Hiru asteburutan banatutako sei egunetan ospatuko dituzte aurtengo San Martin jaiak aurten Errezilen, eta prest dute egitaraua. Hain zuzen ere, azaroaren 8an hasi eta 22an bukatuko dira samartinak, baina gaur bertan hasiko dira motorrak berotzen.
Ostegunak jaiegun bezperarekin bat egiten duela baliatuta, pintxo poteoa egingo dute gaur, eta futbolin txapelketak ere bai Borondegin, gaztetxoena lehendabizi eta helduena ondoren; azken horretan parte hartu nahi dutenek bikoteko 5 euro ordaindu beharko dute izen ematea.
Sei eguneko egitaraua
Bihar zortzi, 16:30ean txupinazoa botata hasiko dituzte samartinak; San Martin Herri Eskolako bi irakasle ohi izango dira aurtengo txupineroak. Hortik aurrera, hiru asteburutan banatutako sei festa egunez gozatzeko parada izango dute errezildarrek zein bisitariek.
Hau da 2025eko San Martin jaien egitarau osoa:
Azaroak 8, ostirala
- 16:30. Txupinazoa, Mertxe eta Antton irakasle ohien eskutik.
- Ondoren, haurrentzat txokolate jana.
- 20:00. Gaztetxoen emanaldiak.
- 21:00. Herri afaria, Errezil Biziriken eskutik.
- Ondoren, Obaneukerekin erromeria.
- Atsedenean, txinga txapelketa.
Azaroak 9, zapatua
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
- 14:00. Bertso bazkaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Nerea Elustondo eta Unai Agirre. Trikitilariak: Haritz Garmendia eta Eneko Arbeo.
- 16:30. Ume jolasak.
- 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa.
- 23:00. Gozategi.
- Ondoren, Naza DJa.
Azaroak 10, igandea
- 11:00. Haurrentzako krosa.
- 14:00. Zahagi ardoa, zimitorioan.
- 17:30. Herritarren arteko kirol erronka.
- 19:00. Pintxo poteoa.
- Ondoren, bingoa Borondegin.
Azaroak 11, astelehena. San Martin eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.
- 16:30. Haurrentzako ekintzak.
- 19:00. Errautsak hauspotzen dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia, Borondegin.
Azaroak 17, igandea. Jubilatuen Eguna
- 13:00. Meza nagusia.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, bertsolariekin eta trikitilariekin.
Azaroak 22, ostirala
- 21:00. Bertso afaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze. Trikitilariak: Erkizi eta Manex Unanue.
Txartelak salgai eta izen emateak martxan
Herri afaria, bertso bazkaria zein afaria, sagardo eta pinto dastaketa, zahagiko ardoaren bueltako mokadua, jubilatuen bazkaria... Jan-edanerako eta mahai bueltako hitzordu ugari izango dituzte Errezilen datozen jaietan, eta horietarako txartelak salgai edota izen emateak martxan dituzte. Hauek dira bakoitzerako epeak:
- Herri afaria (azaroak 8). Errezil Bizirikek antolatuta, Euskal Parrilak emango du eta igande honetan, hilaren 3an, bukatuko da horiek erosteko epea. Haurren txartela 10 eurotan eta helduena 25 eurotan jarri dituzte salgai Letean, Borondegin eta dendan.
- Bertso bazkaria (azaroak 9). Erniarraitzekin elkarlanean antolatuta, Letean egingo dute. Letean bertan, Borondegin eta dendan eros daitezke txartelak, 25 euroren truke, hilaren 5era arte.
- Sagardo eta pintxo dastaketa (azaroak 9). Euskal Parrillaren eskutik, gehienez 200 lagunentzako muga ezarri dute. Bertso bazkarirako txartelak bezala, azaroarn 5era arte jarriko dituzte txartelak aurrez salgai Letean, Borondegin eta dendan, umeenak 7 eurotan eta helduenak 15 eurotan.
- Zahagi ardoa (azaroak 10). Edaria eta postrea jarriko dituzte antolatzaileek, baina bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du. Aurrez hartu behar dira txartelak Borondegin, hilaren 7rako, 5 euro ordainduta.
- Jubilatuen bazkaria (azaroak 17). Hilaren 13a baino lehen eman behar da izena, udaletxean.
- Bertso afaria (azaroak 22). Hilaren 9ko bazkaria bezala, Erniarraitzekin elkarlanean antolatu dute, eta txartelak Letean bertan eros daitezke, 26 euroren truke.