Emakumeen II. Pala Txapelketa prestatzen ari dira, eta zabalik da izen-ematea. Udalak sustatuta Gaztelekua jarri dute, eta hurrengo proiektua Emakume Txokoa sortu eta indartzea dute.
Errezilen Mediku etxea auzoetxe egitasmoa abian jarri zutenetik urtebete igaro da, eta lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute dinamizatzaileek, udalak eta herritarrek. Makina bat ekintza antolatu dituzte azken hilabeteetan, «herria biziberritzeko» asmoarekin, eta helburu bera izango dute 2016an ere. Erakusketa bat izan dute irailean, urtean zehar eginikoak islatzeko.Proiektua 2014ko uztailean onartu zuen udalak, eta abenduan hasi ziren lanean dinamizatzaileak. Ekintzen antolaketen trukean, auzo-etxean bertan bizi ziren bi dinamizatzaileak; gaur egun, kide bat dago bertan. Izaro Zinkunegi da uneotan dinamizatzailea, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, urte osoan izan duten parte hartzeagatik: «Ekintza asko elkarlanean antolatu ditugu, herriko taldeekin eta norbanakoekin, eta herritar askok parte hartu du».
Lehen urtea «aberasgarria» dela azaldu du Zinkunegik; horregatik, bide bera jarraitzeko asmoa adierazi du. Horren erakusle, Emakumeen II. Pala Txapelketa prestatzen ari dira. Izena emateko epea berez bukatu bada ere, aukera dago dinamizatzailearekin harremanetan jarri, eta proban parte hartzeko. Izena ematen dutenen arabera osatuko dute egutegia, baina laster hasiko dira partidak. Horrez gain, Emakume Txokoa sortu eta hari indarra emateko lanean ere ari dira: «Joan den urtean egin zen proposamena da Emakume Txokoarena. Emakumeok elkarri gauzak erakusteko gune bat izan daiteke: ukenduak egiten, malabarak... edozer gauza». Horretarako, auzo-etxeko lehen solairuko gela bat erabiltzea aurreikusten dute.
Gaztelekua prest
Gaztelekua ere jarri dute auzo-etxean. Udalak sustatuta, 13 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat gune bat egokitu dute, lehen solairuan bertan. Gazteekin eta haien gurasoekin adostu du erakundeak proiektu hori. Horrez gain, tokia egokitzeko asmoz, teilatua txukundu du Errezilgo Udalak.
Zinkunegik nabarmendu du beharrezkoa dela herritarren parte hartzea auzo-etxeak herria biziberritzeko funtzioa eta xedea bete dezan. Lehen urtea «esperientzia ona» izan da, eta horri jarraituko diote. «Herritarren proposamenak edo iritziak jasotzeko gogotsu gaude», azaldu du. Horretarako, dimazatzailearekin harremanetan jarri edo auzo-etxeko postontzia bera erabil daiteke. Bestalde, edonork du aukera Zinkunegirekin batera auzo-etxeko dinamizatzaile izateko. Ekintzen antolaketaren truke bizi daitezke han.