Maitasuna, sakabanaketaren gainetik

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 26a, 16:28

Sakabanaketaren aurkako salaketa ahalik eta eremu gehienetara zabaldu behar dugula uste dugu familian, eta dokumentalak horretarako bidea eman digu». Begoña Uzkudunen hitzak dira. Ahizpa, Maritxu Uzkudun (Errezil, 1961), preso du Granadako (Espainia) espetxean, 197/2006 Doktrina ezarrita. 2009ko abuztuaren 27an irten behar zuen espetxetik, zigor osoa beteta, baina errezildarrari espetxealdia 30 urtera luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5era arte. Uzkudunen ahizpak senidea bisitatzeko egindako bidaia ardatz hartuta, Izaro Zinkunegi errezildarrak eta Yuri Agirre azpeitiarrak Irria dario haizeari dokumentala egin dute, EHUko ikus-entzunezko komunikazioko beste hainbat ikaslerekin batera. Zazpiak Bat produkzio taldeak ekoitzi du lana, eta Maritxu Uzkudun preso errezildarra eta haren senitartekoak — Begoña Uzkudun ahizpa, Anttoni Etxenagusia ama eta Ihintza Larrañaga iloba— dira protagonistak. «Emakumea eta kartzelaren gaia jorratu nahi genuen, eta Begoñaren familiarekin gogoratu ginen; hiru belaunaldi hartzen ditu, eta lau emakume dira protagonista». «Ohiko kontakizun politikoetatik» harago, sentimenduetatik abiatutako lana izan da ikasleek egin nahi izan dutena. «Espetxe politika gertutik bizi duenarengana baino, hain sentsibilizatuta ez dagoen jendearengana iritsi nahi dugu». Era berean, emakumeen ahotsa azaleratzea izan da taldearen asmoetako bat. Izan ere, Zinkunegiren arabera, espetxeak «gizonentzako» daude eraikita, eta «emakumeen kontrako jazarpena» areagotu egiten da halakoetan. Hiru zati ditu dokumentalak, eta Begoña ahizpa bisitatzera joaten deneko bidaia da horietako bat, senidearengana joateko astebururo egin behar izaten dituzten ehunka kilometroak irudikatu, eta kontakizunari «indarra» eman nahian. «Gure etxean azken 26 urteetako bizipenen zertzeladak azaltzen ditu dokumentalak». Tartean, familiak bizi izan duen «errepresioa» islatu dute, besteak beste, amaren, Anttoni Etxenagusiaren, kontakizunaren bidez. «Etxeko batek ihesera jotzen duenean, beldurraren dimentsioa nola bikoizten den adierazten du amak», dio Begoñak. Maritxu Uzkudun 1991an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAko kide izatea leporatuta. Ordutik hainbat kartzelatan egon da, eta egun Granadako Albolote espetxean dago. «Zorionez familia handia gara, eta bisitak txandakatu egiten ditugu; zailtasun guztiak izanda ere, etxekoek beti dute gogoa hura ikustera joateko». Hori ere islatu nahi izan dute dokumentalaren bidez. «Sentimendu unibertsalez» hitz egiten du, oinarrian «maitasunak» lotzen dituelako senideak. «Gobernuek ezarri dituzten mekanismoek huts egin dute. Eramaten dituzten lekura eramanda ere, senideok hara joango garela erakutsi diegu». Maritxu zer moduz dagoen galdetuta, ondo dagoela dio ahizpak: «oso emakume lasaia da. Guztiok bezala, zain dago hura ere». Jakin badakite Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak datozen hilabeteetan emango duela Parot doktrina delakoaren gaineko ebazpena; «esperantza beti dugu, ezetza dagoeneko badaukagu. Beraz, baietzaren alde borrokatzen ari gara. Ebazpena gure aldekoa ez izatea injustizia handia litzateke». Sakabanaketa, bi aldeetatik Senide ez ezik, preso ohia ere bada Begoña; ia 18 urtez egon zen espetxeratuta, beraz, sakabanaketa bi aldeetatik ezagutu du: «Lizarra-Garaziko Hitzarmena izan zenean Martuteneko espetxera ekarri gintuzten. Orduan, senideekin eta herriko jende askorekin sendotzeko aukera izan nuen. Euskara entzun egiten duzu, eta herria sentitu egiten duzu; desberdintasuna horixe da». Presoen senideeei, berriz, «izugarrizko kostu ekonomikoa» eragiten die sakabanaketak, Begoñak salatu duenez. «Bisita bakoitzaren kostua ikaragarria da. Kartzela barrutik, behin baino gehiagotan galdetzen diozu zure buruari ea zenbateraino ari zaren baldintzatzen zure familiaren bizitza». Errezilgo festetan estreinatu zuten ikusentzunezkoa. Eta «askok zoriondu gaituzte», dio Zinkunegik. Egun sarean ikus daiteke, Youtube eta Vimeo atarietan. Horien bidez ere «hedapen handia» izan duela nabarmendu du egileak, eta zentzu horretan gustura daude. Dena den, Begoñak gogorarazi du Euskal Herrian egoera antzekoa bizi duten adibideetako bat dela eurena. «Pertsona bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta horietako asko falta ditugu». ‘Herritarron epaia’, Errezilera Bestetik, Herrira taldeak abian jarritako Herritarron Epaia ekimen ibiltaria Euskal Herria zeharkatzen ari da, 197/2006 doktrinari amaiera emateko atxikimenduak lortu, eta Europako erakundeetara bidaltzeko helburuarekin. Azpeitian egingo dute Herritarren epaia larunbatean, baina Errezilen ere egitekoak dira, irailean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide