Xabatek eta Xelak jantzi dituzte Txokoko txapelak

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 5a, 09:30

30-18 hartu zituzten mendean Txapeitarrak atzo arratsaldean, Gurutzeagan jokatutako finalean. Oier eta Kixek 30-21 irabazi zieten Xorari eta Anduri hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan. Jendetza eta giro bikaina izan ziren azken jardunaldian.

Xabat-Xela bikoteak irabazi du 2025eko Zestoako Txokoko Pilota Txapelketa, finalean Manex eta Julen Txapeitarrak 30-18 mendean hartu ondoren. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten finalaren aurretik, eta hor Oierrentzat eta Kixentzat izan zen garaipena, 30-21, Xoraren eta Anduren aurrean.

Hamalau bikote lehiatu dira aurten Zestoako esku pilota txapelketa herrikoian. Maiatzaren 22an hasi ziren jokatzen sailkapen faseko ligaxka. Txapelketa hasterako jakina zen txapeldun berriak izango zituela Txokoko txapelketak, aurreko urteetan nagusi izan zen Adonis-Aner bikotea ez zegoelako parte hartzaileen zerrendan. Sailkapen fasea, final laurdenak eta finalaurrekoak osatuta, Txapeitarrak partidarik galdu gabe iritsi ziren atzoko finalera, baina txapelketa osoan porrot bakarra izan duten Xabatek eta Xelak neurria hartu zieten partida erabakiorrean

Txapelketa osoan elkartu da ikusle ugari Gurutzeaga pilotalekuan, baina atzo are gehiago. Ikusmina, festa giroa, pilotariak hauspotzeko oihuak eta tanto onenak saritzeko txaloak nagusi izan ziren atzo Zestoako Gurutzeko aire zabaleko frontoian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide