San Jose trikiti jaialdiak Soreasu liluratuko du larunbatean

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 12a, 16:05

San Jose trikiti jaialdiaren antolatzaileak, Soreasu antzokiaren aurrean. (Julene Frantzesena)

Larunbatean izango da San Jose trikiti jaialdia, Soreasu antzokian. Aurtengo edizioan musikari gazteak izango dira protagonista. Sarrera ia guztiak agortuta daude.

Urtebete igaro da Soreasu antzokiak San Jose trikiti jaialdiaren azken edizioa hartu zuenetik, eta dagoeneko trikiti gosez dira azpeitiarrak. Bada, larunbatean asetuko dute gogo hori, San Jose trikiti jaialdiaren XXXV. edizioarekin.

Sanjosetakoa jaialdi "berezia" dela azpimarratu du Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak. "Ikusi besterik ez dago urtez urte nola betetzen den goraino Soreasu antzokia eta nolako giroa sortzen den", adierazi du. Gauza bera pentsatzen dute Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideek ere: izan ere, prestatzen dituen egitasmoen artean "ezinbesteko jaialdia" dela baieztatu du. Elkarte horretako kideen hitzetan, gainera, jaialdi hori Azpeitian errotzea ez da kasualitatea: "Bailaran oso presente egon da trikitia azken mendean, eta oraindik ere indartsu jarraitzen du". Halaber, elkartearen helburu nagusien artean transmisioa dagoela azaldu dute, eta jaialdiak horretarako "aukera paregabea" eskaintzen duela jakinarazi.

Sarasuarentzat trikitilari gazteen presentzia izango da jaialdiaren XXXI. edizioaren berezitasunetako bat. Aurtengoan, honako trikitilari hauek ariko dira Soreasuko oholtzan: Ane Urbieta, Maialen Larrañaga eta Amets Etxabe; Enaitz Alberdi, Araitz Etxaniz, Aitor Alberdi eta June Badiola; Arene eta Uxue; Iñaki Diegez eta Iñaki Telleria; Julen Rueda Erkizi, Manex Unanue, Maitane Unanue eta Josu Uranga; Iñaki eta Ramonen semeak; eta Napo Saizar eta Aitziber Estanga.

Artistok ikusi nahi dituenak azkar ibili beharko du, sarrera gutxi batzuk besterik ez baitira geratzen Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Profil anitzak

Jaialdiaren antolatzaileek berretsi dute urtero saiatzen direla "aspaldian plazan aritu gabeak" diren trikitilariak Soreasura erakartzen, baita adin oreka bilatzen ere. Gainera, trikitiarekin nolabaiteko harremana izan dezaketen eta ohikotik ateratzen diren bikoteak edo taldeak sortzen dituztela esan dute. Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, Iñaki Diegez soinu jotzailea eta Xabier Malbadiren triklatua dira horren adibide.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide