Bakailao Txapelketaren 14. aldia egingo dute aurtengo saninazioetan. Haujijijai batzordeak antolatuta, abuztuaren 1ean izango dute herritarrek kutixi hori prestatzeko duten abilezia jendaurrean erakusteko aukera. Ireki dute txapelketan izena emateko epea. Hain zuzen ere, uztailaren 23ra bitartean izango da horretarako aukera Haginpe, Korrale nahiz Jim Clark tabernetan zein Sanagustin kulturgunean.
Aurreko urteetako formatu berean gauzatuko dute egitasmoa. Parte hartzaileek kilo bat bakailao prestatu beharko dute 11:00etan hasita plazan –10:45erako plazan egon beharko dute parte hartzaileek–, eta 40 minutu izango dituzte horretarako. Antolatzaileek banatuko dizkiete partaideei bakailaoa, baratxuria eta olioa, eta sua ere haiek jarriko dute. Dena den, gainerako gauzak –kazuela, koilarea, perrexila...– parte hartzaileek eraman beharko dituzte plazara.
Prestaketa lanak bi minutuz behin hasiko dituzte bikoteek, eta lanak amaitutakoan epaimahaiak –ez dute zehaztu nork osatuko duen epaimahaia gaur-gaurkoz– prestatzen dituzten jakiak dastatuko ditu. Txapelketaren ostean, prestatutako bakailaoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek Azoka Plazan egingo duten bazkarian.
Iaz gauzatutako aldaketei eutsiko diete aurten ere, sariei dagokinez. Irabazleek Jai Alai jatetxean bi lagunentzako otordua eskuratuko dute, eta bigarren sailkatzen den bikoteak ardo botila bat eta bi txuleta. Hirugarren sailkatzen diren herritarrek Sakona etxaldeko produktuz osatutako otarrea jasoko dute, eta elkarte onenaren saria eskuratzen duten ordezkariek, berriz, urtez urte eskuz esku ibili ohi den kutxara.
Lehengo urtean 26 bikotek parte hartu zuten lehian, eta Arantxa Olazabalek eta Maritxu Arteagak irabazi zuten. Elkarte onenaren saria, berriz, Loiolatxo soziedadeko Aitor Eizagirrek, Jon Odriozolak eta Joseba Larrañagak jaso zuten.