Errezilgo jaietako txupinazoa botako duten aurreneko aldia ez dute izango aurtengoa Antton Garrok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) eta Mertxe Egigurenek (Asteasu, Gipuzkoa, 1964); aurreneko aldiz, Errezilgo San Martin herri eskolak 20 urte bete zituenean piztu zuten jaietako suziria. Aurtengo San Martin jaietako txupinazoa ere beraiek botako dute, 16:30ean, udaletxetik. Herriko eskolan izandako ibilbidea eta egindako lana aitortzeko egin die suziria botatzeko proposamena festa batzordeak. Biak ala biak erretiroa hartuta daude gaur egun.
Garrok 2022an hartu zuen erretiroa, Errezilgo eskolan 36 urtez irakasle jardun eta gero. "Ibilbide profesional ia osoa egin nuen Errezilen; urte pare bat kenduta, ia osoa", azaldu du tolosarrak. Hainbeste urteko jardunean, Errezilgo herri eskolaren garai desberdinak ezagutzeko aukera ere izan zuen: "Ni Errezilera iritsi nintzenean, eskola hiru eraikinetan banatuta zegoen; handik bederatzi-bat ikasturtetara lekualdatu ginen ikastetxe berrira. Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek udaletxearen bi alboetako eraikin txikietan zituzten ikasgelak, eta gainontzeko mailetakoak Borondegin zeuden. Ez dut gogoan zein urtetan, baina Lourdesen [Okzitania] lurrikara bat izan zenean, Borondegiko eraikina goitik behera zartatu zen. Ondorioz, handik atera beharra izan genuen, eta asko negoziatu ondoren, beste eraikin bat lortu genuen, seroraren etxea zena edo. Etxe hura lortu bitartean, gaur egun denda dagoen tokian egon ginen hilabete batzuetan eskolak ematen". Egungo ikastetxe berrian hasi bitartean, "gorabehera politak" pasatu behar izan zituztela gogoratu du Garrok: "Adibidez, estufa elektrikoa astelehenean pizten genuen eta ostiralean itzali, eta leihoetan egunkari orriak jartzen genituen haizerik ez sartzeko. Hala moduzko egoeretan lana eginda gaude...".
1986an hasi zen irakasle Errezilen Garro, eta ia hamarkada bat geroago, 1995-96ko ikasturtean, batu zen Egiguren Errezilgo eskolako lantaldera. Tolosarrak erretiroa hartu bitartean, biek elkarrekin jardun dute eskolan lanean. Egigurenek aurreko ikasturtean hartu zuen erretiroa, martxoaren 20an, hain zuzen ere. "28 ikasturte eta erdi egin nituen Errezilen irakasle, beti 4 eta 5 urteko haurrekin". Erretiroa hartu eta lehen hilabeteetan bere ikasle taldearengandik "askatzea" kostatu egin zitzaiola aitortu du asteasuarrak: "Ikasturtea bukatu bitartean buelta batzuk egin nituen eskolara, nire taldea ezin askatuta. Oraingo ikasturtean, baina, ja ez dago nire talderik eta nire ondorengo irakaslea ere behin betikoa da. Horrek guztiak lasaitu ninduen". Errezilen hasi aurretik, Idiazabalgo (Gipuzkoa) eskolan egin zituen zortzi urte irakasle, eta gero, urtebete Elgoibarren (Gipuzkoa): "Ondoren, behin betiko irakasle postua eman zidaten Errezilen, eta hara iritsitakoan 'hauxe da nik nahi nuena' esan nion neure buruari. Baserrikoa naiz ni, mendian eta basoan ibiltzea gustatu zait umetatik; orduan, Errezilera iritsi eta inguru hori aurkitzea... Airean joan dira laneko urteak!".
Gertutasuna
"Gustuko tokian aldaparik ez" esan ohi da, eta halakoxea egin zaie Garrori eta Egigureni Errezilgo San Martin herri eskolako lan ibilbidea. Honela gogoratu du Garrok: "Gozamena izan da Errezilen lan egitea; etxe giroan sentitu naiz, konfiantza izan dut jendearekin... Gertutasun handia egon da eskolako komunitate osoaren artean; azken batean, konfiantzazko familia handi bat da eskolakoa, eta oso erosoa da egoera horretan lan egitea. Nik goiko mailetan egin dut lan, baina beheko mailetako ikasleek ezagutzen ninduten".
Egiguren ere bat etorri da Garrorekin: "Ni ez naiz jende multzo handien zalea, eta eskola txikia izanda, gertutasuna dago komunitate osoaren artean; gelan ume gutxi izanda, ez daukazu ahotsa altxatu beharrik; ingurune zoragarria da...". Horrez gain, bere erara lan egiteko aukera izan duelako, pozik da Egiguren: "Nire erara lan egiteko askatasuna izan dut Errezilen. Alde horretatik, beste irakasleen babesa sentitu dut, eta gurasoen aldetik ere ez dut inoiz oztoporik izan". Herrian batetik bestera mugitzeko erraztasunak eta aukera paregabeak izan dituztelako ere gustura dago Egiguren: "Eskolakook asko mugitu gara herrian, eta horretarako izugarrizko laguntza jaso dugu herritarren aldetik. Baserriak bisitatzeko ateak beti zabalik izan ditugu, eta gauza ederrak eta interesgarriak ikusi ditugu bertatik bertara".
Pozik suziria pizteko
Biak ala biak pozik eta gustura daude bihar San Martin jaiei hasiera emateko suziria botako dutelako. "Sorpresa polita izan da txupinazoa botatzeko proposamena jasotzea, eta gogoz nago", aitortu du Garrok. Egigurenek erantsi du Errezilen txupinazoa bota zuteneko lehen aldiko kamisetarekin joango dela bihar suziria piztera: "Errezilgo eskolak 20 urte bete zitueneko kamiseta hura gordeta dut oraindik eta".
Egitaraua:
Azaroak 8, ostirala
- 16:30. Txupinazoa, Mertxe Egiguren eta Antton Garro irakasle ohien eskutik.
- Gero, haurrentzat txokolate jana.
- 20:00. Gaztetxoen emanaldiak.
- 21:00. Herri afaria, Errezil Biziriken eskutik.
- Ondoren, Obaneukerekin erromeria.
- Atsedenean, txinga txapelketa.
Azaroak 9, zapatua.
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
- 14:00. Bertso bazkaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Nerea Elustondo eta Unai Agirre. Trikitilariak: Haritz Garmendia eta Eneko Arbeo.
- 16:30. Ume jolasak.
- 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa.
- 23:00. Gozategi.
- Ondoren, Naza DJa.
Azaroak 10, igandea.
- 11:00. Haurrentzako krosa.
- 14:00. Zahagi ardoa, zimitorioan.
- 17:30. Herritarren arteko kirol erronka.
- 19:00. Pintxo-potea. Gero, bingoa Borondegin.
Azaroak 11, astelehena. San Martin eguna.
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.
- 16:30. Haurrentzako ekintzak.
- 19:00. Errautsak hauspotzen dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia, Borondegin.
Azaroak 17, igandea. Jubilatuen Eguna.
- 13:00. Meza nagusia.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, bertsolariekin eta trikitilariekin.
Azaroak 22, ostirala.
- 21:00. Bertso afaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze. Trikitilariak: Erkizi eta Manex Unanue.