Udan sartzeko hilabete eskas besterik ez da gelditzen, eta hori hala izanda, haurrei ere egunak gelditzen zaizkie aurtengo ikasturtea osatzeko. Udako oporraldira begira, Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak aurtengo udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu du. Herriko haurrek eta gaztetxoek hil honen 27ra bitartean eman ahal izango dute izena udalaren aurtengo eskaintzan. Ekainaren 23an, astelehenez, hasiko dira aurtengo udalekuak, eta uztailaren 24an, osteguna, amaitu.
Gozamenerako eta dibertsiorako esparru ludikoa eskaintzeaz gain, udalak azaldu du udaleku irekien bidez haurrek eta gaztetxoek beren "autonomia pertsonala ahalbidetuko duen esparrua" eskaintzea dela asmoa. Era berean, "elkarbizitza eta lankidetza espazio bat" zabaltzea dute xede Gazteria sailaren udalekuetako programek, neska-mutilek "era aske" batean eta beren "interesen arabera" parte har dezaten. Euskara sustatzea ere jomugan dute udalekuek, baita familiaren eta lanaren arteko "kontziliazioan laguntzea" ere. "Herrian haurren partaidetza sustatzeko, herri bizitza sustatzea eta herriko elkarteekin nahiz eragileekin elkarlana bideratzea da helburua", azaldu du udalak.
Helburu horiek aintzat hartuta, guztira, zazpi programa jarri ditu udaleko Gazteria sailak aukeran 2 eta 17 urte bitarteko herritarrentzat: Txipristinak (HH2), Udan Txiki (HH3), Udan Koxkor (HH4-HH5), Udan Jolas (LH1-LH2), Udan Mugi (LH3-LH4), Udan Alai (LH5-LH6) eta Udabentura (DBH eta batxilergoa). Udalak azaldu duenez, gainera, adin bakoitzari dagokion programaren arabera, programa osorako, txanda zehatzen baterako, aste bakar baterako, edo, Udabenturaren kasuan, ekintza solteetarako eman ahal izango da izena.
Izena emateko, online erako galdetegi bat jarri du udalak eskuragarri –udaleku bakoitzaren izenaren gainean klik eginda eman daiteke izena–. Nolanahi ere, aurrez aurre egitea nahiago dutenentzat ere izango da aukera. Hain justu, bi gunetan eman ahal izango da izena azken modu horretan: Goiko kale 12an dagoen Gaztelekuaren Gazteria bulegoan –astelehenetik ostiralera, 09:30etik 19:00etara– edo Plaza Txikian dagoen Gazte Informazio Bulegoan (GIB) –astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara–.
Programa bakoitzak bere prezioa du, eta horretarako, prezioen taula eta ordainketa egiteko kontuko zenbakia ere ikusgai jarri ditu udalak. Era berean, izena eman eta ordainketa egin ostean, ordainagiria izen emate galdetegian atxiki edo gazteria@azpeitia.eus helbidera bidali beharko da. Familia ugarien kasuan, %30eko beherapena izango dute horiek izena ematean, nahiz eta ordainketa egiterakoan aplikatu.
Zaintza zerbitzua
Gazteria sailak udalekuen atariko haurrentzako zaintza zerbitzua ere eskainiko du beste urte batez. Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekako begiraleek HH2ko haurrentzat eskainiko dute zerbitzua, 08:30etik 10:00etara bitartean. HH2tik gorako haurren zaintza zerbitzua, berriz, San Martin egoitza ondoko lokalean eskainiko dute, ordutegi berean. Dena den, zerbitzu hori jaso nahi dutenek, 20 euroko aparteko kostua ordaindu beharko dute. Urrestillako eta Nuarbeko haurrek Azpeitira joan-etorria egin dezaten, berriz, autobus zerbitzua eskainiko dute.
Begiraleentzako izen-ematea
Haurrentzat eta gaztetxoentzat udalekuetan izena emateko epea zabalik dagoen moduan, horien begirale izango direnentzat ere irekita du Jauzika elkarteak; hain justu, aisialdiko begiraleak eta heziketa berezietan adituak behar ditu elkarte horrek. Iazko gisan, aurten ere galdetegia bete beharko dute lan poltsan sartu nahi duten herritarrek.