Joxemari Iturralde: "Uzkudunen sineskera politikoak asko aldatu ziren"

Aritz Mutiozabal 2015ko uzt. 1a, 10:48

Paulino Uzkudun boxeolari errezildarra protagonistetako bat bihurtu du 'Perlak, kolpeak, musuak, traizioak' eleberri berrian

Paulino Uzkudun boxeolari errezildarra protagonistetako bat bihurtu du Joxemari Iturralde idazle tolosarrak Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (Pamiela, 2015) eleberri berrian, eta bertan haren alde argiak ez ezik, ilunak ere kontatzen ditu. Paulino Uzkudun boxeolaria. Pasa den mende hasierako bi euskal boxeolari ekarri dituzu lan berrira; horietako bat Paulino Uzkudun errezildarra da. Boxeoa testuinguru historikoaren isla bihurtu nahi izan al duzu? Nobela honetan pertsonaia ugari azaltzen dira. Benetan garrantzizkoak hogeita bost emakume dira eta hiru gizonezko: sendagile bat eta bi boxeolari. Emakume horiek hiru gizon horien jira-bueltan dabiltza, eta denek dute garrantzia. Gertatzen dena da bi boxeolari euskaldun horiek punta-puntako kirolariak suertatu zirela, eta mundu osoan egin zirela guztiz ezagun eta ospetsu. Aurrena herri-kiroletan aritu ziren eta gero, boxeolari bilakatu. Uzkudun eta Gaztañaga bi Euskal Herriren metafora bezala ulertu behar al dira? Bai, bi Euskal Herri kontrajarri eta arerio daude, baita gaur ere, eta hori aspalditik datorren kontua da, antzinakoa. Orduan, nobela honetan, bilakaera, prozesua da garrantzizkoa, kontatzen baita nola hasieran lagun minak izan zirenek amaitu zuten etsai amorratu izaten. Trantsizio hori da kontuan hartu behar dena liburu honetan bereziki. Zergatik hasiera bateko lagunak dira gero etsai porrokatu? Zer gertatu da hor tartean? Eta zergatik? Uzkudunek badu halako itxuraldaketa bat. Miretsia izatetik gorrotatua izateraino? Nobela honetan pertsonaia nagusi guztiek dute eboluzio bat, itxuraldaketa bat. Agian Uzkudunena izan daiteke deigarri edo nabariena, bere bizitza ere halakoxea izan zelako. Bera izan zen ezagunena mundu osoan, berak izan zuen indar edo botere oso handia une jakin batean, bereziki 36ko gerraren garai latz eta itsusi haietan. Bere izaera, bere sineskera politikoak asko joan ziren aldatzen denboraren poderioz, eta horrek oso eragin zuzena izan zuen hainbeste jenderen historian. Haren alde iluneko hainbat pasarte ezezagun ekarri dituzu? Bai, halaxe da. Baina baita beste pertsonaia gehiagoren kasuan ere. Uzkudunen bizitzak alde argi eta loriotsuak izan zituen, dudarik ez, baina baita beste alde ilun eta ez hain garbiak ere. Hauetatik batzuk ez ziren izan gehiegi harrotuta kontatzen hasteko horietakoak, benetan. Uzkudunen alde argi eta loriotsu hori nahiko ezaguna izan da, beste alde ilunago hori ez. Izzy Gaztañagaren kasuan ez da ezagutzen, nik uste, ez bere alde argia, zein ilunagoa ere. Badirudi falangisten aldean lerrokatu izana ez zaio sekula barkatu errezildarrari. Hori al da traizioa? Gerra zibilean bi bando egon ziren, jakina denez. Alde batekoek ez zuten begi onez ikusten beste aldean egindakoa, eta alderantziz. Hori frankisten aldean eta errepublikanoen aldean gertatzen zen. Uzkudun asko nabarmendu, eta asko aldatu zuen iritziz: hasiera batean ez zela gizon politikoa zioen; handik urte batzuetara errepublikazale aldarrikatzen zuen bere burua; gero, gerra zibila hasi orduko, falangistekin joan zen… Hor, nahi baduzu, egon daiteke bai, traizio bat bere buruarekiko, baina nobela honetan ez da hori garrantzitsuena, beste traizio mota batzuk kontatzen baitira sakonean… Irabazleek idazten omen dute historia. Horregatik gogoratzen al da Uzkudun mundu mailako boxeolari onenetako bat bezala, eta Gaztañaga apenas oroitzen den? Historia beti idazten eta finkatzen dute irabazleek. Francok 36ko gerra irabazi zuenean Espainiako historia ofiziala modu tinko batean geratu zen ezarrita liburuetan, eskoletan, pelikuletan, Nodoan… Frankismoak eredu eta sinbolo ugari hartu zituen bere garaipena biztanleengan ondo txertatuta uzteko. Ikur edo sinbolo horietako bat Uzkudun izan zen urte luzez. Gaztañagak beste suerte mota bat, kaxkarragoa, nozitu zuen. Uzkudun baino boxeolari hobea zen, baina arrazoi askorengatik bere izena itzaltzen, ahazten joan zen, eta gaur egun apenas inork dakien nor izan zen eta zer-nolako ekintzak burutu zituen. Hausnarketa hori eleberriaren amaieran ematen duzu. Ladis Goiti doktoreari Television Española-tik deitzen diotenean, Uzkuduni egin behar zioten omenaldia zela-eta. Bai, nobela irakurtzen duenak ikus dezake zer-nolako amaiera izan zuten bertan azaltzen diren protagonista horiek, eta baita beste emakume garrantzitsu horiek ere. Hogeita bost kapitulu dira, eta bakoitzak emakume baten izena darama. Kapitulu horretan emakume hori da garrantzitsuena, eta denek dute nolabaiteko harremana beste hiru gizon protagonista horiekin. Hortxe azalduko dira, erruz, perlak, kolpeak, musuak eta traizioak. Emakume horietatik askok beste nobela baterako ematen dute material nahikoa, adibidez, hor daude Rosario, Hadley, Tina, Luzinda, Rosamunde… eta gehiagoren bizitza bitxi eta apartekoak. Argi utzi duzu eleberria ez dela biografikoa bere osoan. Dena dela, bibliografia eta dokumentazio lan handia dago. Zer du fikziotik, zer historiatik? Bietatik du asko, bertako kontu ugari dira fikzio eta beste hainbeste historia. Hemen azaltzen diren istorio edo pasadizo asko, nahiz eta gezurra iruditu, egiak dira, benetan gertatu ziren. Eta azaltzen diren istorio eta pasadizo asko, nahiz eta egiantza eduki, fikzioa dira, ez dira inoiz gertatu, nik asmatu ditudalako. Irakurleari ariketa bat jarri diot: saiatu beharko du antzematen zer izan zen benetan gertatutakoa, eta zer izan daitekeen asmatua. Uzkudunek eta Gaztañagak ez zuten elkar borrokatu azkenean, nahiz eta bien arteko tirabirak etengabeak izan ziren. Boxeoaren historiako hutsuneetako bat al da? Saio bat baino gehiago egin ziren borroka hori aurrera eraman ahal izteko, baina ez zen inoiz lortu. Hasiera batean Uzkudun ez zen ausartu Izzy Gaztañagaren kontra lehiatzera, bazekielako borroka hori galdu egingo zuela. Gero, gainera, 36ko gerra piztu zen. Jendeak nahi zuen Uzkudunek, frankisten koloreak defendatuz, borroka zezan errepublikanoen alde aterako zen Gaztañagaren kontra. Baina gerra zibilak berak ez zuen biderik eman halako lehia historiko baterako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide