(E. Albizu Lizaso)
Trikitilaria beti izaten omen da trikitilari; urtea joan, urtea etorri. Pandero eta soinuarekin agertu dira HITZArekin zuten hitzordura Iñaki Garmendia
Laja (Azkoitia, 1944) eta Ramon Zubizarreta
Landakanda (Azkoitia, 1932).
Nola egin zineten trikitilari?
Iñaki Garmendia Laja: Gure aita zenak soinua jotzen zuen. Andregaia mendiaren beste aldekoa zuen; eta hark behiak ateratzen zituenean, gure aita soinua jotzen hasten zen. Haize handia zenean, ondo iristen omen ziren doinuak beste aldera. Aitaren afizio hura ikusita hasi nintzen ni ere, eta Elgeta eta Sakabi bezalako maisuak izan nituen.
Ramon Zubizarreta Landakanda: Aita zena Martirietako (Azkoitia) baserri batekoa nuen. Gure etxean hamar senide ginen, eta neu bakarrik hasi nintzen panderoa jotzen, mutil koskorra nintzela.
Bikote gisa, nola hasi zineten?
I.G.L.: Landakanda entzuten nuen batekin eta bestearekin jotzen eta abesten, eta gustatu egin zitzaidan. Amua bota nion, eta hortik hasi ginen biok.
R.Z.L.: Lana zela eta etxeko kontuak zirela, hamasei urte pasatu nituen panderoa jo gabe. Omenaldi baterako hasi nintzen berriro jotzen, eta ordutik aurrera abiada hartu nuen: Maltzetarekin, Tapiarekin, Zendoiarekin, Sakabirekin, Epelderekin... Gero, Lajarekin juntatu nintzen, eta lehen diskoa atera genuen.
Zenbat urte igaro dira lehen disko hartatik?
(E. Albizu Lizaso)
R.Z.L.: 39 urte. 45 urte egin nituen egunean atera genuen.
Ordutik aurrera, zenbat disko kaleratu dituzue?
R.Z.L.: Bion artean, lau. Gero, Lajak egin ditu beste batzuk beste pandero-jole batzuekin.
Gaur egun, erromerietan-eta jotzen jarraitzen duzue?
R.Z.L.: Nik dagoeneko ez dut zapaltzen plaza asko. Urtean pare bat afaritan jotzeko ohitura daukat, baina bestela utzita nago. Lajak jarraitzen du; batekin ez bada, bestearekin.
Nola aldatu da trikitia azken urteetan?
R.Z.L.: Gu gazteak ginenean, auzo guztietan, igandero-igandero egiten ziren erromeriak. Orain, festetan bakarrik egiten da. Andatza (Aia) auzoko Aristerrazu egongo da usadio hori mantentzen duena, baina gainontzean galdu da hori.
I.G.L.: Garai batean, Elosiagan (Azpeitia), Urrategin (Azkoitia), Urdanetan (Aia)... eskualdean asko egiten ziren. Urdanetan, esate baterako, txapela pasatzen zuten, eta soinujoleari ordaintzeko adina diru ateratzeaz gain, afaria ere horrekin egiten zen.
R.Z.L.: Aizpurutxon (Azkoitia), Elosuan, Zelatunen (Errezil) eta Martirietan, txartela jartzen zitzaien mutil dantzariei, eta bi pezeta ordaintzen zituzten. Horrekin pagatzen ziren trikitilariak. Emakumeek libre izaten zuten.
I.G.L.: Dantzalekuak irekitzen hasi ziren gero, eta erromerien ohitura galtzen joan zen. Gogoratzen dut Juan Pardo ekarri zutela inguruotara, eta guk Elosiagan (Azpeitia) jotzen genuela. Ez zen kristaurik etorri gugana, denak hura ikustera joan ziren. "Akabo, hemen bukatuko dituk gure lanak!", pentsatu nuen.
Gaur egun, agian, beste modu batera irauten du, ezta?
R.Z.L.: Bai, jarraitzen du, eta inoiz baino jende gehiago ari da orain ikasten. Lehen baserri ingurukoa zen trikitia, eta kalera iritsi da orain. Kaletar asko ari dira soinua eta panderoa ikasten, eta asteburuetan ere animazioa jartzen dute.
Zuen garaian, erromeriaz erromeria, askotan etxera sartu ere ez zineten egingo.
I.G.L.: Bagenituen leku batzuk lo egiteko. Urdanetara joaten nintzenean, adibidez, bertan pasatzen nuen gaua; eta gero, askotan, handik Altzolara (Aia) joaten nintzen. Gaztetan, egun asko egiten genituen etxetik kanpo. Askotan, kuadrilla bueltatzen ginen Azkoitira; baserriko lanak egin, eta berriro ere erromerira.
R.Z.L.: Hasieran gehiago, baina behin autoarekin ibiltzen hasi ginenean, etxera joaten ginen.
Zuen garai onenetan, zenbat erromeriatan izaten zineten?
I.G.L.: Garaiak izaten ziren. Udan asko jotzen genuen; negu inguruan, berriz, gutxiago.
R.Z.L.: Maiatzetik aurrera hasten zen saltsa: ezkontzak, festak... Abuztuan, esate baterako, 25 egunetan jotzen genuen, gutxi gorabehera.
Bailara hau trikitiaren sehaska dela esan izan dute askok.
I.G.L.: Esaten dutenez, Martirieta aldean ez zen panderorik gabeko etxerik. Epelarre, Zabale, Izer... pila bat egon dira hemen.
Azken urteetan inguruotako trikitilari batzuk hil dira. Etorkizuna nola
(E. Albizu Lizaso)
ikusten duzue?
R.Z.L.: Trikitilari asko dago orain, ez dago kuidorik. Hori bai, dantzariak faltako dira.
I.G.L.: Jendeak festetan egiten du dantza, baina igandeetako saio horiek bukatu dira dagoeneko: kultura hori falta da.
Laja, irakasle lanetan ibiltzen zara zu. Zenbat jende pasatu ote da zure eskuetatik...
I.G.L.: Urteak dira hasi nintzenetik, eta gaur gaurkoz jarraitzen dut irakasten. Orain erromerietan dabiltzan asko ere hemen ibilitakoak dira; esate baterako, Izer eta Agurtzane Elustondo. Gaur egun, irakasle asko daude kalean ere, eta erosotasun handiak eskaintzen dituzte. Dena den, oraindik baditut inguruko eta kanpoko ikasleak.
Aldatu al da irakasteko era?
I.G.L.: Batzuek zenbakiekin irakasten dute, eta besteek solfeoarekin. Nik beti aurrez aurre eman izan ditut eskolak: pieza bat grabatzen diet, eta etxera joandakoan mantso-mantso ikusten dute bideoa. Ondoren, ordubete egiten dute nirekin; eta azkarrak badira, berehalaxe ikasten dute. Hori bai, etxean lan handia egin behar da, eta belarri ona behar du izan. Aurrez aurre ikasteak ona duena da beste zentzu bat ematen diozula musikari, bertsotan bezala: ez da gauza bera bertsoa paperetik irakurtzea edo buruz abestea.
Azkoitian izan diren trikitilari guztien omenez botako duzue txupinazoa abuztuaren 14an. Zer sentitzen duzue?
I.G.L.: Ez genuen espero, eta pozik hartu dugu.
R.Z.L.: Esan digutenez, udaletxeko ateak irekita egongo dira joan nahi duten trikitilari guztientzat, eta guretzat ere gauza polita da hori.