Kulturartekotasuna eta Euskara Azpeitian izeneko egitasmoa aurreko ikasturtean jarri zuten martxan Azpeitian. Proiektu horrek euskararen erabilerari eustea du helburu, beti ere atzerritar jatorriko familiekin komunikazioa bermatuz eta herriko kulturen arteko harremanak eraikiz eta haien parte hartzea bultzatuz.
Atzo arratsaldean, Basazabal jauregian egindako martxoko guraso eskoletako aurreneko saioan, proiektu horren barruan orain arte egindakoaz eta ateratako ondorioez jardun zuten Amelia Barquin eta Karmele Perez Mondragon Unibertsitateko kideek eta Eneritz Albizu UEMAko ordezkariak. Horiez gainera, Lamiae Jamly Azpeitian bizi den marokoarrak eta Euskaltegiko ikasleak Azpeitian bizitzearen alde onez eta txarrez hitz egin zuen.
Martxoko guraso eskoletan arrazakeria eta kultur aniztasuna lantzea erabaki dute Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeko ordezkariek. Hiru saio antolatu dituzte, eta horietatik lehena izan zen atzokoa. Hurrengo saioa datorren asteartean, martxoaren 18an, izango da, eta orduan Kultur aniztasuna eta arrazakeria gaia landuko dute Itziar Gorostidi eta Abdoulaye Sarr SOS Arrazakeria elkarteko kideek. Arrazakeriaren jatorriaz, narratiba berrien eraikuntzaz eta gizartean dauden rolei buruz ariko dira, besteak beste. Elebitan izango da solasaldia.