Errezilgo sanantonioak eraso homofobo batek ilundu ditu. Errezilgo Udalak azaldu duenez, ostiral gauen gertatu zen erasoa, 22:30 aldera. Erasotuak Errezilago bizilagun eta bikote diren bi gizonezko izan dira, eta erasotzaileak, nerabe batzuk. Erakundeak adierazi duenez, bikoteak aurrez ere jazarpena jasan izan du, "etxeko txirrina jotzera joan izan zaizkielako hainbatetan", baina ostiral gauekoa "eraso gogorragoa" izan zen. "Ostiralean, txirrina jotzeaz gain, atea behartu eta leihora harriak bota zizkieten, eta 'español de mierda' [espainol zikina] eta 'maricon' [marikoia] gisako hitzekin iraindu zituzten". Udalaren arabera, erasoa egin zuten nerabeak "aurpegia estalita zuten, jarrera bortitza, eta inguruan beste hainbat barrez aritu ziren".
Errezilgo Udalak, festa batzordeak eta protokolo lantaldeak gertatutakoa salatu dute, erasotuei babesa eta elkartasuna adierazteaz gainera: "Erasoa jasan duen bikoteari etxean lasai eta seguru egoteko eskubidea urratu zaio, haien segurtasun eta lasaitasunaren aurkako jazarpena jasan baitute. Larria da gertaturikoa, eta gure herrian ez dugu inolako eraso homofobo, matxista edota baztertzailerik onartuko. Gure babes eta elkartasun osoa adierazten diegu erasoa jasan duten herrikideei, baita dituzten beharrei erantzuteko prestutasun osoa ere. Herritar guztioi dagokigu halako erasoak salatu eta mailako erantzuna ematea".
Errezilgo udal ordezkariak erasoaren berri jakin bezain pronto jarri ziren erasotuekin harremanetan, eta gertatutakoaren salaketa eta horren aurreko erantzuna erasoa jasan dutenekin adostuta egin du udalak; hala nola, herrian informazioa zabaldu eta salaketa publikoki egin erromeria garaian eta herri kiroletan.
Urola Erdiko Itaiak ere, bere aldetik, gertatutakoa salatu du. "LGTB kolektiboak egunerokoan bizi duen biolentziaren beste adibide bat da hau. Eraso homofobo orori aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu, eta horretarako, antolakuntzaren garrantzian berresten gara. Eraso homofobo orori aurre egin!".