Poesiaren bidez, Palestinara

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 15a, 10:08

Apoa poesia irakurle taldeko kideak Sanagustin kulturgunean egindako saio batean. (Kulturaz)

Igandean errezitala eskainiko du Apoa poesia irakurle taldeak Sanagustin kulturgunean. Mohammed el-Kurden Rifqa liburuko poemak irakurriko dituzte, 12:00etan hasita.

Askoren poesia hotsak. Horixe da Apoa. Xabier Gantzarain da Apoaren sortzaileetako bat, eta haren esanetan, "askoren artean, poeta desberdin asko irakurtzeko leku bat" da. Duela ia bi urte sortu zuten poesia irakurle taldea. Autore bat, liburu bat edo gai bat aukeratu, etxean horri buruz irakurri, eta Azpeitiko Dinamoan elkartzen dira hilean behin, hirugarren asteazkenez. Saio horietan, bakoitzak bi edo hiru poema ahoz gora irakurtzen ditu. Horrez gain, errezitalak eskaintzeko aukera ere izan zezaketela pentsatu zuten, eta hala egiten dute noizean behin.

Apoaren hastapenei dagokienez, duela bi ikasturte, Jose Luis Otamendik eta Xabier Gantzarainek pentsatu zuten ideia ona litzatekeela poesia irakurtzeko talde bat martxan jartzea. "Izan ere, irakurle taldeak bazeuden, baina poesia lantzen zutenak ez hainbeste, guk genekiela behintzat", azaldu du Gantzarainek. Asmo horretatik sortu zuten Apoa taldea, berezitasun txiki batekin: "Guk ez dugu soilik etxean liburua irakurri eta gero taldean komentatzen. Biltzen garenean ere poemak irakurtzen ditugu. Bakoitzak aukeratzen du gehien gustatu zaiona edo irakurtzeko ederrena iruditzen zaiona, eta biltzen garenean poemak irakurtzen pasatzen dugu denbora. Gero, liburuaz, autoreaz edo poemaz hitz egiten dugu".

Ia bi urte hauetan, taldeak eboluzio nabarmena izan du. Gantzarainek adierazi duenez, hasieratik "garbi" zeukaten ez zutela taldea "gidatuko edo dinamizatuko" zuen pertsonarik nahi. Hasieratik saiatu ziren "irekiak" izaten, eta taldekideen proposamenak ere onartzen. "Bi urtean taldea dezente aldatu da. Horren erakusgarri, hurrengo ikasturtera begira, orain arte Jose Luis Otamendik saioak prestatzeko hartzen zuen lana hilabete bakoitzean partaide desberdin batek hartuko duela erabaki dugu. Partaide bakoitzak, tokatzen zaion hilabatean, bere saioa antolatu eta dinamizatuko luke; baita liburua aukeratu ere", zehaztu du Gantzarainek.

Igandeko saioa

Apoaren ohiko dinamika hilean behin Dinamoan bildu eta poemak irakurtzea den arren, noizean behin errezitalak eskaintzeko aukera ere izan ohi dute. Lehenengo irakurraldia Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urteurrenaren harira egin zuten, eta harrezkero, beste hainbat ere gauzatu dituzte: Susa argitaletxearen Karietara edo Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuenak, esaterako. Igande honetan, Mohammed el-Kurden Rifqa liburuaren txanda izango da. "Rifqa Mohammed el-Kurd poeta palestinarrak idatzitako liburua da, Katakrakek euskaratua. Horren errezitala egitea proposatu genuen taldean; jendea animatu zen, eta horrela egingo dugu", adierazi du Gantzarainek.

Hark uste du idazle desberdinak aukeratzeko "hainbat arrazoi" izan dituztela. Apoarekin hasi zirenean, "munduko poesia" eta "ezagunegiak ez ziren autoreak" irakurtzeko gogoa zeukaten. Gero, taldean bertan ere hainbat proposamen egin zituzten, eta horren arabera joan dira hautuak egiten. Azkenean, idazle euskaldunen poesia ere landu dute. "Arrazoiak hautu bakoitzean desberdinak izan dira, baina beti aintzat hartu dugu lan hori interesgarria izatea", azpimarratu du Gantzarainek.

Igande honetan eskainiko du Rifqa liburuko poemen errezitaldia Apoa poesia irakurle taldeak, 12:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Gantzarainek nabarmendu du norbaitek errezitala entzutera joan nahi izanez gero, ongietorria izango dela: "Badakigu poesia ez dela masak mugitzen dituen zerbait, baina orain arte egin ditugun errezitaletan bezala, jendea hurbiltzen bada, gu gustura".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide