Etxe hutsak alokairura bideratzeko plana jarri du martxan Azpeitiko Udalak

Ihintza Elustondo 2025ko urt. 24a, 12:07

Joanes Amenabar, Nagore Alkorta eta IƱaki Zabaleta, Basazabal jauregian egindako agerraldian. (Ihintza Elustondo)

Udalak esku artean dituen datuen arabera, 563 etxe huts daude Azpeitian; etxebizitza guztien %9 inguru. Asko dira alokairuan bizi nahi eta horretarako eskaintzarik aurkitzen ez duten herritarrak, eta horri erantzuteko, etxe hutsak alokairura bideratzeko plana jarri du martxan udalak. Etxe hutsen jabeek gutun bat jasoko dute etxean, eta Etxebizitza Bulegora joan beharko dute etxea merkaturatzeko aukerei buruz hitz egitera. Etxea hutsik mantentzea erabakitzen dutenek kanon bat ordaindu beharko dute. Azpeitia da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrien artean kanon hori aplikatuko duen lehen udalerria.

"Etxe hutsak izateak herriari kalte egiten dio". Baieztapen hori bota du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak gaur Basazabal jauregian, etxe hutsak alokairura bideratzeko plana aurkezteko egindako agerraldian. Hori azaltzeko, hainbat zenbaki jarri ditu mahai gainean udalak: Eustaten 2023ko datuen arabera, 6.326 etxebizitza daude Azpeitian; horietatik 5.890 ohiko etxebizitzak dira, eta gainerakoak hutsik daude, bigarren etxebizitzak dira edo beste erabilera batzuk dituzte. Hau da, Azpeitiko etxebizitza parkearen %9 inguru hutsik daude. Alokairurako etxebizitzen eskaera handia da, bestalde; Azpeitian etxe bat alokatzeko 553 eskaera daude Etxebiden, merkatu librean alokairu bila ari direnak kontuan hartu gabe. Alokairurako etxeen eskaintza, berriz, "oso txikia" da. Horren aurrean, udalak etxe hutsak alokairura bideratzeko plana jarri du martxan, egoerari konponbidea emateko pauso bat izango delakoan. Alkortak berak, Joanes Amenabar zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Azpeitiko Berritzeneko arduradun teknikoak eman dituzte plan horren gaineko xehetasunak.

Alkortak azaldu duenez, "udalak herritarrei etxebizitza duin eta egokiak erabiltzeko eskubidea bermatzeko ardura" du, eta horri erantzutera dator gaur aurkeztu duten plana. Datorren astean hasiko dira plan horren barruko lehen urratsarekin: etxe hutsen jabeei gutunak bidaltzen hasiko da udala. Gutun horiek etxebizitza berrienak eta igogailudunak dituztenek jasoko dituzte aurrena, eta pixkanaka-pixkanaka, etxe guztietara banatuko ditu erakundeak. Gutuna jasotzen duten jabeek hilabeteko epea izango dute Etxebizitza Bulegora joateko –Enparan kalea 34, behea–, beren etxearen egoeraren berri emateko eta merkaturatzeko aukerei buruz hitz egiteko. Gutuna jasotzen duen herritarrak berak eskatu beharko du hitzordua Etxebizitza Bulegoan, eta bilera pertsonalizatua egingo du hango langile batekin, Zabaletak jakinarazi duenez. Norbera harremanetan jartzen ez bada, ordea, Etxebizitza Bulegokoek deituko diote herritarrari. Hitzordu horretan etxea alokairura bideratzeko aukerak aztertu ostean, hala eta guztiz ere etxea hutsik mantentzea erabakitzen dutenek kanon bat ordaindu beharko dute: metro karratuko 10 euro urtean, eta %10eko igoera aplikatuko diete hurrengo urteetan. Azpeitia da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrien artean kanon hori aplikatuko duen lehen udalerria.

Oro har, etxe hutsak Bizigune programara bideratzea gomendatuko die udalak jabeei, "alokairu soziala sustatzeaz gain, etxea modu seguruan alokatzeko aukera ematen dielako". Hala ere, etxea merkatu librean alokatzen dutenei edo salmentara ateratzen dutenei ere eten egingo diote etxe huts gisa deklaratzeko prozedura; hau da, horiek ere ez dute kanonik ordaindu beharko. Alkortak argi azaldu du zein den udalaren helburua: "Helburua ez da kanona aplikatzea, etxeak alokairura ateratzea baizik, etxeek funtzio soziala izan behar dutelako eta ezin dugulako ahaztu etxe bat baldintza duinetan izateak erabat baldintzatzen dituela norbere eskubide eta bizi proiektuak".

Etxeen funtzio soziala

Alkateak azaldu duenez, "etxeen funtzio sozialean" oinarritzen da gaur aurkeztutako plana. Hark gogora ekarri duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko Etxebizitza Legeak esaten du, etxe bat bi urtez jarraian hutsik baldin badago, etxe horrek ez duela funtzio soziala betetzen, eta udalei aukera ematen die jenderik gabeko etxebizitzaran deklarazioa hasteko. "Horixe da Azpeitiko Udalak egingo duena. Izan ere, etxe hutsek herri osoari egiten diote kalte: eskaintza gutxitzen dute, prezioak garestitu, auzoak degradatu...".

Etxebizitza batean norbait bizi dela ziurtatzeko, "ez da nahikoa" bertan erroldatuta egotea, alkateak argitu duenez. Horregatik, etxe hutsen zerrenda osatzeko, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzko 149/2021 dekretuko irizpideak hartu ditu udalak kontuan. Besteak beste, uraren, gasaren eta argindarraren kontsumo baxuak dira etxe bat hutsik dagoela adierazten duten zantzuak.

Era berean, alokairura atera ahal izateko obrak behar dituzten etxe hutsei laguntzeko asmoz, diru laguntza lerro berri bat sortu du udalak, eta 3.000 eurora arteko laguntzak emango ditu. Eusko Jaurlaritzak ere baditu horretarako laguntzak; Bizilagun programak, berriz, finantzaketa eskaintzen du.

"Ageriko ondorioak"

Planaren nondik norakoez gain, Azpeitian etxebizitzaren egoera zein den azaldu dute gaurko agerrialdian. Amenabarrek udalak 2021ean Etxebizitza Plana garatzeko egin zuen galdeketan jarri du arreta. "Galdeketa hartan argi eta garbi azaldu zen zenbait kolektibok duten zailtasuna edo ezintasuna etxebizitza alokatzeko edo erosteko. Kolektibo horien artean daude herrira etorri berriak, gazteak, guraso bakarreko familiak, banandutako pertsonak edota adinekoak", adierazi du.

Azpeitian alokatzeko etxeen eskaintza falta izateak "ageriko ondorioak" dituela nabarmendu du Amenabarrek: "Gazteek gurasoen etxean bizi behar izatea; bakarrik bizi arren, etxea partekatu behar izatea; autoz egunero kilometro asko egin behar izatea, Azpeitian lan egin arren, bertan bizitzeko etxerik eskuratu ezin dutelako; edota banandu nahi duen bikote batek pauso hori ez ematea, ondoren etxebizitza eskuratzeko zailtasunak edo ezintasunak izango dituelako". Horren aurrean, udala "sinetsita" dago etxe hutsak alokairura ateratzeak egoera hobetzen lagunduko duela, "behar gehien dutenei etxebizitza eskubidea bermatzen" lagunduko diela.

Alkortak adierazi du udalak jarraituko duela etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bestelako neurriak hartzen ere, besteak beste, babestutako etxeak eraikitzen. Dena den, "beharrezkoa" iruditu zaio erakundeari etxe hutsetan ere indarra jartzea. "Bizitzaz betetako herriak nahi baditugu, etxeak ere hala behar ditugu", adierazi du alkateak.

Azpeitiko Udalak plana azaltzeko osatu duen bideoa da honako hau:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide