Hemezortzi baserri lehian, Errezilgo sagardo txapelketan

Ane Olaizola 2024ko urr. 3a, 09:24

Iazko txapelketako irudi bat. (Iraia Oteiza)

Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta, Errezilgo XI. Sagardo Txapelketa Herrikoia jokatuko dute larunbat iluntzean hango frontoian, 20:00etan hasita.

Festa giroan egiten duten Errezilgo XI. Sagardo Txapelketa Herrikoiak hartuko du pilotalekua datorren larunbat iluntzean, Gaztetandik kultur elkarteak prest baitu urteroko hitzordua. Aurten, herriko hemezortzi baserrik parte hartuko dute txapelketan, iaz baino hiru gehiagok. Hain zuzen, honako baserri hauek eramango dute etxean ekoitzitako sagardoa frontoira: Irure (Aiertza), Irure Txiki, Estrada Zaharra, Lasturreta, Buztin Zuri, Aritzeta Goikoa, Ezama Enea, Ibarguren, Basabe, Arabe, Mugarrieta, Errekondo, Aranguren, Zuazketa, Urdalleta, Aritzeta Azpikoa, Zumeta eta Urteaga.

Ohi bezala, 20:00etan hasiko da sagardo txapelketa frontoian, eta bertaratu nahi dutenek egunean eta pilotalekuan bertan erosi ahal izango dituzte sarrerak, ekitaldia hasi aurretik: helduek 20 euro ordaindu beharko dute, eta trukean nahi beste sagardo, pintxoak eta kafea izango dituzte; 12 eta 15 urte bitartekoek, berriz, 15 eurotan izango dute sarrera.

Txapela, baserriz baserri

Gaztetandik taldeak 30 bat urte daramatza Errezilen kirol eta kultur saioak prestatzen, eta hark antolatzen duen egitasmo nagusienetako bat da sagardo txapelketa. Izan ere, COVID-19ak sortutako izurriaren garaian hainbat moldaketa egin behar izan bazituzten ere, etenik gabe antolatu izan dute txapelketa, eta herrian hitzordu garrantzitsua bihurtu da urtez urte. Hain zuzen, Errezilgo baserrietan sagardoa egiteko ohitura "handia" dagoela eta, ekoizpen horri balioa ematea izan da Gaztetandiken helburua hasieratik: "Baserri askotan egiten da sagardoa, eta batzuek, gainera, oso txukuna ekoizten dute. Baserritarrek beren ingurukoekin partekatzen zuten sagardoa kalera ateratzea otu zitzaigun, eta modu horretara hasi ginen txapelketa egiten", esan du Iñaki Labaka taldeko kideak.

Izurri garaian izan ezik, txapelketaren formatua berbera izan da sorreratik: parte hartzaileek bi kaxa sagardo eramaten dituzte frontoira, eta epaimahai ofizialak banan-banan dastatzen ditu guztiak. Puntuatzeari ekiten diote gero epaileek, eta bien bitartean, publikoak ere sagardoa probatzeko aukera izaten du. Ekoizleen anonimotasuna txapelketaren amaierara arte gordetzen dute, eta epaimahaiak puntu gehien lortu dituen sagardoaren berri ematearekin batera jakinarazten dute edari hori zein baserriri dagokion. Horrez gain, azken urteetan bi sari banatzen dituzte txapelketan; epaileena eta herritarrena: "Gure sorpresarako, epaimahai ofizialaren erabakiarekin nahiko lerrokatuta joaten da herritarrena ere". Joan zen urtean, Zuazketa izan zen txapelduna. Iñaki Aiertzak jaso zuen saria, eta irabaztea "sorpresa" izan zela aitortu zuen orduan.

Aurreneko aldiz irabazi zuen iaz Zuazketak herriko sagardo txapelketa, eta hain zuzen, txapelketaren ibilbideari erreparatuz gero, emaitzak "nahiko dibertsifikatuak" izan direla azaldu du Labaka antolatzaileak: "Batzuk bereziki ahalegintzen dira sagardoa ekoizten, eta esaterako, zorrotz jarraitzen diote egutegiari. Baserri batek urte batean sor dezake sagardo oso ona, eta txapela hari ematea suertatzen da. Baina, oro har, txapela baserri batetik bestera mugitzen joan da azken urteetan, eta hori guretzat oso ona da, beti berberak irabaziko balu, txapelketak galdu egingo zukeelako bere esentzia".

Txapelketak duen 11 urteko ibilbidean, gainera, herriko sagardoaren kalitatea "asko hobetu" dela azpimarratu du Labakak: "Txapelketak zeresana ematen du, eta herritarrek beraien artean hitz egiten dute bataren eta bestearen sagardoaren ezaugarriez. Horrek sagardo garbiagoa ekoizteko urratsak egitera bultzatu ditu sagardogileak. Esaterako, akatsak zuzendu egin dira, eta parte hartzaileen artean sortu diren elkarrizketek eragin dute hori". Herrian sagardoa egiteko ohitura urterokoa izanik, txapelketara eramaten dutena ere kontserbagarririk eta kimikorik gabekoa dela azpimarratu du hark.

Ibarbi sagardun zukua

Sagardoa egiteko garaian, Errezilen baserri bakoitzak bere "teknika, formula zein egutegi propioa" jarraitzen dituela azaldu du Labakak, eta "denek" Ibarbi sagarra eta sagardo sagarra nahasten dituztela: "Sagar mota bakoitzaren kopurua da askotan baserrien artean aldatzen dena. Guk Ibarbi sagarra goraipatu nahi dugu, bertakoa delako; gainera, txispa, zaporea eta gorputza ematen dizkio sagardoari, eta bakarren bat ere animatzen da soilik Errezil sagarrarekin egitera; hori oso-oso bizia izaten da".

Iazkoa sagar urtea izanda, aurten txapelketan parte hartuko duten baserrien kopurua "oso handia" dela deritzo antolatzaileak, baina, haren arabera, edizio guztiak izan dira "arrakastatsuak", urtero dozenatik gora sagardo ekoizlek parte hartu dutelako. Beste behin, herritarren erantzuna ere halakoa izatea espero du hark. "Herritarrek oso gustura hartzen duten egitasmoa da".

Hain zuzen, Labakak herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko txapelketara, eta eskerrak eman dizkie hura antolatzeko laguntza eman dieten erakunde zein enpresa guztiei. Egunean taldekideek zein boluntarioek egiten duten lana ere goraipatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide