Euskaraldia 2025

'Xaxatzaile' rola hartuta ekin diote Euskaraldiari herriko ikasleek

Nerea Uranga 2025ko mai. 15a, 13:01

Goizetik eguerdira bitartean herriko ikastetxeetako ikasleak Euskaraldiarekin bat eginez kartelak jartzen ibili dira herriko hainbat txokotan. Gero, denak Azoka Plazan elkartu eta xaxatzaile pegatinak edota txapak jarri dituzte. Euskaraldiaren hasiera ekitaldia 19:00etan egingo da plazan, ahobizi nahiz belarriprest txapak elkarrekin jarriz. Azpeitian, 1.700 norbanakok eta 58 entitatek eman dute izena.

Herriko ikastetxeetako ikasleak izan dira Azpeitian Euskaraldiarekin bat egiten aurrenak. Xaxatzaile rola hartu eta herrian zehar euskararen erabilera sustatzeko egitasmoari helduta herriko kaleetan, auzoetan eta txokoetan euskararen aldeko kartelak jarri dituzte. Segidan, eguerdian, Azoka Plazan bildu dira guztiak eta adierazpena irakurri dute: "Hasi da Euskaraldia, aurretik 11 egun euskara aldarrikatzeko, 11 egun gure hizkuntza ohiturak aldatzeko, 11 egun hika hitz egiten hasteko. Gora Euskaraldia eta goazen denok xaxatzera!".

Gaur hasi eta maiatzaren 25era arte egingo den Euskaraldia ariketa sozialean 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. Laugarren edizio honetan, baina, 16 urtetik beherako Euskal Herriko haur eta gazteak xaxatzaile izatera animatu dituzte Euskaraldiaren antolatzaileek: "Gaur egungo haur eta nerabeak etorkizuneko parte hartzaileak izateaz gain, beren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatzeko zeresana dute".

Arratsaldean, hasiera ekitaldia

Euskaraldiko txapa janzteko eguna da gaur, eta hori herritarrek elkarrekin egiteko, gaur, 19:00etan, txapa janzteko ekitaldia egingo dute plazan. Adierazpena irakurri, txupinazoa bota eta txapa elkarrekin jantziko dute plazan biltzen direnek. Euskaraldian izena eman duten herritarrak ekitaldian parte hartzera deitu ditu antolatzaile batzordeak. Azpeitian, 1.700 norbanakok eta 58 entitatek eman dute izena.

Oraindik ere Euskaraldian izena eman nahi duenak badu horretarako aukera Euskaraldia.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide