Aisihezi proiektuari ekin diote Errezilen, aisialdiko eta gizarte zerbitzuetako beharrak lotzeko. Andrea Murua aisialdiko gizarte hezitzailea kontratatu du Errezilgo Udalak egitasmoa aurrera eramateko, Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkartearen bidez. Egitasmoa martxan jartzeko hainbat urrats egiten ari dira dagoeneko herriko eragileekin nahiz gaztetxoekin.
Herrian zeuden behar desberdinei irtenbidea emateko asmoarekin jarriko dute martxan Aisihezi proiektua. Hala azaldu du Elena Rikondo Saiazeko teknikariak: "Alde batetik, pandemiarekin batera, Errezilgo haurren eta gaztetxoen aisialdiko zerbitzuak bertan behera gelditu ziren. Bestetik, garai batean nerabeen esku lokal bat utzi zen, baina beraien erara funtzionatzeko modua oso zaila zenez, hura ere bertan behera gelditu zen. Beraz, hezkuntza ez formaletik kanpoko haurrei eta nerabeei zuzendutako zerbitzuak itxita zeuden. Bestalde, udalek Gizarte Zerbitzuen arlotik hainbat funtzio bete behar dituzte, eta horien barruan prebentzio programak egin behar izaten dituzte familiekin, baita esku hartzeak ere, kalean nahiz etxeetan".
Aurrez aipatutako gazteria eta gizarte zerbitzuak nolabait bateratu egingo dituzte Aisihezi programa berriarekin, Rikondok azaldu duenez. "Programa osatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta aholkularitza jaso ditugu, eta Hurbildu izeneko programaren bitartez formazioa jaso dugu gizarte langileok. Era horretan, zer behar dauzkagun aztertu, eta posible diren loturak egin ditugu aisialdiko eta gizarte zerbitzuetako beharrei erantzuteko. Izan ere, hezkuntza ez formala oso espazio garrantzitsua da prebentzio mailan".
Hurbiltze lana
Maiatzean kontratatu zuen Errezilgo Udalak aisialdiko gizarte hezitzailea, zerbitzua martxan jarri aurretik ingurua, herritarrak eta eragileak ezagutzeko, eta egitasmoari forma ematen joan ahal izateko. Bitarte honetan, zerbitzu berriaz arduratuko den hezitzailea beste herri batzuetako hezitzaileekin elkartu da, beste esperientzia batzuk ezagutzeko eta nola funtzionatzen duten jakiteko. Hilabeteotan egiten ari den lana "hurbilpenarena" da, Rikondok azaldu duenez. "Esaterako, herrian udalekuak egiten ari dira, eta hainbat ekintzatan parte hartzen du Andreak [Murua]. Era horretan, herriko haurrak ezagutzen ari da pixkanaka".
Ekainaren 30ean, esaterako, ekintza berezia egin zuten Tipi Tapan haurren parte hartzearekin. "Ostegunetan haurrek ez dute udalekurik izaten, eta eskolaren bitartez, LH3, 4, 5 eta 6 mailetako ikasleak Tipi Tapa ekintzan parte hartzera gonbidatu genituen. Haur talde polita etorri zen gurekin saioa egitera, eta Andrea hezitzaileak ere parte hartu zuen. Ekintza ondo atera zen, eta gaztetxoak oso gustura ibili ziren. Borondatez etorri ziren, nahi zutelako, eta oso ondo pasatu genuen elkarrekin", azaldu du Saiaz gizarte zerbitzuetako teknikariak.
Horrez gainera, hil honetan nerabeekin egun osoko ekintza bat antolatzeko asmoa dute. "Elkar ezagutzeaz gain, irailetik aurrera nola elkartuko diren-eta adosteko izango da ekintza hori", kontatu du Rikondok.
Irailetik aurrera abian
Zerbitzu berria azalduz, idatzi bat bidali du Errezilgo Udalak etxe guztietara. Irailean, berriz, gurasoekin bilduko dira aisialdiko zerbitzu berriaren inguruko azalpenak emateko. "Bilera horretan azalduko zaie gurasoei zerbitzua zein egunetan eta zer ordutegirekin egongo den zabalik. Akertxoko izango da bilgunea, baina barruan ez ezik, kalean ere egin nahi da lana. Guk gure asmoa azalduko diegu gurasoei, eta ikusiko dugu horrek herritarren beharrekin bat egiten duen. Nerabeekin noiz bilduko diren eta zein ekintza egingo dituzten hezitzaileak adostuko du erabiltzaileekin. Nerabeen kasuan, haiek komunitatearekin lan egitea ere nahi da, herrian antolatzen diren ekitaldi berezietan era batera edota bestera parte hartuz".
Rikondok adierazi duenez, Errezilgo gaztetxoak gauzak egiteko gogoz ikusten dituzte: "Errezilen zortea daukate oso ondo funtzionatzen duen eskola daukatelako, eta eskolaz kanpo musika eta ingeles eskaintzak dituztelako. Aisialdirako elkargunea izatea ere interesgarria da, bai haurrentzat, baita gurasoentzako ere; azkenean, herriko bizitza garrantzitsua delako guztientzako".
Oraingoz, Errezilen
Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitatea Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur udalerriek osatzen dute. Aisihezi egitasmoa, ordea, Errezilen bakarrik garatuko dute. "Haur eta gazteria arloan herri bakoitzak dinamika eta erritmo oso desberdinak dauzka, eta argi ikusten zen ezin zela udalerri guztietarako proiektu bakar bat egin. Pandemia ondoren, Errezilen haurrei eta nerabeei zerbitzua eskaintzeko behar handia ikusi da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dugu horri heltzeko. Errezilen hasiko gara, ikusiko dugu zer emaitza izaten dituen, eta ondoren aztertuko dugu beste herrietara nola zabal daitekeen; beti ere, herri bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta".