Ekain Ibarguren: "Trebeak gara bazterrak hankaz gora jartzen"

Maialen Etxaniz 2025eko abenduaren 17a

Ekain Ibarguren, ikuskizun berriaren kartelarekin. (Utzitakoa)

Ekain pailazoak Hautsak harrotzen ikuskizuna estreinatu du, umorea eta ikusleen parte hartzea oinarri. Dozenatik gora emanaldi dauzka itxita dagoeneko. Urtarrilean, esaterako, birritan ariko da Zumaian, eta Azpeitian ere eskainiko du lan berria.

Egun osoa Gure Zirkuko karparen muntaketa lanetan igaro ostean, labetik atera duen proiektuaren inguruko galderak erantzuteko tartea hartu du Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996). Malabarista, pailazo, umorista eta langile fina da Ibarguren, nekatzen ez dela dirudien horietakoa. "Arlote samarra" ere bada, eta nortasunari so, izen bera daraman ikuskizuna estreinatu du duela gutxi, iaz sortutako Arlote bat proiektuari jarraipena emanez. Oholtzetan bera agertzen den arren, Ekain Txou proiektuaren atzean bi lagun daude. Azpeitiko plazan elkartu dira biak, baina Ibargurenek aletu ditu ikuskizun berriari buruzko xehetasunak. 

Urtea amaitzerako ikuskizun berria estreinatu duzu: Arlote bat hautsak harrotzen. Zer dakar emanaldi berriak?

Urtero saiatzen gara proiektu berri bat egiten, baina ikuskizuna oso-osorik berritzea oso zaila izaten da. Nire emanaldietan hutsik egiten ez duten elementuak dira malabareak, umorea, jolasak eta ikusleen parte hartzea, eta horiek era batera edo bestera moldatuta, osagai eta jolas berriak gehituta, sortzen ditugu emanaldiak. Ikusleek parte hartzeko moduak ere berritzen ditugu, ikuskizun zaharretatik ateratako ikasgaiak kontuan hartuta. Hau da, saiatzen gara aldiro-aldiro gauzak fintzen, eta arinago egiten. Umore ikuskizun klasikoetan eta, beti daude errepikatzen diren hamar patroi edo esketx. Umorea eta parte hartzea oinarrizkoak dira niretzat.

Hautsak harrotzera al dator ikuskizuna?

Emanaldien bueltan edukitzen dugun aldarteari eta jarrerari egiten dio keinu izenburuak. Izan ere, Lokatza [Ibargurenen laguna eta ikuskizuneko teknikaria] eta biok joaten garen lekura joanda ere, gauzak aztoratzen ditugu beti; trebeak gara bazterrak hankaz gora jartzen. Egia esan, ikaragarri ondo pasatzen dugu emanaldietan nahiz horien prestaketetan. Izenburuak jarrera horri egiten dio erreferentzia gehienbat.

Zertan hobetu dira Ekainen ikuskizunak azken urteotan?

Betiko kontua irudituko zaio zenbaiti, baina oinarri-oinarrizkoa da aurrez egindako emanaldien errepasoa zein balorazioa egitea trebatzen jarraitzeko. Ikusi behar da zerk funtzionatu duen, zerk egin duen kale edota ikusleekin egindako esketxetan zer zuzendu daitekeen. Dena den, horiek oinarrizko aldaketak dira.

Berrikuntza bezala, atrezzoa nabarmenduko nuke. Azken urteotan garrantzi handiagoa eman diogu ikuskizunaren itxurari. Duela gutxira arte, ordea, gehiegizko apaingarrien kontrako jarrera neukan; izan ere, badirudi pailazo izateko edo pailazo emanaldiak egiteko ezinbestekoak direla kolorez betetako atrezzoak eta jantziak, baina ez dago zertan. Nik nahikoa neukan maletatxo batekin eta beste bizpahiru elementurekin, horiek edozein txokotan ipini eta emanaldia eskaintzeko. Iaz, Arlote bat ikuskizunerako sortu genuen gure lehen atrezzoa, eta aitortzen dut beste gorputz bat ematen diola emanaldiari; jantzi egiten du, baina gehiegizko betekada eman gabe. Gainerakoan, pailazoa zenbat eta zaharragoa hobea dela esango nuke, urteek lanerako esperientzia eman ez ezik, umorerako eta lotsagabe aritzeko aukera zabaltzen baitute.

(Utzitakoa)

Areto txikietan, handietan edota ermitetan eskaini dituzue emanaldiak. Gustura al zaudete egindako bidearekin?

Egia esan, askotariko lekuetan aritu gara, oholtza eleganteetan nahiz leku bitxietan, zinema aretoetan edo elizetan, baina bi zuhaitzen artean aritzea ere tokatu zaigu, eta horrek zer pentsatua eman digu. Gure ikuskizunak edonon egiteko modukoak dira, baina duintasuna eskertzen dugu. Dagoeneko ez gara hasiberritan bezain gazteak, eta lan handia dago ikuskizun bakoitzaren atzean. Behin bertan behera utzi genuen eskaintzekoak ginen emanaldia, ezinezkoa zelako antolatzaileek eskainitako baldintzetan egitea. Hala ere, nabarmendu nahi dugu orain arte ezagutu ditugun leku gehienetan primeran hartu gaituztela. Zorionez, Euskal Herri osoan zehar ibili gara, eta herri, auzo zein txoko ugari ezagutzeko aukera izan dugu. 

Areto handiek baldintza onak bermatzen dituzte, baina herri txikiek xarma berezia dute. Nafarroako herri txikiak, esaterako, plaza mundialak dira. 

Dagoeneko eskaini duzu Hautsak harrotzen estreinakoz. Nolako harrera izan du?

Bi emanaldi eskaini ditugu. Donostian oholtzaratu genuen aurrenekoz, Euskararen Egunean. Estreinaldiak esperimentu gisa balio izan zigun, publikoarekin topatu arte ez baitago jakiterik sortutako edukiak nola funtzionatuko duen. Donostian bizitako abentura probestu genuen bigarren emankizuna fintzeko, eta bigarren hori oso txukun atera zen. 2026an jarraituko dugu emanaldiekin. Urtarrilerako lau hitzordu eta bost emanaldi ditugu itxita: Aretxabaletan, Zumaian [bi emanaldi], Lekeition eta Azpeitian eskainiko dugu ikuskizun berria. Birarekin hasi aurretik dozena bat emanaldi genituen itxita. Aurten, esaterako, 25 emanaldi egin ditugu, eta nahiko genuke antzeko kopurura iristea datorren urtean ere. Dena den, hamabitik gora hitzordu ditugu konfirmatuta, eta ezin gara kexatu.

Bi pertsona zaudete proiektuaren atzean. Nola egiten duzue antolatzeko eta ikuskizunak prestatzeko?

Gure Zirkuan lanean aritzen naizen hilabeteetan zehar, ordu dezente igarotzen ditut etxetik kanpo, eta gustatzen zaizkidan pailazoen, artisten eta umoregileen emanaldiak ikusteko aprobetxatzen dut. Koaderno bat daukat, eta bertan askotariko oharrak jasotzen ditut: etortzen zaizkidan burutazioak, ateraldiak edota gustatu zaizkidan erreferentziak. Gero, Lokatzarekin elkarbanatzen joaten naiz ideia horiek. Bilera informalak egunero egiten ditugu, ezer baino lehen lagunak baikara. Ideiak elkarbanatzen ditugu, esketx bakoitza nola osatu erabakitzen dugu, baita zer material behar dugun erabaki ere. Arlo teknikoa eta ikuskizuna bera, entsegu lokalean prestatzen ditugu. Ondo moldatzen gara elkarrekin, eta nabaritu egiten da.

Afixa ere Lokatzak egin du. Auskalomendi herria agertzen da bertan. Zer dela eta? 

Hasierako asmoa zen herriaren izena aldatzea ikuskizuna eskaini behar genuen lekuaren arabera, baina izango dugun martxa ikusita, zoramena izan zitekeela iruditu zitzaigun. Beraz, Auskalomendi jarri genuen, nora iritsiko garen jakiterik ez baitago. Mañukortak ere esaten zuen hura Auskalomendikoa zela. Kartelak baditu beste bitxikeria batzuk ere: zapatila txuriekin agertzen naiz, Kutxidazu bidea, Ixabel lanari keinu eginda, eta atzean agertzen den herria Arroagoia da, Brinkola han grabatu baitzen. 

Urtarrilaren 25ean ariko zara Azpeitian. Zergatik joan behar dute herritarrek?

Ikaragarri gozatuko dutelako eta, batez ere, barre mordoxka egingo dutelako nirekin nahiz nire kontura. Soreasu antzokian eskainiko dugu emanaldia, 17:00etan hasita, eta dagoeneko sarrerak salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide