Istiluez esandakoak gezurtatu eta polizia indarren gehiegikeria salatu ditu Gaztetxeak

Nerea Uranga 2025ko uzt. 20a, 15:10

Ertzaintzaren patruilak goizaldean Enparan kalean.

Azpeitiko Gaztetxearen arabera, Ertzaintzak eta hainbat hedabidek goizaldeko liskarrez esandakoa ez da egia. "Polizia indarren gehiegikeria" salatu du, eta horretarako elkarretaratzera deitu dute gaur, 18:30ean, plazan.

Goizaldeko gertaeren harira, Azpeitiko Gaztetxeak "beharrezkoa" ikusi du Ertzaintza eta hainbat komunikabide zabaltzen ari diren errelatoari "erantzutea eta gezurtatzea", eta horretarako oharra kaleratu du. Era berean, polizia indarren gehiegikeria salatu du, eta horretarako gaur elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, 18:30ean, plazan.

Azpeitiko Gaztetxearen gertaeren kontaketen arabera, atzo gauen Urola kalean, Gaztetxearen ondoan, errotulagailu batekin pilen edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] hitza margotzeagatik pertsona bati isuna jarri nahi izan zioten ertzainek. Hainbat gaztek hori jakin zutenean, beren desadostasuna agertzera jo zuten ertzainengana, "egoeraren zentzugabekeria" azaltzeko.

Une horretan, ordea, ertzainen beste lau patruila bertaratu ziren Urola kalera, "neurrigabeko despliegearekin kalea moztuz", Gaztetxekoen arabera. Tentsio uneak sortu zirela onartu du Gaztetxeak, baina ertzainek salaketa jarri ostean, gazteek Urola kaletik alde egin zutela azaldu du.

Gaztetxeak oharrean adierazi du, segidan zazpi gazte Udaltzaingoaren egoitzara bertaratu zirela, "udaltzainen erantzukizuna salatzeko asmoz". "Hedabideek esan dutenaren kontra, gazteek ez zuten atea indarkeriaz ireki ezta jarrera oldarkorra erakutsi ere", azpimarratu du Azpeitiko Gaztetxeak.

Gazteak Udaltzaingoan zeuden unean, Ertzaintzaren sei patruila eta bi furgoneta bertaratu ziren Plaza Txikira, Udaltzaingoaren egoitzaren aurrera. "Orduan, gazte ugari bertaratu zen Plaza Txikira, bertan sortutako iskanbilak erakarrita. Tentsio uneak bizi izan ziren, orduan hasi zen polizien eta han elkartutako gazteen arteko liskarra; orduan kargatu zuten gazteen aurka udaltzainek zein ertzainek, eta Enparan kalean gazteetako bat atxiki zuten indarkeria handiarekin eta poliziaren autora sartu zuten".

Gertaera horien aurrean, "gaztea askatzeko exijitzera" gazte gehiago bertaratu zen, "tentsioa" areagotuz, Gaztetxeak azaldu duenez oharrean. "Atxikitako gaztea hogei minutuz poliziaren autoan eduki ostean, udaltzainen egoitzara lekualdatu eta han identifikatu zuten. Azkenean, gaztea askatzeko baldintzapean tentsioa baretzeko adostasunera iritsi ziren, eta gaztearen aske utzita amaitu zen liskarra", azaldu dute.

"Polizia izan da liskarra sortu duena"

Azpeitiko Gaztetxeak gertaeren bere bertsioa kontatu ondoren, "polizien indarkeria" gogor salatu du. "Polizia bera izan da liskarra sortu duena eta herrian hainbat gazte zaurituta eta identifikatuta utzi dituena. Orain diligentziak abiarazi dituzte gazteen kontra eta ikusteko dago zer ondorio  izango dituen", salatu dute gazteek.  

"Poliziaren funtzio diziplinatzailea" agerian gelditu dela azpimarratu du Azpeitiko Gaztetxeak: "Errotulagailu batekin pintaketa egiteagatik muntatutako zirko guztia ezin baita beste modu batera ulertu". Horrez gain, poliziaren inpunitatea ere seinalatu dute, baita "hedabideen papera" salatu ere: "Poliziaren muntaiari gezurrez betetako kontakizun mediatiko bat eman diote eta gazteak kriminalizatzera jo dute".

Pilen edukiontzian egindako pintaketa. (Utzitakoa)

Hori dela eta, gaur, igandea, 18:30ean kontzentraziora deitu dute Azpeitiko plazan. "Indarkeria poliziala salatzeko, inpunitate poliziala salatzeko eta gazteen kontrako kriminalizazioa gaitzesteko" egingo dute arratsaldeko mobilizazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide