Errezilgo Udalak lortu du aldundiaren bideragarritasun planetik irtetea

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko abu. 4a, 10:23

Joan den agintaldiko eta gaur eguneko udal ordezkariak. (E. Albizu Lizaso) Errezilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko bideragarritasun planetik irtetea lortu du, 2011tik zuen zorrari buelta emanda. Plan horretatik irteteko baldintza zen udalaren zor bizia, hau da, bankuekin duten zorra,  %60tik jaistea; eta %128,2tik %48ra murriztea lortu dute, bost urtean. Aurreikusitakoa baino lehen lortu du erakundeak zorra kitatzea; izan ere, 2022a artekoa zen 2012ko abenduan zehaztu zuten plana. 2011ko ekainean, Bildu koalizioko Maria Jesus Salsamendi eta bere taldea udalean sartu zirenean, uste baino zor handiagoa aurkitu zuten: 850.852 eurokoa. Salsamendiren arabera, "sorpresa handia" hartu zuten udalera iristean: "Batik bat, 2008a eta 2011 bitartean, udalak zuen ahalmena baino gehiago gastatu zuela ikusi genuen". Gainera, aurrekontuak ere onartu gabe zituzten artean. Bazekiten "diru falta" zegoela, baina ez zuten "espero" zifra horietara iritsiko zenik. Agintera iristean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren harremanetan, eta aholkularitza eskaini zieten haiek. Beraz, 2011tik aurrera, Ogasun eta Finantza departamentutik kontrolatu dituzte udaleko diru sarrera eta irteera guztiak. Xebero Agirretxe alkateak azaldu duenez, neurri horien eraginez, eskuak "oso lotuta" izan dituzte bost urte hauetan. Dena den, eskertzen dute aldundiaren laguntza, "zalantza guztiak ebazten" lagundu dielako. Hemendik aurrera, ez dira egongo diputazioaren mende, baina Agirretxek nabarmendu du "zuhurtzia osoz" jarraituko dutela lanean, oraindik badelako zer egina: "Azken urteetan jasotako eskaerei erantzuten eta obrak egiten hasiak gara, lehentasunen arabera".

Zorra ordaintzeko lanean

Azken urteetako jardunean, zorra ordaintzeko egin dute lana, batik bat, udalean. "Kontuan hartu behar da zorraz gain, interesak ordaindu behar zirela, eta diru asko da hori", azaldu du Agirretxek. Aurrekontuak "milimetrikoki" neurtuta onartu dituzte urtez urte, alkatearen hitzetan. Gainera, ezin izan dute inbertsiorik egin gerakinetako diruarekin: "Urtean urteko gerakinen %2 soilik erabil genezakeen, aldundiarekin genuen akordioaren arabera. Behartuta geuden beste %98 zorra ordaintzera bideratzera". "Urte gogorrak" izan direla azaldu dute Salsamendik eta Agirretxek. Salsamendi agintera iritsi eta gutxira, uholdeak egon zirela oroitzen du, eta udalak ez zuen kalteak ordaintzeko dirurik: "Mailegua eskatu, eta hori ere ordaintzen ibili gara". Bestalde, murrizketak egin behar izan dituzte: idazkariaren jarduna astean bost egunetik hirura jaitsi zuten, Akertxokoko dinamizatzaile postua kendu zuten eta alkatearen soldata ere lehengoaren laurdenera jaitsi zuten. Udal ordezkarien arabera, egoera "frustrantea" izan da azken urteetakoa: "Guk sortu ez dugun zorrari aurre egin behar izan diogu, eta herritarrei azalpenak ematea ere guri egokitu zaigu". Halere, zorrak izan duen garapenarekin eta eginiko lanarekin gustura daudela esan du Agirretxek: "Talde polita izan dugu udalean, eta guztiok jarri dugu gure aldetik. Idazkariak ere konpromiso handia erakutsi du". Herritarrei eskertza Herritarrak erdigunean jarri dituzte udal ordezkariek. Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie errezildar guztiei, udalaren egoera «ulertu» dutelako eta "asko lagundu" dutelako: "Zorra guztiona dela ikusi dute herritarrek, eta halaxe lagundu dute. Badakigu behar asko gelditu direla asetu gabe; eta, lehentasunei erreparatuta, horiek guztiak ebazten saiatuko gara orain". "Auzolana" udalaren garapen onaren oinarria dela esan dute Agirretxe zein Salsamendik. Baserri bideen txukuntzea jarri dute adibide gisa: "Aurrekontu parte-hartzaileetan lortutako laguntzari esker, materiala lortu genuen, eta auzoetako jendeak egin zuen lana. Hori bereziki eskertzekoa da". Festetan ere "asko aurreztu" dutela nabarmendu dute: "Esate baterako, kanpoko kirolariak ekarri beharrean, bertakoekin egin dira erronkak; lasterketa irekiak antolatu dira eta abar. Herritarrak hor egon dira beti, eta hori bereziki nahi dugu nabarmendu". Beste kasu batzuk ere azaldu dituzte: liburutegia irekitzeko eginiko lana, Akertxoko martxan jartzekoa, haurtzaindegia mantentzeko gurasoek eginiko ahalegina eta abar.

Aurrera begira

Udalaren garapena ona bada ere, jakitun dira zorraren zati bat ordaintzea falta zaiela. Agirretxek nabarmendu du "libreago" sentitzen badira ere, "zuhurtziaz" jarraituko dutela orain lanean. Aurrera begira dituzten proiektuen artean, baserri bideak txukuntzea da "lehentasunezkoa" eta "garrantzitsuena" uneotan: "Hori da aurrekontu handiena eskatuko duena, baita presa gehiena duena ere". Bestalde, gimnasio txiki bat jartzekoak dira urte bukaerarako, Kultur Etxean. Herritarren artean banatu zuten inkestan jasotako beharretako bat da hori, eta Domusa enpresaren diru laguntzari esker egingo dute. Udalaren arazoa dela-eta, herrian "parte-hartze kultura" sortu dela ikusi dute ordezkariek, eta jarrera hori baloratu dute lanean jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide