Berria Taldeko akziodunen batzarra egin dute gaur goizean, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Bilkura horretan, Beatriz Zabalondo administrazio kontseiluko lehendakariak eta Iban Arregi kontseilari ordezkariak kargua utzi dute; biek eskualdearekin lotura zuzena dute, izan ere, Zabalondo Zarautzen bizi da, eta azpeitiarra da Arregi. Bilkuran bertan jakinarazi dute nor izango diren arduradun berriak: lehendakaria Jose Luis Aizpuru azpeitiarra izango da, eta kontseilari ordezkaria, berriz, Elene Barandiaran.
Arregik, hunkituta, "konpromisoz" hartutako ardura "lasai" utziko duela esan du. Zabalondok, bestalde, "ongietorria" eman die Aizpururi eta Barandiarani. Irunen (Gipuzkoa) sortua da Barandiaran, 1974an. Euskaldunon Egunkarian-n jardun zuen aurrena, eta Berrian sorreratik ari da; kudeaketa eta barne antolaketa ardurak izan ditu, eta urteotan enpresan egin diren aldaketa gehienetan "lider" jardun du. Aizpuru, berriz, Euskaldunon Egunkaria-ren lehen-lehen urratsetan han zen, eta bidea egin zuen gero bertan. "Egunkaria-ren produktua naizela esango nuke", onartu du gaur berak. Azken bi hamarraldietan Euskal Irratietan ari da; erredaktore burua da egun.
Aizpuruk azaldu du ezustea izan zela beretzat ardura postu horren proposamena, gogoeta eskatu diola, eta "ohore" moduan hartu duela. Berriak egun duen berebiziko garrantzia gogoratu du. "Gure bataila kulturalerako sekulako tresna da", azaldu du: "Ze tresna ikaragarria dugun; behar dugu indartu". Eta hor beti aurrera begiratzea, beti eragiten jardutea ezinbestekoa dela gogoratu du: "Ez bada garatzen, erori egiten da".
Irakurri albiste osatua Berria.eus atarian.