Bila ari ziren hegazkinaren zatiak eta pertsona baten gorpuzkia aurkitu dituzte Hernio mendiaren magalean

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 9a, 15:23

Hegazkinaren zati bat, Herniotik gertu. (SOS Deiak) Larrialdi zerbitzuek Hernio mendiaren magalean aurkitu dituzte arrastoa galduta zegoen hegazkinaren zati nagusiak eta haren barruan zihoan pertsonetako baten gorpuzkia. Ertzaintzaren arabera, 15:30 aldean aurkitu dituzte hegazkin arinaren zatiak, eta orduztik bilaketa lanetan ari dira; izan ere, SOS Deiakek jakinarazi duenez, bi izan daitezke hegazkinean zihoazen pertsonak. Ertzaintzaren arabera, hegazkinaren zatiak erabat kiskalita eta txikituta aurkitu dituzte oinez bila ari ziren erreskate taldeko kideek. Helikopteroz ere aritu dira bilaketa lanetan, baina behe-lainoa tarteko, ezin izan dute bilaketa behar bezala egin. 13:24 aldean galdu dute hegazkinaren arrastoa Hondarribiako aireportuan, eta orduan jaso dute larrialdi zerbitzuen abisua. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, hegazkina erori izanaren bi zantzu zituzten larrialdi zerbitzuek: batetik, Hondarribiako (Gipuzkoa) aireportuan hegazkinaren seinalea galdu dute; bestetik, berriz, baserritar batek larrialdietara deitu du hegazkin baten motorra gelditu egin dela sumatu duelako. Hegazkina partikularra da, eta Ertzaintzak uste du bi lagun zihoazela bertan. Aenaren arabera, Cascaisen (Lisboatik gertu) aireratu da hegazkin arina 11:50ean, eta Hondarribiara bidean zihoan.

Zelatungo borda, irekita

Goiz ilundu arren, duela gutxira arte lanean jarraitzen zuten erreskate taldekoek Hernion. Horrela baieztatu dio Uztarriari Maria Jesus Etxeberria urrestildarrak, Zelatungo Antonioren bordako arduradunak. Negu partean asteburuetan bakarrik igotzen dira Etxeberria-eta bordara, baina gaur arratsaldean ere igo dira bertara, istripuaren berri izan ondoren, lanean ari direnei zerbitzua eskaintzera. "Sua piztu, eta salda eta kafea prestatu ditugu. Ez dakigu noiz arte jarraituko duten lanean, baina hogei bat lagunentzako afaria prestatzeko eskatu digute", esan du Etxeberriak. Mendian bilaketa lanetan ari direnen artean daude, era berean, Azpeitiko parkeko suhiltzaileak ere. Hemen Hernioko tontorretik gertu topatu dituzten hegazkinaren zatien irudiak (UVR Ertzaintza): Honako lotura honetan ikus daiteke Erlo Telebistak Zelatunen hartutako irudiekin osatu duen bideoa.

Erlon, 1969an

Gaurkoa ez da inguruko mendietan gertatutako aurreneko hegazkin istripua. Azpeitian ere, Erlon, erori zen abioi txiki bat 1969an. Orduko hartan ere bi lagun zihoazten hegazkinean, baina biak bizirik atera ziren istriputik. Erregairik gabe geratu zen, nonbait, hegazkina, eta horren eraginez erori zen. Enekoitz Esnaolak idatzi eta Uztarriak argitaratutako Joxe Urbieta Takoloren biografiaren pasarte honetan jasota dago duela 50 urteko istripu hura: "Joxek-eta gero eta material hobea behar zuten hobeto eskalatzeko. Joxek berak tailerrean bertan egiten zituen hiltzeak –dagoeneko Layaten hasia zen, gero Egigurenera pasatu zenean ere jardun zuen, baita Danonan ere–. Zerrarekin eta esmerilarekin prestatzen zituen, beretzat ez ezik, lagunentzat ere bai. Hala ere, 1969ko egun baten ez zuen lantokitik kanpo material ona lortzeko aukera alferrikaldu; hain zuzen, Erlo mendian hegazkin pribatu txiki bat erori zeneko aukera. Hegazkin hura erregairik gabe geratu eta Erloko zulo batera erori zen; bertan zihoazen andre-gizonak, ordea, ez ziren hil. Azpeitiko eta Azkoitiko jendeak segituan izan zuen gertaeraren berri, eta asko igo ziren Erlora kuriositateak jota. Haien artean mendizale askotxo, aukera ikusi zutelako mendirako materiala lortzeko. Hala, azkoitiar batzuk istripuaren hurrengo egunean goraino gurdiarekin igo eta hegazkin txikiaren motorea harrapatu zuten. Hegazkinak aluminioko txapa zuen, eta Joxe Takolo errespetuko mutila zen, baina hark ere sartu zion eskua hegazkinari, eta motozerrarekin txapa ebaki, herrira jaitsi eta estriboak egin zituen gero".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide