Ekintzaren bat egin dute aurretik, baina datorren astean murgilduko da Azpeitiko Gaztetxea urteurreneko ospakizun nagusietan. Urtero ospatzen dute sorrerako urteurrena gaztetxekoek, baina aurtengoa are bereziago ospatuko dute, XX.a dutelako. Urteurren borobila aitzakia hartuta, herriko gaztetxearen lehenaz, orainaz eta aurretik dutenaz hitz egin dute Maddi Zumetak (Azpeitia, 2005) eta Unax Elizondok (Azpeitia, 2003).
Azpeitiko egungo Gaztetxeak hogei urte bete ditu. Zer esanahi du horrek zuentzat?
Unax Elizondo: Guretzako, hogei urte bete izana urte guztiotako borrokaren ondorioa da, gaztetxeak bezalako espazioak ez baitira ausaz sortzen diren fenomenoak, garaiko testuinguru soziopolitikoarekiko desatxikimenduaren eta mundu berri bat eraikitzeko gogoaren ondorioak baizik. Gure kasuan, duela hogei urte herriko gazteek hasi zuten espazioaren erabilera, eta gaur egungo gazteok haien borroka esperientzietatik ikasi, eta espazio hau baliatzen dugu borroka prozesu ezberdinetan gure ekarpena egiteko zein herriko hainbat eragileren gotorleku izateko. Baina hogei urte hauek ospatzea ere beharrezkoa dela iruditu zaigu. Izan ere, espazio politiko autogestionatu bat martxan izatea, eta gero eta indartsuago egotea, ospatzeko zerbait dela uste dugu, ospakizun hutsean ez dela geldituko bermatuz, beti ere; urteurren hau borrokarako ere erabiliko baitugu, auzi sozial eta politikoen inguruko aldarriak kalera aterata, beste kultur eredu bat aldarrikatuz edota lan militantearen bidez egin ahal diren ekintzen potentziala erakutsiz.
Urteurren borobila transmisioa jorratzeko eta belaunaldi arteko harremanak estutzeko baliatu nahi duzuela esan duzue. Zer jaso duzue urteotan Gaztetxean ibili direnengandik? Zer transmititu dizuete?
Maddi Zumeta: Gure ingurua ikuspegi kritikoarekin begiratzen hastea, antolakuntzan parte hartze aktiboa izatea eta beste modu batean lan egitea daude kide ohiek transmititu dizkiguten gauza baliotsuenen artean. Beste modu batean lan egitea diogunean, lan militantez espazio bat aurrera eramateko beharrezko lanak egiteaz ari gara, diruaren logikan oinarrituta ez dagoen espazio batean lan txikienak ere bere garrantzia duelako, espazioak eta asanbladak aurrera egin ahal izateko.
Azpeitikoak baino zailtasun gehiago dituzten gaztetxeen egoera mahai gainean jartzea ere nahi izan duzue. Zein da egoera Euskal Herrian gaur egun?
U.E.: Euskal Herriko egoera mundu osokoaren antzekoa da. Agerikoa da krisi testuinguru batean aurkitzen garela, eta langile klasea da gizarteko miseriak eta zapalkuntzak jasan behar izaten dituena. Horren aurrean altxatzen den oro zapaltzen du kapitalak, hori da Euskal Herrian gaztetxeekin ikusten ari garena. Eskubide politikoen urraketa nabarmena ematen ari da, eta horren adibide argia da EAJk ikasturte honetan proposatu eta EH Bilduk eta beste hainbat alderdik babestu duten okupazioaren aurkako legea; besteak bete, espazio okupatuen aurkako desalojoak azkartzen eta espazio horiek lortzeko baldintzak okertzen dituen legea.
Gaztetxeen kasuan, errepresio ekonomikoa zein poliziala eguneroko ogia dira, baina hala ere, hainbat gaztetxek tinko diraute beren espazioa egonkortzeko edo espazio bat lortzeko borrokan tinko. Horrek argi erakusten du Euskal Herrian baditugula horri guztiari aurre egiteko eta mundu justuago baterako bidean beren ekarpena egiteko prest eta gogoarekin dauden gazteak. Oso pozgarria da hori.
Nolakoak dira gaztetxeen arteko harremanak?
M. Z.: Aurreko galderarekin lotuta, ez genuke aipatu gabe utzi nahi Defentsa Komunitatearen rol aktiboa, bai gaztetxeen defentsan eta egonkortzean, bai horien arteko harremanetan. Hainbat langile kontrolpeko espaziok osatzen dugun sarea da Defentsa Komunitatea; langile klasea kolpatu nahi duten guztien aurrean, sarea osatzen dugunon artean elkartasuna antolatzea eta defentsa irmoak egitea da haren helburua. Harremanei dagokienez, azken bi urteetan eskualdeko Gazte Asanbladen Topaketak egin ditugu, geure arteko harremana sendotzeko eta formakuntza politikorako zein aisialdi eredu alternatibo bat sustatzeko ekarpena egiteko. Egun jakin horiez gain ere, oso estua da dugun harremana egunerokoan. Euskal Herriko gainerako asanbladekin, berriz, hain harreman estua izatea zailagoa den arren, aurreko urtean Gazte Langileon Topaketak egin genituen Azpeitian eta Euskal Herriko asanblada ugaritako jendea elkartu ginen. Badugu, beraz, hainbat asanbladarekin harremana, eta saiatzen gara baliabideak sortzen, harreman berriak egiteko eta lehengoak estutzeko.
Azpeitikoak Udalak utzitako lokal batean du egoitza Gaztetxeak. Zer abantaila ditu horrek? Desabantailarik bai?
U.E.: Gaztetxeko kide garenok eta izan garenok argi dugu espazio hau urte luzeetako borrokaren ondorio dela, ez dela inongo politikari profesionalen borondate onaren fruitu izan, baizik eta beren ideien alde antolatzeko herrian espazio bat beharrezkoa zela ikusi zuten gazteen borrokarena. Bide horretan, Azpeitiko Gaztetxeko kideok okupazioa antolakuntzarako tresna gisa ulertzen dugu, hau da, espazioan ematen diren borroketan zein espazioaren aldeko borrokan beharrezko beste elementu bat bezala.
Nola harrapatu du XX. urteurrenak Azpeitiko Gaztetxea? Sasoiko al dago?
M. Z.: Gaztetxea sasoiko dagoela esan daiteke, ikustea besterik ez dago ikasturtean zehar antolatu ditugun ekintza guztiak. Hori guztia ezinezkoa litzateke Gaztetxeko gazteon parte hartze aktibo eta konprometitua gabe. 20-30 lagun artean biltzen gara asteroko asanbladetan. Oso gazteak gara gehienak, baina ekintzak aurrera eramateko eta ikasteko gogo handia duen belaunaldia gara, beti diogu Gaztetxea eskola politiko zein teknikoa dela guretzat. Aurten, berrikuntzen artean, bueltan ekarri ditu gitarra klaseak, hamar bat gazte dabiltza ikasten; aipatzekoak dira, era berean, gurean klasiko bilakatzen ari diren egitarauetan, hau da, abendukoan, Gazte Astean edo urteurenekoan, tailer, hitzaldi eta eegitasmo berriak antolatu ditugula. Gauza ezberdinak probatzeko eta asko hazteko gogoa duen eragilea da Azpeitiko Gaztetxea.
Urtero ospatzen duzue urteurrena, baina aurtengoa berezia izango da, ezta?
M. Z.: Aurrekoekin alderatuta pixka bat luzeagoa egiten saiatu gara, hitzaldi bat edota auzolanerako egunak sartuta, eta asteburu nagusia ere ostegunetik hasiko gara ospatzen; gaztetxeko kide izandakoak eta gaztetxearen inguruko jendea afari batean elkartuz. Urteurrena Azpeitiko gazte eta ez hain gazteen artean erreferentzialtasun handia irabazten ari den egitasmoa da; ikusi besterik ez dago, orain arte gaztetxean bertan bazkaltzen genuen, eta aurten herriko plazan egingo dugu zapatuko bazkaria, ez garelako gaztetxean kabitzen. Albiste pozgarria hori! Herriko jendeari dei egin nahi diogu gaztetxearen egitarauetan eta urteurrenekoan parte hartzeko. Egun handiak datoz herrian eta ilusio handiz lanean jarraituko dugu gaztetxeko kideok.