako kide guztiak batera joan ziren txupinazora. Gainera, eskolako bi irakasle ohik piztu zuten festetako suziria.
Sanmartinak pasatutakoan, herriko erraldoiak izatea nahi al zuten galdetu zieten herritarrei. "'Erraldoiak bai' ala 'erraldoiak ez' esateko herri galdeketa egin genuen. Herritarren erantzunak jasotzeko hiru kaxa jarri genituen: Borondegin, dendan eta eskolan. Galdeketa girotzeko eta jendea iritzia ematera animatzeko, berriz, eskolan pankartak egin eta kalean jarri genituen", azaldu du Aranburuk. Errezilgo erraldoiak sortzearen aldeko boza eman zuten herritarrek, eta hurrengo urratsak egiten hasi ziren eskolakoak. "Zer erraldoi, zer pertsonaia, zer neurritakoak... erabaki behar genuen".
Erraldoiak sortzeko prozesuari ekiteko, Azpeitiko Kulturaz kooperatibakoekin harremanetan jarri ziren Errezilgo eskolakoak. Hala, sormen tailerra egin zuten Dinamoan, eta Azpeitiko erraldoiak bertatik bertara ezagutu zituzten Enok Suduperen eta Patxi Juaristiren eskutik. "Otsailean joan ginen Dinamora eskolako denok. Aurrena, Soreasun erraldoiak dantzan ikusteko aukera izan genuen, baita galderak egitekoa ere. Gero, LH 3, 4, 5 eta 6 mailetako ikasleak Dinamora joan ziren, erraldoiak marrazteko eta diseinatzeko tailerra egitera. Bitartean, gainontzekoak Azpeitiko Udal Liburutegira joan ginen, eta han erraldoien liburuak erakutsi zizkiguten", kontatu du Aranbarrik.
Ikasleek Dinamoko tailerrean egindako erraldoien diseinuak orain erakusgai jarrita dituzte eskolan bertan. "Pertsonaiak haurrek beraiek aukeratu zituzten, eta orain, horiei forma ematea eta diseinatzea tokatzen da. Horretan laguntzeko Patxi [Juaristi] prest dago, eta gurasoak eta herria ere hor daude", azaldu dute irakasleek.
Eta zein dira, bada, erraldoi bilakatzeko pertsonaiak? "Sagarra eta akerra aukeratu dituzte erraldoietarako, eta buruhandietarako, berriz, bertsolaria eta auto lasterketetako kaskoa". Bina egitea erabaki dute, beren artean "jolas bat" sor dadin. Orain, horien itxura eta soinekoak nolakoak izango diren "diseinatzeko prozesuan" murgilduta dabiltza errezildarrak.
Ikasleentzako modukoak
Nolako altuera izango duten erraldoiek ere erabakitzeko dute. Azpeitikoak altuegiak dira, eta eskolan erakusgai dituzten Lasaokoak, berriz, baxuegiak; beraz, tarteko altuerakoak egin nahi dituzte Errezilerako. Aranburuk etxean erraldoiak dituen Lasaoko familia bat ezagutzen du, eta eskolan ereduren bat izatearren haiei eskatu zizkien; orain Lasaoko Felix eta Felixa erraldoiak Errezilen dituzte. "Lasaotik ekarritako erraldoi horiek oso egokiak dira haurrek eraman ahal izateko, baina horiek baino pixka bat altuxeagoak egin nahi ditugu, LH 6ko ikasleek eramateko modukoak izan daitezen".
Erraldoien adibide batzuk marraztuta dituzte haurrek, eta horietatik aukeratu egin beharko dute ikasleek. Gero, egitura sortu, oihalak inguratu, josi... egin beharko dituzte. Arte Hezkuntza ikasgaian onduko dituzte erraldoiak, baina eskolatik kanpoko laguntza beharko dute: "Arotzena, jostunena...". Erraldoiak eta buruhandiak bataiatzeko izen aukerak ere proposatu zituzten ikasleek, eta horiek ere bozketa bidez hautatuko dituzte.
Ekainean, San Antonio jaietan, estreinatu nahi dituzte Errezilgo erraldoi eta buruhandiak. "Polita izango da sanmartinetan hasitako zikloa sanantonioetan bukatzea", esan du Aranbarrik. Bikendik gehitu du herri eskolan azken ikasturtea egingo duten LH 6ko ikasleak agurtzeko modu polita izango dela haiei herriko festetan erraldoiak eta buruhandiak eramateko aukera eskaintzea, "opari bat litzateke ikasleentzat".