Malen Astigarraga: "Futbolak asko eman dit, bizitzeko modu bat da"

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 3a, 17:00

Hamabi urte eman ditu Lagun Onaken, azken seiak kapitainaren besokoa jantzita. Orain, Malen Astigarragak (Azpeitia, 1998) besokoa eta botak erantzi ditu.

Hamabi urte eta gero, Lagun Onak uztera zoaz. Zergatik?

Asko kostatu zait erabakia hartzea, gauza askoren baturak eraman nau horretara. Azken urtea pixka bat astuna egin zait, psikologikoki batez ere, taldearentzat ere ez da urte erraza izan. Gainera, profesionalki aldaketa batzuk izango ditut udara eta gero, eta ikusten nuen ez nintzela kapaz izango niri gustatzen zaidan konpromiso hori izateko, ezingo nuela eman ehuneko ehuna. Horregatik, erabaki nuen hobe dela pausu bat ematea.

Aurretik pentsatutako erabakia izan da?

Aurretik ere zalantzak nituen, baina futbola uztearen ideiak hartzen zaituenean, amaiera idealizatzen duzu, azken partidako despedida, eta nik ere kontziente izan nahi nuen azkenengo partida jokatuko nuela. Baina ez nuen garbi zer egin nahi nuen, zalantzekin jarraitzen nuen, eta konturatzerako denboraldia bukatu zen. Handik hiru astera, esan nuen, akabo.

Aste batzuk igaro dira ordutik. Nola daramazu?

Ez naiz guztiz kontziente. Udan erraza da futbolaz ahaztea; gero, ikusiko dudanean nire lagun guztiak futbolera bueltatu direla… Uste dut hor konturatuko naizela bukatu dela.

"Urte batzuetan ez zen proiekturik ere existitzen nesken [futbolaren] inguruan, eta orain ikusten dugu hori lantzen ari direla, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko"

Futbolean egin duzun ibilbideari begira jarrita, zein une berezi datorkizu akordura?

Esango nuke denboraldi bereziena covidaren garaikoa izan zela. Liga berezia izan zen, laburragoa, baina momentu horretatik deskonektatzeko balio izan zigun futbolak, etxetik ateratzeko. Urte hartan, gainera, denboraldi oso ona egin genuen justu.

Klubean eman dituzun urteetan, nabaritu duzu emakumezkoen futbola indartu dela?

Bai, bai. Ezin da konparatu gaur egun futbol eskolatik hasita jokatzen ari den nesken kopurua, gu hasi ginen garaian zegoenarekin. Esango nuke gizartean ere onartuago dagoela, boom moduko bat izan duela eta, gainera, klubean lan gehiago egiten ari dira horren alde. Urte batzuetan ez zen proiekturik ere existitzen nesken inguruan, eta orain ikusten dugu hori lantzen ari direla, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko.

Zer eman dizu futbolak?

Futbolak asko eman dit, esan bezala, bizitzeko modu bat da. Balio dizu deskonektatzeko, eta alderantziz ere bai batzuetan, frustrazioa areagotzeko. Baina lesio aldetik ez baduzu arazo handirik izan, eta nik zortea izan dut horretan, oso urte aberasgarriak izaten dira, batez ere taldekideei esker.

Zeini emango diozu kapitainaren besokoa?

Joane Korta izango da kapitaina; azken urteetan bigarren kapitaina izan da. Alde horretatik ere lasai nago, zeren azken denboraldietan dinamika ona hartu dugu, kapitainaren rol horri exijitu behar zaiona landu dugu, eta berak ondo jaso du hori.

Zer ezaugarri izan behar ditu kapitain on batek?

Futbol jokalari bezala dituzun konpromisoez aparte, esango nuke kapitainak taldekideentzat eredu izan behar duela, eta hori irabazteko ekintza eredugarriak egin behar dira. Ez da nahikoa besokoa jantzi eta agintzea, taldekideekin gertuko harremana izan behar duzu, jendeak zugana jotzeko konfiantza izan dezan.

Nola ikusten duzu taldea?

Aurtengo denboraldian entrenatzaile aldaketa bat izan dugu eta, normala den bezala, aldaketa kostatu egin zaigu. Orain beste aldaketa bat dator, staff berria sartzen da, eta proiektu berri horrek esperantza ematen dit, itxura ona dauka. Taldean baja gutxi batzuk egongo dira, baina, oro har, mantendu egingo da. Eta ni beraiek ikustera etorriko naiz.

Beraz, harmailetan ikusiko zaitugu?

Bai, noski. Txikitatik futbola ikusi eta jokatu dut, nire pasioa da. Jokatuko ez badut ere, futbolari lotuta egongo naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide