EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoa

Nekane Zinkunegi: "Ezinbestekoa da EH Bilduk herriz herri duen sarea zabaltzea"

Anartz Izagirre 2021ko eka. 3a, 11:51

EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politiko izendatu dute Nekane Zinkunegi (Errezil, 1990). Martxan da jada errezildarra,

eta postu berria "ilusioz eta arduraz" hartu duela azaldu du.

EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoa zara. Nola hartu duzu erronka?

2019an hasi nintzen lanean EH Bildun, baina 2011tik izan dut lotura koalizioarekin; hau da, Bilduren sorreratik. Horrez gain, 2015-2019 agintaldian zinegotzia ere izan nintzen Errezilgo Udalean. Tarte horretan, EH Bilduren 2017ko kongresuan izan nintzen, eta ordutik koalizioa egonkortzen ikusi dut; iruditzen zait saretze eta kohesionatze lan indartsua egin dela, eta datozen urteetarako erronkak kontuan izanda, garai interesgarrietan eta erabakigarrietan gaude. Ilusioarekin hartu dut erronka, iruditzen baitzait ardura honek aukera ematen didala une batzueen lekuko eta eragile izateko. Era berean, ardura handiz hartu dut postua; izan ere, une honetan presentzia instituzional handia du EH Bilduk Gipuzkoan, eta lurraldeko alkatetzen erdiak koalizioaren esku daude. Zuhurtziaz jokatu behar dugu.

Arduradun politiko izan aurretik, EH Bilduren komunikazio arloan aritu zara lanean. Aldaketa handia izan al da?

Bai. 2020ko irailean hasi nintzen komunikazio arloan lanean, eta beste ikuspegi bat hartu nuen. Arduradun politiko izatea beste kontu bat da; Gipuzkoa osotasunetik irudikatu behar da, baina aldi berean, herri bakoitzeko berezitasunak zeintzuk diren jakin behar da, eta herri bakoitzaren izaera errespetatu. Jauzi handia da, baina arduradun politiko postuaren atzean talde oso bat dago. Alde horretatik, babestuta sentitzen naiz.

Nola gogoratzen duzu Errezilgo Udalean zinegotzi izan zineneko garaia?

2015-2019 agintaldiko oso oroitzapen onak ditut. 2011n Bildu Errezilgo Udalera iritsi zenean topatutako egoera oso gogorra izan zen; udala guztiz zorpetuta zegoen, eta ondorioz, garai hartan Bilduk gobernatutako Foru Aldundiak plan ekonomiko bat ezarri zion udalari. Halere, 2015-2019 agintaldian esan ahal izan genuen zorrari buelta emateko fasean sartu ginela, eta udalak inbertsioetarako beste gaitasun eta askatasun batzuk eskuratu zituen. Era berean, garai hartan udalera sartu ginenetariko asko dagoeneko festa batzordean, guraso elkartean eta beste saltsa batzuetan mugitzen ginen. Beraz, oso naturala izan zen herri mugimendua eta jarduera soziala udalera helaraztea.

Herri txiki batean politika egitetik lurraldeko arduradun izatera igarota, asko aldatu al da zure begirada?

Bai. Udalera ideia oso konkretuarekin joaten zara, eta Errezilgoa udal txiki bat denez eta teknikari gutxi daudenez, horiek egin ohi dituzten lan asko zure esku gelditzen dira. Erronka eta pisu aldetik beste tamaina bateko gauzak izaten dira, eta beste tamaina bateko udalen berri izanda, zure ikuspegia asko zabaltzen da; konturatzen zara eskualde desberdin batekoa izan arren, badirela leku guztietan errepikatzen diren errealitateak.

Gipuzkoako zuzendaritza taldearen proposamena aurkeztu duzue orain. Zeintzuk izango dira lantaldearen erronkak?

Aste honetan berretsiko da zuzendaritza taldea, hautagaitza bakarra aurkeztu baita. 2023. urtean hauteskunde ziklo berri bat hasiko dugu; udal eta foru hauteskundeak izango dira, Espainiako Kongresukoak ondoren… Gipuzkoaren kasuan, azken hauteskunde aldietan goranzko joera mantendu dugu; hainbat alkatetza berretsi genituen 2019an, eta alkatetza lortu ez arren bigarren indarra izan garen beste udal askotan, mantendu egin gara. Erronka kuantitatiboak zehaztu ditugu, eta besteak beste, nahiko genuke lehen indarra izan garen lekuetan alkatetza berreskuratzea eta gaur egun akordio bidez ditugun alkatetzetan ordezkaritza areagotzea. Erronka horiek lortzeko ezinbestekoa da EH Bilduk herriz herri duen sare hori zabaltzea eta ahalik eta egituratuen edukitzea. Kongresu bakoitzak markatzen duen lau urteko epealdi bat dago, eta EH Bilduk bere buruari jarritako erronketan kokatzen da hori guztia eta gobernu bokaziora, estatu bokaziora eta justizia sozialera bidean ahalik eta gehien aurreratzea. Eta gero, nola ez, gure proiektu politikoaren barruan dago burujabetza, eta luzera begirako perspektiban ahalik eta urrats gehiena ematea komeni da euskal errepublika lortzeko.

Lurraldeetako arduradun politikoetatik gazteena zara zu.

Alde horretatik, iruditzen zait ibilbide baten beharra dudala; esperientzia pilatu behar dut, eta zortekoa sentitzen naiz zuzendaritzako jendearekin foro horiek partekatzeko aukera dudalako. Bestalde, iruditzen zait gaztetasunetik gauzak ikusteko beste modu bat eskaini dezakedala, eta horrek bertigoa, eta aldi berean, motibazioa ematen dizkit. Orain da garaia gazte baten ikuspuntutik kezka eragiten digunari ekarpena egiteko.

Zuen leloak dioen bezala, hamar urte baino ez dira pasatu EH Bildu koalizioa sortu zenetik. Zein izan da azken hamarkada honetan izan duen bilakaera?

Hamar urte asko dira pertsona baten bizitzan, baina herri baten historian ez dute asko esan nahi. EH Bilduk, ordea, azken hamar urteetan sekulako bilakaera izan du. 2011n, koalizioa osatzean, eskaintza berria egin zitzaion herri honetako sektore abertzale eta aurrerakoiari, ordura arte hegemonikoak ziren indarrekin buruz buru lehiatzeko. Indar moduan asko egonkortu gara, eta akaso, gure gainean genituen zenbait aurreiritziri aurre egin diegu; erakutsi dugu herritarren bizitzan onurak ekar ditzakegula. Sektore askotako jendeak osatzen du EH Bildu, eta izaera militantea dugu gure baitan; horrek eramaten gaitu une oro hankak lurrean izatera.

Gipuzkoan bigarren indarra zarete. Zein dira zuen aurreikuspenak datozen hauteskundeetara begira?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren soziometroen emaitzak atera dira. Datorren legealdian Eusko Legebiltzarrean 22 eserleku izango genituzkeela diote, egun ditugunak baino bat gehiago, eta Gipuzkoan ere bi batzarkide gehiago izango genituzke: hemeretzi. Inkestetatik haratago, aurreikuspenak onak direla iruditzen zait, eta ez da joera sozial bat bakarrik. Izan ere, gure alkatetzetatik erakusten dugun gobernantza ereduak eragin du jendeak gurekiko duen fidagarritasuna eta leialtasuna. Ez dugu gobernu lehia baterako beldurrik.

Eta politika instituzionaletik kanpo, nola ikusten duzue herri mugimendua?

Euskal Herria mugimendu aldetik sekulako zabaltasuna eta aniztasuna duen lekua da, eta Gipuzkoan bertan ere herrigintzarako, elkartegintzarako eta saretzeko iniziatiba eta joera dago. Faktore indartsua da herri mugimendua, eta eragina du politika instituzionalean ere. Hori guretzat bermea da, hankak lurrean izatera eramaten gaituelako, eta aldi berean, gu ere herri mugimenduaren aldarrikapenak instituzioetara eramateko bermea gara. EH Bilduk ordezkaritza instituzionala izateaz gain, dinamika sozialean eragiteko subjektua ere izan behar du. Pixkanaka, herri batzuetan presentzia gehiagorekin eta besteetan gutxiagorekin, baina pausoak ematen ari gara. Presentzia hori zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta indar handiagoko oinarri sendoa izango dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide