4.324 kilometro erregistratuta bukatu dute Erronka Komunitarioa egitasmoa

Nerea Uranga 2025ko urt. 21a, 12:29

Bukatu dute Erronka Komunitarioa egitasmoa Errezilen, eta proiektua martxan izandako hilabeteko epean izan dituen emaitzak azaleratu dituzte. Oso gustura azaldu dira erronkaren emaitzekin eta parte hartzearekin.

Erronka Komunitarioa izeneko egitasmoa egin dute Errezilen eta Bidania-Goiatzen, Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatearen ekimenez eta Aptes teknologia soziala sustatzeko elkarteak gidatuta. Azaroaren 5etik abenduaren 5era artean egin zuten proiektua eta joan den astean emaitzen balorazioa egin zuten.

Herritarrek jarduera fisikoa egiteko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuz jarri zuten egitasmoa martxan, "komunitatearen garapena eta kohesioa indartuz, osasuna eta bizitza aktiboa oinarri hartuta". Egitasmoan parte hartu dutenek Ane Artetxe Aptes elkarteko teknologa sozialaren laguntza izan dute, eta Wellk aplikazioaz baliatu dira beren jarduera fisikoa (ibilaldiak, paseoak, kirol jarduerak...) erregistratzeko.

Joan den astean, Erronka Komunitarioa egitasmoa bukatzeko eta balorazioaren emaitzak azaltzeko ospakizun ekitaldia egin zuten Bidanian, eta ekitaldiaren ondoren, kafe tertulia egin zuten parte hartzaileek. Egitasmoak izan dituen emaitzekin eta parte hartzearekin gustura azaldu dira sustatzaileak eta parte hartu duten herritarrak.

Honako datuak azaldu zituzten Erronka Komunitarioa bultzatu dutenek:

  • Wellk aplikazioan 74 erabiltzailek eman dute izena. Egitasmoaren sustatzaileek hogei partaide espero zituzten.

  • Parte hartzaile gehienak Errezilgoak eta Bidania-Goiazkoak izan dira.

  • Parte hartzaileen artean gehienak gizonak izan dira: %55,4 gizonak eta %40,5 emakumeak.

  • Partaideen batez besteko adina 55 urte izan da. Dena den, gazteen parte hartzea nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaileek. "Belaunaldien arteko harremanak garrantzia handia izan du egitasmoan".

  • Guztira, 4.324 kilometro erregistratu dituzte parte hartzaileek, eta 544 jarduera egin dituzte.

  • Oinez ibiltzea, luzaketak egitea eta korrika saioak izan dira egindako jarduera nabarmenenak.

  • Jarduera gehienak erregistratu dituzten egunak larunbatak, igandeak eta asteazkenak izan dira.

Egitasmoa Errezilgo eta Bidania-Goiazko komunitateetara zabaldu aurretik, iazko urrian egitasmoa bi udalerrietako eguneko zentroetan jarri zuten martxan, teknologiaren erabiltzaileen artean sustatu asmoz. Bi eguneko zentroetako erabiltzaileen artean egitasmoak edukitako harrera kontuan hartuta, azaroan komunitate guztira zabaltzeko aukerari heldu zioten.

Erronka Komunitarioan Errezil eta Bidania-Goiazko hainbat eragilek parte hartu dute, tartean bi herrietako eskolek. Belaunaldien artean izandako elkarlanarekin "oso gustura" agertu dira, eta teknologia arrakala txikitzeko balio izan duela azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide