Beizamarrek hobi septikoa hustu edo gasolioa elkarrekin erosi ahalko dute

Nerea Uranga 2012ko urr. 30a, 07:00

Beizamako Udala eta Gipuzkoa Berritzen herritarrei zerbitzu berriak eskaintzeko asmoarekin elkarlanean ari dira. Hala, oraingoz hiru zerbitzu jarri dituzte aukeran: egurra lortzea, gasoila erostea eta hobi edo fosa septikoa hustea. Herritarrek hainbat zerbitzu elkarlanean egitea du helburu eskaintzak, bizilagunentzako kostuak gutxituz, hala. Hala azaldu du Beizamako Udalak, «ikusi da etxerako hainbat gauza erosterako orduan, herritar bakoitzak bere kasara egin ohi duela. Horrek gastu handiagoa suposatzen du». Horregatik, Beizamako Udala hainbat zerbitzu herritarrek elkarrekin erabiltzeko aukera aztertzen ari da, «beti ere herritarrek interesgarria ikusten duten heinean». Oraingoz hiru zerbitzu elkarlanean baliatzeko aukera proposatu die Beizamako Udalak herritarrei. Horietako bat herriko lurretatik egurra lortzekoa da. Zerbitzuan interesa duten herritar guztien artean kamioi bat alokatuta. Egurra hala eskuratzeko interesa zutenentzat izena emateko epea joan den astean bukatu zen. Baina gasoila erosteko edota hobi septikoa husteko zerbitzuen inguruan interesa dutenek gaur arte eman dezakete izena, Beizamako udaletxean, edota tabernan jarrita dauden orriak betez. Sindikatuta dauden herritarrek dagoeneko badute gasolioa erosteko zerbitzua. Baina sindikatuta ez dauden herritarrek gasoila merkeago eskuratzeko izena emateko aukera dute. «Animatzen direnen artean egun bat zehaztuko genuke, eta elkarrekin erosiko genuke gasoila», adierazi dute udaletik. Hobi septikoa husteko zerbitzuaren aukera, herritarrak hobeto antolatzea da proposamena, egutegi bat eginda. Horrela, herritarrentzako kostua txikiagoa izango litzateke. Hobia urtean behin edo bi urtean behin hustu nahi dutenen artean egutegi bat egingo litzateke, hala bidaiaren kostua txikiagoa izango litzateke. Oraingoz, Beizamako Udaleko arduradunek aukera horiek eskaini dizkiete beizamarrei. Baina herritarren batek elkarlanean egin daitekeen beste zerbitzuren bat egitea posible ikusiko balu, udaletxean proposamenak jasotzeko ateak zabalik dituztela azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide