Ohikoa da udazkenean zuhaitzak gorritzea, baina aurten udan iritsi da kolore hori euskal basoetara, eta berez gorritzen ez diren zuhaitzek ekarri dute, gainera. Erantzulea
Lecanosticta acicola onddoa da, pinuak gaixotu baititu. Kalte egiten die azikulei pinuaren hostoei; erori egiten dira, eta pinua hil ere egin daiteke.
Intsinis (
Pinus radiata) pinu gazteetan du eraginik handiena gaitzak, hezetasun handiagoa edukitzen baitute. 1944tik ezaguna bada ere, badirudi aurten aurreko urteetan baino gogorrago jo duela, batez ere Gipuzkoan, baina baita Bizkaian ere. Eguraldia da hedapenaren arrazoi nagusia. Izan ere, hezetasuna eta tenperatura epelak behar ditu. Beste berezitasun bat ere egon da aurten; izan ere, onddoaren ondorioak normalean uda amaieran antzematen badira ere, aurten maiatzean ere agertu ziren arrastoak.
Onddoak ez du eragin handirik izango lehengo aldiz azaldu den zuhaitzetan, baina hil egiten dira lau edo bost urtez jarraian egiten badie eraso.
Horrekin kezkatuta daude pinudien jabeak. «Oso larri daude», dio Javier Villarrek, Gipuzkoako ENBA Euskal Nekazarien Batasuna elkarteko kideak eta pinudi jabeak. «Gaitza aurreko urteetan baino kalte handiagoa ari da egiten. Erremediorik jarri ezean, ugarituz joango da, pinuz pinu kutsatzen baita». Fernando Opakua Gipuzkoako basogintza elkarteako zuzendari teknikoak zehaztu du kaltetuenak Azpeitia eta Errezil ingurua nahiz Mendaro direla. Zenbakiei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak dio onddoak intsinis eta Pinus negra pinudien %36ri eragin diela. Villarrek kopuru handiagoak aipatu ditu: «Intsinisen %100 ez bada, ehuneko handi bat kaltetu da».
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Berria.eus webgunean.