Udalak 400.000 euro bideratuko ditu herriko ehun ekonomikoa sustatzeko laguntzetara

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 3a, 08:50

Ander LarraƱaga zinegotzia, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia Erdikalean. (Azpeitiko Udala)

Aurten ere lau laguntza lerrotan banatuko ditu udalak diru laguntzak, eta herritarrek urriaren 15a bitartean egin ahal izango dituzte eskaerak. Deialdian aldaketak egin ditu erakundeak, herriko ekonomiaren beharretara hobeto egokitzeko.

Azken urteetako moduan, herriko ehun ekonomikoa sustatzeko laguntzetara 400.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak. Hainbat diru laguntza emango ditu aurten ere erakundeak, eta dagoeneko zabalik dago horiek eskatzeko epea; herritarrek urriaren 15era arte izango dute horretarako aukera.

Aurten ere lau laguntza lerro eskainiko ditu udalak. Batetik, zerbtzuen sektoreko edo lehen sektoreko jarduerak indartzera 100.000 bideratuko ditu; eta bestetik, industria proiektu estrategikoetara edo berritzaileetara nahiz inbertsioetara –industria nahiz eraikuntza sektorean– 160.000 euro. Horrez gain, ekintzailetasuna sustatzeko xedez, izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enplegua sortzeko ere banatuko dituzte diru laguntzak; hain zuzen ere, 65.000 euro izango dira horretarako. Gainera, lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian kontratazioak egiteko 75.000 euro eskainiko ditu udalak.

Laguntza horiek sektore guztietara bideratutakoak direla azpimarratu du Ander Larrañaga Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordeburuak, eta jakinarazi du "eskaera handia" izaten dela. "Ekonomia sustatzeaz gain, beste helburu estrategiko batzuk ere bultzatzen dituzte laguntzek, hala nola Alde Zaharraren biziberritzea eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua".

Larrañagak azaldutako helburu horiez gain, baina hainbat dira ekonomiaren sustapenerako diru laguntzen helburuak: enpresak sortzea eta haztea zein enplegua sortzea; ekintzaileentzat eta enpresentzat garapen eta aukera espazio berriak sortzea; ekintzailetzari eta ekintzailetzaren kulturari lotutako berrikuntza bultzatzea; jarduera ekonomikoak eta sozialak bultzatzea, proiektu berritzaileen bidez; eta enpresetan eta merkataritzan kontratazioak bultzatzea.

Aldaketa batzuk

Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, urtero berrikusten dituzte diru laguntzak, herriko ekonomiaren beharretara hobeto egokitzeko. Hori dela eta, iazko deialdiarekin alderatuz gero, aurtengoan badira berrikuntzak. Besteak beste, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jardueretako diru laguntzak eskuratzeko nahikoa izango da Nekazaritzako Lan Unitatea 0,5ekoa izatea –lehen, gutxienez, 1ekoa izan behar zuen–.

Halaber, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeetan aukera gehiago sortu dituzte, eta horietan agertzen ez diren jardueretarako eskaerak aztertzeko aukera ere zabalik utzi du udalak. Bestalde, lanaldi erdi mugagabean aritzen diren langileen kontratua lanaldi oso mugagabera aldatzen ere lagunduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide