Jazarpena saihesteko, tratu onak mahai gainera

Julene Frantzesena 2017ko urt. 27a, 12:27

Errezilgo Udalak, Saiaz Mankomunitateak eta San Martin ikastetxeak ‘Begirunezko Elkarbizitza’ proiektua abiatu dute, jazarpen kasuei aurre egiteko. Tratu onetan oinarritutako hainbat saio egingo dituzte.

Errezilgo eskolako haurrek kros parekidea egin zuten azaroan. (Manex Beristain) Haurren eta nerabeen arteko jazarpen kasuek sortutako kezka tarteko, Begirunezko Elkarbizitza proiektua jarri dute martxan Errezilen. San Martin Ikastetxeak, Errezilgo Udalak eta Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu dute egitasmoa, udalak martxan duen lehen Berdintasun Planaren barruan. Gizartean pil-pilean dagoen gaia da jazarpena, eta errezildarrek gaiari erroetatik eustea erabaki dute. Herenegun egin zuten lehen saioa, eta, aurrerantzean, ekainera bitartean, hilean behin elkarbizitza landuko dute gurasoek, hezitzaileek, irakasleek eta ikasleek, saio desberdinetan, Nerea Mendizabalek gidatuta. Elena Rikondo Saiaz Mankomunitateko gizarte langilea da, eta hark dio, batez ere, "tratu onen inguruko lanketa" egingo dutela saioetan: "Hezkidetzarekin lotura du proiektuak, eta begirunea eta halako baloreak landuko ditugu". Izan ere, Rikondok azaldu du haur batzuen jarrerek eragindako kezkak izan direla proiektua martxan jartzeko arrazoi nagusia. "Guraso Elkarteak-eta jo zuten udalera gaia lantzen hastea eskatzera. Horregatik, nahi duguna da elkarlaneko proiektu bat izatea, eta irakasleez eta hezitzaileez gain, gurasoak ere inplikatzea, horietako bakoitzak ere asko egin dezakeelako". Jazarpenaren gaiari heltzea garrantzitsua dela uste du Rikondok. "Helburua ez da ikasleak Errezilgo eskolan egin beharreko urteak eginda, Azpeitira joan, eta guk ikasleak gainetik kentzea. Uste dugu orain ikusten ditugun jarrera batzuk aurrera begira jarrera arriskutsuak izan daitezkeela, eta horiei garaiz heldu behar zaie". Rikondok jakinarazi du ikastetxean ez ezik, etxean ere landu behar dela elkarbizitza. "Guraso elkarteak garrantzitsutzat jo zuen gaia eskolaz kanpo ere lantzea. Eskolan ere landu behar dute irakasleek umeekin, baina etxean ere kontzientzia hartzea garrantzitsua da". Eta Rikondok uste du halako gaiak lantzerako orduan herri txikiek "abantailak" dituztela. "Horrelako komunitate txiki batean dena ikusten da, denak elkarrekin daude egunero, eta errazagoa da neurriak hartzea". "Oso gauza txikietatik elur bola handiak" egiten direla dio Rikondok, eta, horregatik, uste du garrantzitsua dela gaiari garaiz heltzea. "Garai batean ere baziren jazarpen kasuak, arazoak, baina orain, erabilera txarra ematen bazaio, kalte egin dezaken beste erreminta bat ere bada: sare sozialak. Ziberbullying-ak segundo batean izorra dezake pertsona baten bizitza, eta segundo batean utzitako arrasto digitala borratzea zaila da". Errezilez gain, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen dute Beizamak, Bidaniak, Goiatzek eta Albizturrek. Beizaman "beste erritmo batean" badoaz ere, berditasunaren gaiari eustea aurreikusten dutela adierazi du Rikondok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide