"Muntaia polizial eta mediatikoa" salatu du Azpeitiko GKSk

Aitziber Arzallus 2025ko uzt. 22a, 17:47

Ertzainak Udaltzaingoaren egoitza atarian, igande goizaldean. (Gedar)

Igande goizaldeko istiluen haritik "polizia sindikatuak, komunikabideak eta alderdi instituzionalak aurrera eramaten ari diren muntaia polizial-mediatikoa" salatu, eta "balorazio politikoa" egin du Azpeitiko GKSk.

Larunbateko gertakarien harira "sindikatu polizialak, komunikabideak eta alderdi instituzionalak (bereziki EAJtik) aurrera eramaten ari diren muntaia polizial-mediatikoa" salatu eta balorazio politikoa egin du Azpeitiko GKSk. "Izan ere, "interes korporatiboak hauspotzeko herriko gazteria kriminalizatu eta haren aurkako erasoak gauzatzeko zorua prestatzen ari dira aktore horiek". Dispositiboa aurrez prestatuta zutela adierazi du gazte koordinadorak, "itogarria" izan zela poliziaren presentzia egun guztian, eta azkenean festa giroa zapuztu eta gazteriaren kontra jo zutela. "Nola azaldu daiteke bestela horrenbeste furgoneta eta hainbeste polizia agertzea horren denbora laburrean?".

Guztiaren abiapuntua aitzakia bat besterik ez zela izan esan du GKSk; "ikusteko linterna erabili behar izan zuten arkatzez egindako lau hizkiko 'margoketa' bat", hain zuzen. Higiezin publikoari erakargarritasuna kentzea leporatuta isundu zuten "pintaketa ia ikusezin hori" egin zuen herritarra, eta GKSren arabera, Azpeitiko Udaltzaingoak, injustizia horren aurrean zentzuzko aterabide bat ematen saiatu beharrean, Ertzaintzarekin kolaboratu zuen. "Horregatik joan ziren gazte bakan batzuk Udaltzaingoaren bulegora, isuna kentzeko eskatzera eta beraien jarreraren aurkako desadostasuna azaltzera. Ustez herri polizia komunitarioa behar duenak, Voxek hauteskunde mahaia jarri zuenean bezala, oraingoan ere nahiago izan zuen gazteak jipoitzea, Ertzaintzarekin batera".

Udaltzaingoaren komisariaren aurkakoa erasoaren bertsioa "guztiz faltsua" dela adierazi du koordinadorak, gazte horiei atea udaltzainek beraiek zabaldu zietelako. "Eta ez zen inongo momentuan indarkeriarik egon. Indarkeria bakarra Ertzaintzak erabili zuena izan zen, udaltzainek deitu orduko bertaratu eta gazteak jipotzen hasi zirenean". Horrek jende andana bertaratzea ekarri zuela esan du, eta tentsioak nabarmen egin zuela gora, besteak beste, ausaz gazte bat atxikitu zutenean.

Azpeitiko GKSren esanetan, "polizia gehiagorekin segurtasuna areagotzen dela dioenaren fartsa" nabarmen gelditu da beste behin. "Poliziaren probokazioa eta esku hartzea izan dira zirku hau eragin dutenak. Gogorarazi behar dugu dispositiboa prest zutela eta iritsi orduko oldartu zirela bertaratutakoen aurka. Zein interes daude horren atzean? Polizia gehien dagoen momentuan liskarra eragitea ez da kasualitatea, eta beren tesi nagusia gezurtatzen da, era berean; polizia gehiagok segurtasun gehiago ekartzen duena dioena, alegia. Langileon bizi eta lan baldintzak kaskartzen doazen bitartean, gure miseria betikotzeko funtzioa duten errepresio indarren armatzea justifikatzeko kanpaina koldarraren lekukoak gara".

EAJgatik ere gogor jardun du GKSk. Alderdi horri, "hainbat astakeria" eta "ideia faltsu bat" jakinaren gainean zabaltzea egotzi dio: "Hernaniko gertakariarekin eta beste zenbaitekin izan daitekeen balizko lotura bat. Hernanin sortutako liskarrek osagai arrazista bat izan zuten oinarrian, eta nekez emango dio lekziorik migranteak esplotaziorako haragi soil ikusten dituen alderdi horrek Azpeitiko gazteria konprometituari. Inon loturarik izatekotan, bi herrietako gertakarietan Ertzaintzak inongo istilurik ez zegoen eremu batean (txosnagunean) kargatu zuen, izua eraginez eta eraso arrazistekin zerikusirik ez zuten gazteak jipoituz".

Loturak egiten hasita, badira askoz interesgarriagoak direnak, Azpeitiko GKSren irudiko, "egiazko harreman zuzenak dituztenak, poliziaren bertsioa eta EAJren errelatoak gezurretan oinarrituta daudela egiaztatzen dutenak eta ondorio larriak izan dituztenak". Iñigo Cabacasen kasua edota Etxarriko gaztetxearen desalojoa aipatu ditu, "istilurik ez zegoen tokian, barrabiletara tiro egin eta horietako bat galdu duen gaztearen kasua, EAJren eta poliziaren bertsioen faltsutasuna frogatu ostean, Barne sailburua bera atera behar izan delako halabeharrez zuzentzera".

Horrez gain, EAJk polizia indarren defentsa egiten duela gaitzetsi du GKSk. "Hipokresiaren adibide ederra da azken astean, enpresaburu bat defendatuz, haren langileekiko erakutsi duten mespretxua. Elkarbizitzarako deia eginez amaitu du EAJk oharra, herriko gazteak kriminalizatuz eta paretaren kontra jarriz gutun nazkagarri hori atera ostean. Aurpegi galanta behar da gero".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide