Historian zehar leku garrantzitsua izan da Errezil eta Aia udalerrien artean kokatuta dagoen Iturriotz. Egun dozenaka mendizaleren topagune zein bidegurutze dena, leku esanguratsua izan da beti ikerlarien arabera, eta horren erakusle da Aranzadi zientzia elkarteko kideek 2018ko uztailean han aurkitu zutela orain dela 3.000 urte inguruko brontzezko aizkora. Metal detektagailu baten laguntzaz egin zuten aurkikuntza, Iturriotzeko bentatik oso gertu, Errezilgo lurretan. Gainera, ezustean egin zuten topo aizkorarekin inguru horretan zebiltzan Aranzadiko ikerlariek, une hartan, historiaurreko ikerketak ez, baina 36ko gerrarekin zerikusi zuzena duen Saseta Defentsa Sistemaren gaineko ikerketa proiektuarekin buru-belarri ari baitziren lanean.
Karlos Almorza (Andoain, Gipuzkoa, 1959) da aurkikuntza horren unean presente zegoen ikerlarietako bat, Joxe Luis Iraolarekin eta Jexux Bidaolarekin batera hura ari baitzen Hernio inguruko eremu horretan prospekzio arkeologikoak egiten: "Hernioren iparraldean ibili gara orain arte, eta hegoaldeko zatia ikertzea falta zaigu". Aizkora aurkitzean "izugarrizko poza" sentitu zutela dio Almorzak, eta lehen unetik ohartu zirela tresna horren garrantziaz: "Halakoetan beti jabetzen zara gauza berezia izan daitekeela. Aranzadi zientzia elkarteko Angel Armendarizen esku utzi genuen aizkora, eta berak esan zigun duela 3.000 urtekoa zela".
Kantabriako Unibertsitateko irakasle titular erretiratua da Armendariz, eta hark aizkoraren inguruan aditzera eman duenez, Brontze Aroaren amaierako eta Burdin Aroaren hasierako tresna da, jatorriz mediterraneoa eta K.a. X. eta VIII. mendeen artean datatutakoa. Haren arabera, brontzezko aizkora mota hori Iberiar penintsula osoan dago banatuta, eta guztira ehun ale inguru daude; dena den, kantauriar eskualdean halakoak aurkitzea arraroa da. Gipuzkoan, adibidez, beste ale bat bakarrik aurkitu izan dute orain arte, Aralarreko mendilerroan.
Gudalekua ere bai
Duela hamar urte inguru hasi zen Almorza Aranzadi elkartearekin Saseta Defentsa Sistemaren inguruko ikerketak egiten, Hernio inguruan lubakiak aurkitu baitzituzten. Horiek Azpeitiko Komandantziarenak zirela jabetu ziren Almorza eta Pello Aranburu andoaindarra, eta, ordutik, urteak daramatzate eremu horretan lanean. Kandido Saseta komandantea izan zen Andatzako mendilerroan bere izena daraman sistema eratu zuena, frankistei aurre egiteko.
Saseta "oso buru argia" zela dio Almorzak: "Saseta ohartu zen frankistei ezin zietela aurre egin kalean, eta mendira jo zuten orduan. Pareta moduko bat egiten hasi zen Herniotik Belkoainera bitartean". Autobusez joaten ziren Azpeitiko Komandantziako gudariak Andazarrateko fronteetara, bertan astebeteko txandak egin zitzaten. Bestalde, 36ko gerran Txorierri eskualdearen eta Galdakaoren artean eratutako Bilboko Burdin Hesia, Saseta Defentsa Sistemaren "erreplika" izan daitekeela dio Aranzadikoak.
Defentsa sistema horrek izan zuen garrantziaz galdetuta, Almorzak dio "hainbat lorpen" erdietsi ahal izan zirela horren bitartez: "Manuel Irujok adierazi zuen Eusko Jaurlaritza sortu ahal izan zela sistema horri esker; izan ere, hura gabe, frankistak zuzenean sartuko ziren itsaso alderaino, eta Donostia hilabete lehenago hartuko zuten". Nazionalisten lehen hildako gudariak ere inguru horretan izan zirela dio Almorzak; Espainiako gerra uztailaren 17 eta 18 artean hasi zuen Espainiako armadaren zati batek Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernuaren aurka, eta abuztuaren 16an hil zen Mikel Alberdi lehen euskogudaria, Albizturren.
Kanpai hotsak Errezilen
"Momentu honetan, 14:15, kanpai hotsa dago Errezilen, herrian sartu berri diren aurkariek jotakoak". Halaxe dio 1936ko irailaren 19an Sasetak idatzitako testu batek. "Hamabost gizonekin nago Hernion, eta ahal dugun bitartean defendatzen jarraituko dugu. Bidali errefortzuak Iturriotzetik eta Zelatunetik, baita edateko zerbait ere, jendea hotzak hartuta baitago jan gabe eta lorik egin gabe", jarraitzen du.
Sasetaren idatzi horien ondorioz badakite Errezilen noiz sartu ziren frankistak, eta Sasetak Bizkaia aldera Azpeitiko Komandantzia erretiratzeko agindua noiz eman zuen ere bai. Halako dokumentu bat aurkitzea "oso arraroa" dela nabarmendu du Almorzak: "Berak eskuz idatzitako dokumentu bat topatzea oso garrantzitsua da, eta erakusten du Sasetak modu ordenatu batean alde egin nahi zuela frankistak Errezilera sartu zirenean, gudariak Hernio puntan zeuden bitartean2.
Historiaurreko aizkorek nahiz 36ko gerrako defentsa sistemak erakusten dute era batean edo bestean antzinatik egon dela joan-etorria Iturriotz inguruan, eta Almorzak dio oraindik ere eremu horretan ikertzen jarraitzeko asmoa dutela, historia kontatzeko aztarna garrantzitsuen atzetik.