Aitzol Apalantza: "Ezinezkoa zirudiena lortu dugu, izugarri ondo bukatu dugu denboraldia"

Julene Frantzesena 2024ko urr. 9a, 08:57

Olatz San Miguel eta Aitzol Apalantza Elgoibarren, txapelketa irabazi ostean. (Euskadiko Automobilismo Federazioa)

Azken hitzordura arte lehia estua izan ostean, Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi du Aitzol Apalantzak (Errezil, 1991) bigarren urtez jarraian. Olatz San Miguel izan da haren kopilotua bukatu berri den denboraldian, eta errezildarra "oso gustura" dago osatu duten tandemarekin. Datorren sasoiari begira hasi da dagoeneko lanean.

Iaz, Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi berritan, Gukari esan zenion bukatu berri den denboraldian 1 zenbakiarekin aritzea "berezia" izango zela. Hala izan al da?

Bai. Aurreko urtean, urrian egin zidaten elkarrizketa, autoa saldu berri nuela. Ez nekien denboraldi honetan zer egingo nuen, zalantzak nituen. Berotu, eta astebetera auto berria erosi nuen, berriz borrokatzea nahi nuelako. 1 zenbakiarekin aritzeko ilusioa nuen, eta txapelketa berriz irabaztearen pozik handiena horixe izan da; hurrengo urterako ere 1 zenbakia ziurtatu dugu. Izan ere, berezia da lasterketak zeuk irekitzea.

Espero al zenuen horrelako denboraldia egitea eta txapeldun titulua berrestea?

Aurreko denboraldikoa sorpresa izan zen, eta aurtengorako esperantza banuen. Bigarren sasoia zen, BMW M3 bat nuen jabetzan, oraindik eta hobea den Hyundai bat nuen alokatuta... Baina begira gauzak zer diren: iaz esperantza izpirik gabe txapelketa irabazi nuen, eta aurtengoan, esperantzarekin, urte hasieran presioak gain hartu zidan. Irabazi behar horrekin, aurreneko lasterketako aurreneko bihurgunean kolpea eman nion autoari eta bigarren proban autoa matxuratu zitzaidan. Bat-batean, bi lasterketa egin eta txapelketatik erabat kanpo geratu nintzen; sei lasterketatik bitan punturik ez edukitzea oker handia zen.

Egoera iraultzea eta lehian bizi-bizirik egotea lortu zenuen, ordea.

Bi zero haiei ginga jartzeko, maiatzean, Lea-Artibaiko rallyan [Bizkaia], izugarrizko kolpea hartu nuen BMW M3arekin. "Oraingo honetan akabo nire lasterketak", pentsatu nuen, kolpea handia izan zelako –zuhaitz bat jo nuen autoarekin–, eta beldurtu ere, beldurtu egin nintzelako. Pare bat aste txar pasatu nituen, eta rallysprint txapelketako hirugarren lasterketa iristear zela, autoa puskatuta eta bi zerorekin nengoen. Segitzeak merezi al zuen galdetzen nion neure buruari, eta egun batean, egutegia hartu eta kalkuluak egiten hasi nintzen: sei lasterketatik lau irabaziz gero, Iker Etxeberriak –orduan liderra zen– matxuraren bat izanez gero... Etsi gabe eta burugogorkeriaz, azken lasterketara bizirik iritsi ginen.

BMW M3 bat erosi zenuen, baina alokatutako Hyundai batekin aritu zara rallysprintetan, batez ere. Zergatik?

Lehengo urtean erabili nuen [Citroen] Saxo autoa saldu egin nuen, eta Ibon Beitia azkoitiarrari [BMW] M3a erosi nion. Autoa ondo prestatuta dago, baina ez daukat esperientzia handirik atzeko trakziodun autoekin. Pixkanaka kilometroak egin nahi ditut M3arekin, batez ere, rallyetan; izan ere, proba horietan jarraikortasuna da garrantzitsuena. Bi rallysprintetan parte hartu dugu M3arekin; gaizki ez gara ibili, eta uste dut maila eman dugula, baina auto horrekin txapelketa irabazteko moduan ez nago oraingoz. Horregatik, hurrengo helburua hori izango da: M3arekin aurreko postuetan ibiltzea.

Rallysprint denak Hyundaiarekin irabazi dituzu, beraz?

Bai, Euskadiko Rallysprint Txapelketan bai. M3arekin rally batzuetan aritu naiz, ordea: Errioxan [Espainia] irabazi egin nuen, Ponferradan [Espainia] nire mailan txapeldun izan nintzen, Kantabrian [Espainia] ere bai... M3arekin txukun ibili gara kanpoan, baina Euskadiko lehian zortzitik bost probatan Hyundaiarekin atera gara.

Automobilismoan alokatutako autoak erabiltzeko joera ez dago hain hedatuta. Zergatik hartu zenuen alokairura jotzeko erabakia?

Ez da ohikoa autoak alokatzea, baina debuta ere hala egin nuen nik. Niri lasterketetan lagundu didan Iñaki Narbaiza, adibidez, alokatutako autoekin ateratzen zen lasterketetan. Zeure autoa edukitzea, prestatzea... lana da, eta beste aukera bat da alokairua; garestitzat har daiteke, baina baditu alde onak ere. Izan ere, matxurak izanez gero, autoa zeurea denean zeuk konpondu behar izaten dituzu; eta alokatutako autoarekin, garestiago izanagatik, badakizu zenbat balio duen eta ez dago sorpresarik. Hori asko gustatzen zait.

Zer balorazio egiten duzu aurtengo Euskadiko Rallysprint Txapelketaz?

Ikaragarri ona. Hasieran presioak jan ninduen, eta ezinezkotzat nuen horren aurrean, sinetsi egin nuen eta behetik gora etorri nintzen. Denboraldiaren erdiaz geroztik, gainera, aurkari onak sartu dira txapelketan, hala nola Aitor Saizar, Gorka Antxustegi eta Iban Muñoz, eta maila asko igo da; gu, berriz, autoaren erritmora ohitu garela uste dut. Bigarren egin duen Iker Etxeberria, adibidez, [BMW] M3 batekin aritu da, auto txarragoarekin agerikoa denez, baina izugarrizko txapelketa gauzatu du; ez du lasterketa batean ere hutsik egin. Nik adina merezi zuen hark ere txapela.

Lasterketa gogoangarririk bai?

Gakoa izan zen maiatzekoa; orduantxe autoa puskatuta, behar nuen Sabandon [Araba] proba hura irabaztea. Inflexio puntua izan zen. Bestalde, azken proba aipatuko nuke. Irabazi egin behar genuen, bai ala bai, baina oso kiniela gutxitan agertzen ginen; oso jende gutxik gintuen faboritotzat. Izan ere, proba oso gutxitan parte hartzen duen Iban Muñoz atera zen Porsche autoarekin. Irabazi behar horrek inoiz ez bezala aritzera behartu gintuen, eta Muñoz baino azkarrago genbiltzala ikustea egundokoa izan zen.

Hiru txandak irabazi zenituzten azken rallysprint horretan, Elgoibarren (Gipuzkoa).

Bai. Abantaila oso txikiarekin, baina bai, hiru erlojupekoetan aurrenak izan ginen. Lehenengoan hiru segundoko aldearekin nagusitu ginen, bigarrengoan ere bai, eta hirugarrengoan bi segundokoarekin.

Datorren denboraldian ere 1 zenbakia zuena izango da. Ekiteko gogoz al zaude?

Bai, bai. Aurreko urtean esan nuenaren kontrara, aurten garbi daukat datorren urtean txapelketan ariko garela. Hezurretaraino sartu zaizkit rallysprintak. Bigarren aldiz irabazi dut txapelketa, eta amets bat badaukat: hirugarrenez irabaztea. Izan ere, Euskadiko Rallysprint Txapelketa hiru aldiz irabazi duten bost gidari izan dira historian –inork ez du kopuru hori gainditu–. Arantza horixe daukat, baina lehenengo, lasterketetan aritzeko, aurrekontuak-eta itxi behar dira. Dena den, nahia badaukat, eta ea neguan egiten dugun lanak zer ematen duen.

Rallysprint txapelketa bukatu da, baina oraindik rallyak eta igoerak geratzen dira. Zer asmo dituzu?

Rallyena da diziplina onena; lasterketa gutxiago, baina luzeagoak izaten dira. Rally batean eman nion autoari kolpea, eta ez gara batere aritu txapelketa horretan. Egunen batean gustatuko litzaidake rally txapelketaren batean lehiatzea.

Urrakiko Igoera ate joka da. Aterako al zara?

Sekula ez dut parte hartu, baina aurten, M3a edukita eta etxetik gertu izanda, ateratzeko ideia neukan buruan. Dena den, lehengo zapatuan, txapelketa irabazi osteko afarian esan nien lagunei ez nuela parte hartuko. Ezinezkoa zirudiena lortu dugu, izugarri ondo bukatu dugu denboraldia, eta orain autoari kolperen bat emateko ere... Datorren denboraldira begira jarri naiz jada, aurreztu eta prestatu egin behar dut. Izugarrizko inbidia pasatuko dut, baina erabakia hartu dut.

Olatz San Miguel duzu kopilotua. Zer moduz moldatu zarete?

Aurreko denboraldia aurrenekoa nuen eta kopilotuak aldatzen ibili nintzen, finkorik ez nuelako. Urria bukaeran ezagutu nuen Doneztebeko [Nafarroa] Olatz San Miguel, gure aurka lehian ibili den Iker Etxeberriaren bikotekidea. Harekin aritu naiz, eta denboraldi guztia kopilotu berarekin egitea izugarria izan da niretzat, elkar hartu dugulako eta oso ondo konpondu garelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide