Kirgizistango mendi birjinak eskalatzera, Joxe Takolo bekarekin

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 8a, 13:08

Ezkerretik eskuinera, Joseba Ugalde (EMF), Asier Aramendi (Lagun Onak MB), Jon Oteiza, Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro. (Mailo Oiarzabal)

Mikel Txintxurretak eta Imanol Murok jaso dute mendizale zenaren omenez Azpeitiko Udalak eta EMFk ematen duten lau mila euroko diru laguntza. Udan joango dira bi donostiarrak Djangart mendi lerrora, hainbat bide berri irekitzeko asmoarekin.

Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro eskalatzaileek irabazi dute 2025eko Joxe Takolo beka, Donostiatik Kirgistanera proiektuarekin. Atzo arratsaldean egin zuten aurtengoaren emaitzaren berri emateko agerraldia Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta beka jaso duten bi kirolariek.

Jon Oteiza Kirol batzordeburuak jakinarazi zuenez, bi proiektu aurkeztu dituzte aurten Joxe Urbieta Takolo mendizale zenaren omenez ematen duten bekara, eta oso parekatuta egon dira biak. Epaimahaiarentzat "ez da lan erraza izan" erabakia hartzea, Oteizaren esanetan: deialdiaren oinarrietan jasotako irizpideak kontuan hartuta bakoitzari emandako puntuazioan "puntu bakarreko aldea" egon da, hain zuzen. "Batik bat proiektuaren orijinaltasuna" hartu du kontuan epaimahaiak, Donostiatik Kirgistanera egitasmoa onesterakoan.

Beka jaso duten biak gazteak baina, era berean, "esperientzia handikoak" direla nabarmendu zuen aurkezpenean Oteizak. "Guretzat pozgarria de Joxe Takolo bekaren bidez gazteei proiektu zein erronka berriak egiteko aukera ematea", gaineratu zuen Kirol batzordeburuak.

Google Earth lagun

Lau mila euroko diru laguntza eskuratu dute Murok eta Txintxurretak Joxe Takolo bekarekin, eta oso eskertuta jaso dute saria, diru hori gabe "ekonomikoki oso gogorra" egingo zitzaielako Kirgizistanera egingo duten espedizioa.

Datorren udan, uztailaren 26tik abuztuaren 22ra gauzatuko dute Donostiatik Kirgistanera proiektua bi donostiarrek, Kirgizistan eta Txina arteko mugan dagoen Djangart mendi lerroan. Muro eta Txintxurreta txikitako lagunak dira, elkar "oso ondo" ezagutzen dute eta askotan ibili izan dira elkarrekin eskalatzen Pirinioetan edo Alpeetan, bidaia eta espedizio aipagarri bat baino gehiago ere egin dituzte elkarrekin –Hego Amerikan, esaterako–, baina Takolo bekari esker gauzatu nahi dutena orain arteko bereziena dela esan daiteke, aukeratu duten tokiaren ezaugarriengatik. "Hego Amerikara joateko asmoa genuen hasieran: Boliviara, Perura... Egun batean, ordenagailuan Kirgistan sartu, eta Djangart ikusi nuen, eskalatu gabeko mendi lerro bat". Horrela izan zuen Murok azkenean helmuga izango duten zonaldearen berri. "Oso toki birjina dela ikusi genuen, denera hamar-hamabi espedizio jaso dituena. Gainera, espedizio gehienetan aurretik irekitako bideak eskalatu dituzte; beraz, potentzial handikoa ere bada, bide berriak irekitzeko".

Djangart inguruko beste mendi lerro batek ere piztu zuen donostiarren arreta, baina "irisgarritasunak eta bide gehiago irekitzeko aukerak" Djangarten aldera mugitu zuten pisua. Inguruaren birjintasunak eskalatzaileen ikuspegitik dituen onurak baditu, ordea, kontrako osagaiak ere. Djangarteko mendien eta bailaren gaineko informazioa lortzen hasi zirenean, "ia ezer ez" zegoela jabetu ziren Txintxurreta eta Muro. Google Earth-en atzera eta aurrera "ordu asko" eman behar izan dituztela aitortu zuten atzo, udan bertatik bertara ezagutuko duten zonaldearen mapak-eta eskuratzeko; eta, hala ere, badakite horiek ez direla guztiz fidagarriak edo zehatzak, duela 11 urte han eskalatzen ibili ziren kataluniar batzuek zein bertako iturriek kontatu dietenaren arabera.

Aukeran zuten beste mendi lerroan baino hobea izan arren, "irisgarritasun txarra" dute Djangarteko mendiek eta "kamioi sobietarrak" erabili beharko dituzte Donostiako eskalatzaileek beraiek zein beharko duten materiala nahi duten tokietara iristeko.

"Itsuan" doaz, hein handi batean, Muro eta Txintxurreta Kirgizistanera, eta hori da esku artean duten proiektuaren berezitasunetako bat. Egitasmoarekin bete nahi dituzten helburuak, berriz, argi dituzte. Mendi birjinak eskalatzera, bide berriak irekitzeraa eta dokumentazio lana egitera joango dira: "argazki pila bat" egin nahi dituzte Djangarten, "etorkizunean norbaitek joan nahiko balu ere".

Letaveta eta beste hamaika

Txintxurretak azaldu zuenez, "hogei bat egun" izango dituzte eskalatzeko. Djangarten, hiru bailaratan ibiliko dira donostiarrak, eta bakoitzean tontor nagusi bat aukeratua dute, bide berriak irekitzeko: Howard-Bury, Peak Ilumination eta espedizioaren "helburu nagusia" izango den Peak Letaveta. Horiez gain, ordea, mendi eta bide gehiago urratzeko asmoarekin joango dira Djangartera Txintxurreta eta Muro. Gainera, bertara iritsi arte "zer aurkituko" duten ez dakitenez, ez dute baztertzen hasieraklo asmoak aldatzea ere, "interesgarriagoak" izan daitezkeen paretak parean tokatzen bazaizkie.

Djangart aldeko mendiak 5.000 metro ingurukoak dira, eta oso pikoak, 1.500 bat metroko desnibela dutenak. "Pareta handiak dira gehienak, glaziarrak", aipatu zuen Txintxurretak. Ondoan mendi "ezagunak" dituzte Djangartekoek –Lenin, esaterako–, eta hori izan daiteke, donostiarren aburuz, birjin mantendu izanaren arrazoietako bat. Izan ere, 2008an egin zuten Djangarteko mendiak eskalatzeko lehen espedizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide