Hainbat kilometrok banatzen dituzte Berriatua (Bizkaia) eta Beizama. Inork bidaia hori inoiz egin beharko balu, autoz egingo zukeen seguraski. Aimar Uribesalgok, ordea, oinez, Kepatxikle astoa aldamenean zeramala egitea pentsatu zuen. Hiru lagun abiatu ziren astoarekin ostiral batez Berriatuatik Beizamara, mendi bideetatik barrena, eta hiru egun behar izan zituzten Beizamara iristeko. Hasteko, Berriatuatik Lasturrera (Deba, Gipuzkoa) joan ziren; ondoren, Lasturretik Azpeitira; eta azkenik, Azpeititik Beizamara. Lasturko frontoian eta Azpeitiko Esklabetan pasa zituzten gauak ibiltariek. Ibilbidean zehar, gainera, jende gehiago batu zitzaien; azkenean, bidaia sei pertsonak, bi txakurrek eta asto batek amaitu zuten.
Lagun baten bidez elkartu ziren Uribesalgo eta Kepatxikle astoa. "Astoak bizitzeko leku bat behar zuen, eta nik baserrirako asto bat", dio Uribesalgok. Izan ere, Beizaman bizi da oñatiarra bere bikotekidearekin, eta baserri kanpoko zelaia mantentzeko astoa ondo zetorkiola konturatu zen. Lehenagotik jendearekin ohitutako astoa da Kepatxikle, Ondarroako (Bizkaia) udaleku ibiltarietan nahiz Euskal Herriko txokoetan "batera eta bestera" ibili izan baita. Hala, lagunaren eskaintza onartzea pentsatu zuen Uribesalgok, eta astoarekin Beizamara abiatu zen.
Uribesalgok dio Beizamara bidean zehar ez zutela arazo handirik izan, baina astoak hainbat momentutan "gaizki" pasatu zuela aitortu du: "Kepatxikle tunelen eta zubien beldur da, eta bide luzeagoak egin behar izan genituen horregatik". Uribesalgok gogoan du Mendarotik (Gipuzkoa) pasatu ziren unea. Hark dioenez, hango zubia "errepidearen erditik" pasatu behar izan zuten, Kepatxikle konturatu egin baitzen zubia lurretik "oso goian" zegoela, eta handik pasatu nahi ez zuela ibili zela dio gazteak: "Gainean zeraman zama kendu behar izan genion, eta halere, ez zuen zubia pasatu nahi izan". Gauzak horrela, atzera egin behar izan zuten oñatiarrak eta lagunek, eta beste bide batetik jarraitu zuten ibilbidea: "Bost minutuko bidea zena, orduerdikoa bihurtu zen", azaldu du.
Arazoak bakarrik ez, ikusmina ere sorrarazi zuten Uribesalgok, Kepatxiklek eta lagunek ibilbidean zehar. "Hainbatek Donejakue bidea egiten ari ginela pentsatu zuten", dio Uribesalgok. Herriguneetan astoak jendearen arreta bereganatu zuela ere adierazi du, eta askotariko esanak entzun zituztela: "Loiolatik pasatzean turisten autobus bat gelditu zen, eta gugana etorri ziren", dio gazteak. "Andaluziarrak ziren, eta txundituta gelditu ziren astoarekin bidaian genbiltzala esatean". Baserrien paretik pasatzean ere, ikusmina sortu zuten, eta baserritarrek umeak atarira ateratzen zituzten etxeetatik. Horrez gain, baserritarrek asko lagundu zietela nabarmendu du: "Baserritar bat konturatu zen astoak apatx luzeak zituela, eta horiek mozteko aholkuak eman zizkigun». Gainera, jan-edanerako beta ere izan zuten bidaian; «baserri batean bazkaltzen eman ziguten", azaldu du.
(Argzkia: Aimar Uribesalgo)Bidaiak, astoarekin
Kosta ahala kosta, Uribesalgok eta kuadrillak lortu zuten ibilbidea bukatzea, eta gustura egin zuten, gainera: "Bide hau oinez egin nahi genuen, guretzako abentura bat baitzen". Bidaia "minimalista" izan zela dio, eta jende berria ez ezik, Euskal Herriko "txoko bereziak" ere ezagutzeko aukera izan zutela; hain zuzen ere, "inoiz egon gabeko" lekuak deskubritu zituztela adierazi du. "Gaur egun petrolioa merke dagoela-eta urrunera bidaiatzen dugu, garai batean, ordea, guk egin dugun moduan bidaiatuko zuen jendeak", gaineratu du Uribesalgok. Hain zuzen ere, Azkoitian emakume heldu bat gelditu zitzaiela dio hark, eta haiek ere txikitan horrela ibiltzen zirela aitortu zien.
Astoarekin bidaiatzearen esperientzia gustatu egin zaio Uribesalgori, eta hemendik aurrera ere ildo beretik jarraitzeko asmoa duela dio: "Mendi bideetatik Euskal Herriko askotariko txokoak ezagutu nahi ditugu astoarekin". Hurrengo ibilbideagatik galdetuta, gazteak dio Beizamatik Oñatira mendiz mendi joatea gustatuko litzaiokeela, Kepatxikle aldamenean duela. Uribesalgok dio astoa "ohituta" dagoela batetik bestera ibiltzera, eta ez dela "edozein" asto: "Lagunak astoa eskaini zidanean, ez zidan edozein asto eskaini, Kepatxikle baizik". Gauzak horrela, zelaiko belarrak jateaz gain, orain arte moduan Euskal Herritik barrena bidaiatzen jarraituko dutela dirudi Uribesalgok, Kepatxiklek eta lagunek