Herritarren harremanak eta jarduera fisikoa sustatzeko egitasmo berria hasiko dute Errezilen

Nerea Uranga 2024ko urr. 30a, 12:24

Errezil herria.

Erronka Komunitarioa izeneko egitasmoan parte hartuko du Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak. Proiektu horretan belaunaldi desberdinetako herritarren arteko harremanak bultzatu nahi dituzte, elkarrekin jarduera fisikoa eginez. Azaroaren 5etik abenduaren 5era artean egingo dute proiektua.

Erronka Komunitarioa izeneko egitasmoa martxan jarriko dute Errezilen eta Bidania-Goiatzen. Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak parte hartuko du azaroaren 5etik abenduaren 5era artean egingo duten proiektuan. Egitasmoaren helburua da herritarrek jarduera fisikoa egitea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea Erronka Komunitarioa proiektuaren arduradunen arabera: "Erronka Komunitarioa proiektua abiatuta komunitatearen garapena eta kohesioa indartu nahi ditugu, osasuna eta bizitza aktiboa oinarri hartuta".

Egitasmoan parte hartuko dutenek teknologa sozial baten laguntza izango dute, eta Wellk aplikazioaz baliatuko dira beren jarduera fisikoa (ibilaldiak, paseoak, kirol jarduerak...) erregistratzeko. Erronkan parte hartzeko honako pausoak jarraitu beharko dituzte herritarrek: aurrena, Wellk aplikazioa deskargatu beharko dute sakelako telefonora, eta bertan izena eman. Segidan, erronken atalean Denboran zehar bidaiatzen erronkara batu beharko dute klikatuta, eta ondoren, jarduera aktiboak erregistratzen hasiko dira aplikazioaren GPSaren bidez, eskuz, Strava edo Fitbit bidez.

Belaunaldien arteko harremanak

Belaunaldien arteko harremanak ere bultzatzen ditu Erronka Komunitarioa egitasmoak sustatzaileen arabera: "Herritarrek beste belaunaldi batzuetako norbaitekin edota taldean kilometroak eginez gero, bost kilometroko puntu bat gehiago irabazteko aukera izango dute. Horretarako, jarduera gordetzerakoan argazkia igo beharko du herritarrak aplikaziora".

Egitasmoan komunitateko hainbat eragilek parte hartuko dute, eta bakoitzak "beren ekarpena eginez rol berezia" izango du, egitasmoaren sustatzaileen arabera: "Hala nola eguneko zentroek, ikastetxeak, teknosaltsero taldeak eta gazteen taldeek jarduera eta dinamika bereziak antolatuko dituzte, sozializazio gune berriak sortzeko eta komunitatearen parte hartzea bultzatzeko. Erronkak hainbat adineko eta izaerako herritarrak elkartuko ditu, guztiak helburu komun baten alde".

Erronka Komunitarioa egitasmoa hiru etapetan banatuko dute, eta etapa bakoitzaren amaieran, herritarrei komunitateari buruzko galdera batzuk egingo dizkiete aplikazioaren bidez, hausnarketa sustatzeko.

Erronkaren bukaeran, egitasmoan parte hartzen dutenen artean bertako dendetako produktuak zozkatuko dituzte. Erronka Komunitarioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Zalantzak argitzeko edota proiektuaren inguruko informazio gehiago jasotzeko mezua bidali beharko da 623 42 76 99 telefono zenbakira edota saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide