2023ko udal eta foru hauteskundeak

Koldo Arzallus: "Orain arte ditugun zerbitzuak mantendu egin behar ditugu"

Julene Frantzesena 2023ko mai. 12a, 11:00

Errezilgo Udalean hainbat urtez zinegotzi izana da Koldo Arzallus (Errezil, 1961). EH Bilduk azken hiru agintaldietan egin duen lanari jarraipena emateko asmoa agertu du, baita proiektu berriak martxan jartzekoa ere.

Nolatan eman duzu bigarrenez alkategai aurkezteko pausoa? 

Taldea osatu behar zen, eta esperientzia dudanez eta urte askoan politikagintzan aritu naizenez… Udalaren funtzionamendua ere ezagutzen dut, eta jarraipena emateko asmoz aurkeztu naiz.

EH Bilduk egin duen lanari segida ematea duzu xede, beraz?

EH Bildu 2011n sartu zen Errezilgo Udalean, erakundea egoera txar-txarrean zen garaian. Udala zorpetuta zegoen, eta irtenbide onik ez genuen ikusten. Agintaldi haren osteko biak zorpetze horretatik ateratzeko saiakeran joan ziren, eta lortu genuen; uste baino lehenago atera ginen egoera hartatik, lan asko eginda. Zorpetzetik ateratzeko plangintza egin zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta 2023rako aurreikusi zen egoerari buelta ematea. Bi urte lehenago lortu zen, ordea, egoera hartatik ateratzea.

Xebero Agirretxe alkateak eman al dizu gomendiorik?

Elkarren inguruan ibili gara azken bi agintaldietan, eta ikusi dut zer-nolako lana egin duen herrian; mugimendu handia izan da, etengabe aritu da jendearekin lanean, kalean egon da... Dena den, hark dioenez, oraindik ere lan asko dago egiteko, eta horretan saiatu beharko dugu.

Azken agintaldian EH Bilduk udalean egin duen lanetik zer azpimarratuko zenuke?

Zor guztiari buelta eman izana, batez ere. Orain lasaiagoa da udalaren egoera, eta gauzak egiteko aukera handiagoa du. 

Errezilek zer erronka ditu datorren agintaldirako?

Herritar talde bat aritu gara programa osatzen, eta bost ardatz zehaztu ditugu: zaintza, energia, hirigintza, etxebizitza zein herri bizi eta bizigarria. Energiaren gaia nahi eta nahi ez ukitu behar da, eta etxebizitza aukerak aztertu beharko ditugu. Errezil bizi eta bizigarri izateko programa egokia osatu dugula uste dut.
Errezilen egindako kale inkestan, zerbitzuak mantentzea eskatu zuten herritarrek.

Horretan ahaleginduko al zarete?

Bai. Orain arte ditugun zerbitzuak mantendu egin behar ditugu, hobetu ere bai, eta beharrezkoa da zerbitzu berriak martxan jartzea ere. Horretan ere ahaleginduko gara, herritarrek aukera izan dezaten eta Errezil herri bizia izan dadin.

Zein dira zerbitzu berri horiek?

Herriko etxebizitzaren egoera da heldu behar zaion gaietako bat. Alokairurako etxebizitza gutxi daude Errezilen, eta horregatik, bitartekaritza zerbitzua eskaini nahi diegu alokairuarekiko interesa duten herritarrei. Bestalde, kontuan izan behar da eskola eta haurreskola martxan direla, baina horiek bultzatu egin behar dira. Akertxoko ere martxan da, eta motibatuta gaude gazteekin harreman zuzena izateko; izan ere, proiektua ona da eta jarraipena eman behar zaio.

Harrabotsa sortu du parke eolikoen balizko Piaspe proiektuak. Zer iritzi duzu gaiaz?

Denok dakigu nonbaitetik sortu behar dela energia, eta garbi daukagu berriztagarriak bultzatu behar direla. Oraindik ez da gaiaz lanketa handirik egin Errezilen, baina kontuan daukagu. Etxebizitzetan eguzki plakak jartzeko proiektua sustatzea da gure asmoa. Bestalde, parte eolikoaren proiektua zer-nolakoa den ikusi eta aztertu beharko dugu. Ikusi beharko dugu zein diren kalteak eta onurak.

Nolako hautes zerrenda osatu duzue?

Indartsua. Lehendik gabiltzan batzuk ez ezik, gazteak ere badira zerrendan, eta denak lanerako gogo handiz gaude.

Herritarrek zergatik bozkatu behar dute EH Bildu?

Azken hiru agintaldietan gertatu dena ikusita, uste dut merezi duela orain arteko politikarekin segitzeak. Egoera txarrean zen zorpetutako herri bat zen Errezil, eta egindako kudeaketa tarteko, ikusi besterik ez dago orain zer herri daukagun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide