Ikasturtea amaitu eta berehala hasi ditu udalak Izarraizpe ikastola publikoaren Perdillegiko eraikinaren jolastokia berritzeko lanak. Goitik behera berritu eta aldatuko dute Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen dituen eraikineko jolastokia. Udalak 575.000 euro inbertituko ditu proiektua gauzatzeko, Urbitarte eraikuntza enpresak egingo ditu lanak eta horiek sei hilabete irautea aurreikusi dute.
Ikastolan bertan egindako parte hartze prozesuaren "emaitzak kontuan hartuta" egin du udalak jolastoki berriaren diseinua. Horrela, bi eremu nagusi izango ditu gune berrituak: kirol jardueretarako eremua eta eremu misto gisa izendatu dutena.
Kirol jardueretarako eremua jolastokiaren ipar-mendebaldeko zatian egongo da, Perdillegiko aldapa aldera, eta "batez ere" baloiekin eta pilotekin egiten diren kirol eta jolasetarako prestatuta egongo da: 20x13 metroko bi kantxa izango ditu, horietako batek belar artifizialezko zorua eta porteriak izango ditu, eta besteak hormigoizko zoladura, porteriak, saskiak eta ken daitekeen boleibolerako sarea ere bai. Kirol jardueretarako eremuaren buelta osoan, berriz, "harmaila txikiak eta hormigoizko hormatxoak" jarriko dituzte.
Eremu mistoari dagokionez, "jolas libre eta tradizionalerako oztoporik gabeko eremu laua" izango dela azaldu du udalak: atseden hartzeko eta elkartzeko guneak, zuhaitzek babestutako jolas eremuak, eserlekuak, anfiteatro txiki bat, jolaserako elementuak eta baratzea izango ditu, besteak beste.
Jolastokia "birnaturalizatzeko" egingo duten ahaleginaren erakusgarrietako bat izango da, hein handian, eremu mistoa. Ahalegin horretan, zoladura gogorreko eremuak berrantolatuko dituzte, egungo asfaltoa kenduz eta hormigoi leundua jarriz; "landaredi eta zuhaitz eremuak sartuko" dituzte, "zabalgune gogor sentsazioa saihesteko" eta ikastetxearen kanpoko hesia partzialki estaltzeko; eta gaur egun hesiaren kanpoaldean geratzen den hegoaldeko "zerrenda berdea" jolastokian integratuko dute, hesia kanpoaldera mugituz.
Izarraizperen Perdillegiko jolastokiak berritu ondoren hartuko duen itxura jasotzen du proiektuaren irudi honek: