Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak udaberrirako antolatu dituen Guraso Eskoletan hainbat gai landuko dituzte, hala nola sexualitatea, aitatasuna, zibersegurtasuna eta pantailen erabilera egokia, kulturartekotasuna eta aniztasuna nahiz lehen sorospenak. Otsailean, martxoan eta apirilean izango dira hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak. Udalak adierazi duenez, "gurasoengandik jasotako kezkak kontuan hartuz" prestatu ohi dute Guraso Eskoletako eskaintza.
Sexualitateari lotutako hitzaldiak izango dira aurrenak, eta adin etapaka banatuta emango dituzte. Horietan parte hartzeko aurrez izena eman beharrik ez da izango. Otsailaren 12an da aurreneko hitzaldia, 18:00etan, Basazabal jauregian. Nerabeen gurasoei zuzendutako saioa izango da. Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote? hitzaldia emango du Anne Sanz de Galdeano Legarda Azpeitiko Udalaren Lardaxka sexu aholkularitza zerbitzuko sexologoak.
Otsailaren 19an, 18:00etan, Basazabalen, LHko ikasleen gurasoentzako hitzaldia izango da. Nola hitz egin sexuaz zure seme-alabekin gaia landuko du saio horretan Anne Sanz de Galdeano Legardak. Otsailaren 27an, berriz, Haur Hezkuntzako haurren gurasoentzat gai bereko hitzaldia izango da, baina hizlari Aitziber Estonba Harremanak elkartekoa ariko da hizlaria. Hitzaldi hori ere 18:00etan hasita Basazabal jauregian izango da.
Aitatasun tailerra otsailean hasita
Aitatasun tailerra izango da otsaileko beste eskaintza bat. Tailerrean landuko dituzten gaiak izango dira, besteak beste, aitatasuna, zaintza, kudeaketa emozionala eta harremanak. Saio horiek On:Giz/Ez:Berdin elkarteko Mikel Arakisek gidatuko ditu.
Lau saiok osatuko dute aitatasun tailerra, eta horiek otsailaren 10ean, martxoaren 6an eta 20an eta apirilaren 3an izango dira, 18:00etan hasita, Basazabal jauregian. Tailerrean parte hartzea doan da, baina parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da lotura honetan, eta otsailaren 12ra artekoa izango da izena emateko epea.
Hitzaldiei nahiz aitatasun tailerrari buruzko informazio gehiago nahi duenak Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailera dei dezake: 943-25 50 06 telefono zenbakira.
Martxoan eta apirilean gehiago
Martxorako, berriz, kulturartekotasunari (martxoak 12), kultur aniztasunari eta arrazakeriari (martxoak 18) eta migrazio prozesuei lotutako zurrumurruei eta jarrerei (martxoak 26) buruzko hitzaldiak ditu aurreikusita udalak.
Hitzaldi horiez gainera, KZ gunearekin elkarlanean, zibersegurtasunari eta pribatutasunari buruzko zortzi orduko ikastaroa antolatuko du udalak. Kasu horretan, bina orduko lau saio izango dira: martxoaren 10ean, 17an, 24an eta 31n. Apirilerako, berriz, pantailak, sare sozialak eta Internet modu osasuntsuan erabiltzen ikasteko lau orduko ikastaroa antolatu dute; bina orduko bi saio egingo dituzte apirilaren 8an eta 15ean. Horietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.
Osasunaren arloan, DYArekin elkarlanean, lehen sorospenei buruzko teoria (apirilak 29) eta bihotz-biriken suspertzea eta kanpoko desfibrigailuaren erabilera (maiatzak 6) ikasteko aukera izango da. Bi saio horietan parte hartzeko ere izena eman beharko da aurretik.
Udazkenean ere egin zituzten Guraso Eskolak, eta orduan bi gai nagusi jorratu zituzten; batetik, mugikorrak eta nerabeen osasun mentala, eta bestetik, familia barruko harremanak eta gurasoen erreferentzialtasuna. Bai Azpeitiko Udalak eta bai saioetara joan zirenek saioak "oso ondo" baloratu zituzten.