Xabier Arruti: "Ez gaude Amazonasen; hemen bateragarria da egurra lortzea eta kontserbazioa zaintzea"

Paulo Ostolaza ('Berria' egunkaria) 2024ko aza. 12a, 12:00

Xabier Arruti Oreka Berde diputatua. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Jabetza pribatuko basoak biltzea eta kudeatzea: hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailean aurkeztu zuen Basotik fundazioaren helburu nagusia. Eskualdez eskualde egin zituzten bileretan, 1.500 lagun inguru elkartu ziren, eta jada sinatu dituzte lehen kontratuak. Egitasmoak izan duen harrera onarekin harrituta daudela kontatu du Xabier Arruti Oreka Berdeko diputatuak (Beizama, 1968).

Espero zenuten?

Bueno, bagenituen zalantzak. Ziur genekiena zen gizarteak behar bat zuela, erantzun gabe zegoen behar bat. Zein? Gizartea asko aldatu da; baserritarra zen eta jakintza zuen jendea adinekoa da orain, eta basoen jabetza seme-alabengana edo bilobengana pasatzean, lurrak non dauden ere ez dute jakiten askok. «Ezagutu, maitatu eta zaindu» esaten da, baina, ezagutzen ez bada, ez da maitatzen eta ez da zaintzen.

Basoen kudeaketa sustatzeko edo landaketarako diru laguntza bat ateratzen genuenean, konturatzen ginen motz geratzen ginela. Jakintza falta agerikoa zen. Horren aurrean, bi aukera genituen: ezer egin gabe geratzea, edo gure ustez abandonatuta edo kudeatu gabe geratzen ari ziren lur horiei irtenbide bat ematen saiatzea. Horren erantzuna da Basotik.

Zeintzuk dira orain arteko datuak?

Eskualdez eskualde egin genituen bileren ostean, euren lurrak guri uzteko interesa azaldu dute 650-700 familia inguruk. Sei hilabetean 50 kontratu egin ditugu, eta 500 bat hektarea jaso. Urtea amaitzerako, mila hektarea inguru hartuko ditugu, eta, interesa azaldu duten horien guztien lurrak kudeatzea lortuko bagenu, 7.000 hektarea inguru liratekeela kalkulatzen dugu [121.925 hektarea baso daude Gipuzkoan; 19.000 kudeatu gabe]. Baina eskariak gehitzen ari dira egunez egun.

Hasi zarete basoetan lanean?

Bai, hasi gara. Gipuzkoa landaretza mosaiko bat da, eta dena monolaborantza dela esatea ez da zuzena. Pinuak eragin du uste hori. Erdia hostozabala eta erdia pinua izan da azken urteetan, eta orain, xingola marroiaren gaitzarekin, pinua gutxitzen ari da eta bestelako landaredia gehitzen. Orekari eusteko konpromisoa hartu dugu guk, eta, ahal bada, hobetzekoa. Badugu hori egiteko gaitasuna. Ikusten baldin badugu jabe pribatuak espezie jakin bat asko landatzen ari direla, baditugu mekanismoak konpentsatzeko.

Elkarrizketa osoa Berria.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide