Zazpi sortzaileren lanak lagunduko dituzte aurten Sorkuntza Bekek

Nerea Uranga 2025ko uzt. 1a, 08:30

Sorkuntza Beka jasoko duten sortzaileak, Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua eta Kulturaz kooperatibakoak atzo Dinamoan. (Nerea Uranga)

Besteak beste, pintura, arte eszeniko, bideojoko, eskultura, arkitektura edota marrazketa digitala landuko dituzten sormen proiektuak aukeratu dituzte aurtengo Azpeitiko Sorkuntza Beketan. Zazpi sortzaileen artetik bi azpeitiarrak dira: Irune Aramendi eta Harriet Aldalur.

Kultur arloko egitasmoak bultzatzeko asmoz, 2017. urtetik Sorkuntza Bekak banatzen ditu Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzaz. Leire Sarasua Kultura zinegotziak eta Kulturaz kultur kooperatibako Garazi Lazkanok eta Xabier Gantzarainek atzo Dinamoa sormen gunean jakinarazi zuten aurten beka jasoko duten zazpi proiektuak zeintzuk diren. Beka jaso duten lagunak ere han egon ziren eta beren ahotik azaldu zituzten egitasmoak.

Aurtengo edizioan ere, udalak 20.000 euro jarri ditu artistek proiektuak sor ditzaten, eta bi laguntza mota banatu ditu: batetik, 12.000 euro bideratu ditu kultur sorkuntzaren modalitatera; eta bestetik, 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera. Lehen modalitateari dagokionez, bost sortzailek jasoko dute beka: Irene Balzategik, Irune Aramendik, Sara Agirianok, Martzel Do Nascimentok eta Harriet Aldalurrek. Beren egitasmoekin sorkuntza egonaldirako beka jaso duten sortzaileak, berriz, bi dira: Irene Zarrabeitia eta Xabi Jabato Lopez. Horiek, besteak beste, pintura, arte eszeniko, bideojoko, eskultura, arkitektura edota marrazketa digitala landuko dituzte.

Udalaren arabera, beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea. Sarasua Kultura batzordeburuak azpimarratu du urtetik urtera "indartzen" joan direla Sorkuntza Bekak, eta deialdira Euskal Herriko toki askotatik aurkezten direla herritarrak. Diziplina askotako eta askotariko proiektuak jaso dituzte aurten ere, eta denak dira "interesgarriak" Sarasuaren arabera. Aurten, guztira, hamalau proiektu jaso dituzte deialdian, eta horietatik 11 izan dira lehen modalitatekoak eta hiru sorkuntza egonaldietarako proposatutatukoak.

Beka jaso duten sortzaileek zuzeneko laguntza jasoko dute Dinamoa sormen gunean Kulturaz kultur kooperatibako kide Garazi Lazkanoren eta Xabier Gantzarainen eskutik. Atzo, beren proiektuen berri eman ondoren, Kulturazeko ordezkariekin bildu ziren sortzaileak, eta besteren artean, lan egiteko moduaz hitz egin eta Dinamoko espazioak eta baliabideak ezagutu zituzten.

Proiektuak banan-banan

2025ean Sorkuntza Bekak jaso dituztenek horrela azaldu zituzten atzo beren egitasmoak eta asmoak:

  • Irene Balzategi (Oñati, Gipuzkoa): "Erdi mendi, erdi oroldi eta erdi ur du izenburua nik Sorkuntza Beketara aurkeztutako proiektuak. Aktorea eta dantzaria naiz, eta performancearen munduan ere ari naiz lanean. Nire sorkuntza prozesuetarako herrian dauden gauzak erabiltzea dut gustuko. Behin Azpeitian pasieran nenbilela garbitokia ikusita harrituta gelditu nintzen: ikaragarria da, anfiteatro bat eman du. Herriko eraikin publikoak kulturaz betetzeak garrantzia du, eta horregatik erabaki dut garbitokoaren inguruko memoria lan bat egitea: bertan lan egiten zuten emakumeen inguruan jakinez lanean jarduten zutenetan kanturik ba al zuten, zer-nolako harremana zuten beren artean… Hori aztertzea nahi dut. Horrez gain, egunean batean garbitokira joan nahi dut jolastera, dantza egitera... Alegia, espazio horretarako zerbait sortu nahi dut. Horretarako alboan beste hainbat artista izango ditut, tartean, Ane Zelaia performerra".

  • Irune Aramendi (Azpeitia): "Arte Ederrak ikasi nituen eta pintura proiektu bat da nik Sorkuntza Beketara aurkeztutakoa. Egitasmoaren oinarrian pasiera, memoria eta paisaia daude. Hasita neukan proiektu batetik abiatutako sorkuntza lan bat da, eta bekari segida emango diot. Ikusteko dago zer-nolako garapena izango duen".

  • Sara Agiriano (Eskoriatza, Gipuzkoa): "Palimpsesto du izena nik aurkeztutako proiektuak. Eskulturaren eta arkitekturaren elkarlan bat landu nahi dut, espazio publikoan nola txertatzen diren eta espazioak nola eraldatzen diren aurkertuz. Interesgarria iruditzen zait erabileraren aztarnak herri baten edo espazio publiko batean nola batzen diren aztertzea. Horretarako, nire etxetik gertu dagoen espazio bat aukeratu dut, biltegi zahar bat da. Toki horretara jende asko joaten da, eta asmoa da nik bertan eraldaketa txiki batzuk egitea eta nola eraldatzen diren ikustea".

 

  • Irene Zarrabeitia (Abadiño, Bizkaia), sorkuntza egonaldia egingo du: "Antzerki mundutik nator. Sorkuntza Beketara aurkeztutako egitasmoa nik idatzitako eta zuzendutako aurreneko proiektua da, horregatik oso pozik eta motibatuta nago. Egiaren eta gezurraren arteko zirrikitu horren barruan zer dagoen hausnartzea gustatuko litzaidake, paralelismo bat eginez errealitatearen eta irrealitatearen artean. Egia errealitatea da eta gezurra irrealitatea, ala ez? Zer dago bien artean? Irudiaren inguruan ere hausnartu nahiko nuke. Zer da irudia gaur egun? Irudia errealitatea islatzen duen zerbait al da? Ala ez? Irudia balio asko irabazten ari den gauza bat da eta aldi berean balioa galtzen ari da… Hori dena azaltzeko gaur egungo baliabideak erabiltzea da nire asmoa: kroma, adimen artifiziala… Proiektuan parte hartuko dutenak, berriz, hangoak eta hemengoak izango dira: Bartzelonakoak, Madrilgoak, Txilekoak… Askotariko taldea daukat bueltan, Euskal Herrian lan egiteko gogoz dagoena".

 

  • Martzel Do Nascimento (Zornotza, Bizkaia): “Margolaria naiz, baita muralgilea ere. Zubiak deitzen den proiektua aurkeztu dut Sorkuntza Beketara. Irudiaren balioa zein den aztertu nahi dut; gero eta gehiago erabiltzen dugu irudia, baina gero eta gutxiago gelditzen gara bat ala bestea ikusten. Mundu digitalak onurak eta minak eragin ditu, eta irudiak galdu du bere presentzia. Hori guztia nola lotzen da pinturarekin? Horretarako erabili dudan dualismoa edota metafora artistikoa diruarekin lotu dut. Alegia, euroaren billeteen diseinuetan zubiak daude: 5 eurotik 500 eurora arteko billete bakoitzak estilo arkitektoniko bateko zubiaren diseinua dauka. Euskal Herriko lurralde bakoitzeko leku bana aukeratu dut, billete bakoitzeko leku bat. Gero, kokapen bakoitzean eraikuntza bat aukeratu dut, batzuk zubiak dira eta beste batzuk ez. Toki bakoitzean margolan bat edo bi hasiko ditut, ondoren nire estudioan bukatzeko. Ea zer ateratzen den hortik”.

  • Harriet Aldalur (Azpeitia): "Orain dela hamar urtetik marrazketa digitala lantzen dut, eta horren inguruko master bat ere egin nuen. Orduan, konturatu nintzen programazioa ere gustukoa dudala. Marrazketa eta programazioa uztartuta bideojokoak egiten hasi nintzen, proiektu bat baino gehiago ditut erdi eginda, baina denak erdizka. Sorkuntza Beketarako orain dela hiru urtetik dudan ideia bati heldu eta hari segida ematea erabaki dut. Bideojoko bat da proiektua. Mundu digital bat sortu nahi dut, gure mundutik aparteko arauak izango dituena. Mundu horretan argia ez du eguzkiak ematen, argia espazioan egongo den gauza materiala izango da, eta izakiak argi hori behar du kontziente izateko. Argia, ordea, bukatzen ari da apurka jendeak kontzientzia behar duelako. Borroka egongo da argia lortzeko eta beldurra mundua bukatzeko arriskua dagoelako".

  • Xabi Jabato Lopez (Oiartzun, Gipuzkoa), sorkuntza egonaldia egingo du: "Plato izena du nik aurkeztu dudan proiektuak. Askotariko diziplinak lotzen dituen kale antzerki proposamena da. Erlijio judeokristauko pertsonaia ikonikoenak eramango ditu agertokira, telebista plato batera, eta kaleko jendea bihurtuko da telebista platoko publikoa. Satira bat da. Berezitasun bat du, bi pertsona daude agertokian, eta Eñaut Triger da musikaria. Musika dago eszenatokian, baina nora joan musikari horrek herri horretako orkestra edukiko du, herriko abesbatzak parte hartu nahi badu ere tokia izango du, baita antzerki edota dantza eskoletako ikasleek ere. Nire erronka izango da sormen egonaldian egituratzea pieza".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide