Festa giro betea San Sebastian bezperan

Nerea Uranga 2025ko urt. 20a, 02:25

Inoizko danborradarik parte hartzaileena izan da San Sebastian bezperakoa, 31 taldetan banatuta 1.600 herritarrek parte hartu dute. Perdillegi izan da helduen danborradara batu den talde berria, eta Mendizaleak taldeak 50. aldia ospatu du.

Festaren emozioak azpeitiarren bihotzak eta kaleko giroa berotu ditu San Sebastian bezperan. Iaz adina hotzik ez du egin, baina danborradako talde guztiak herriko plazan elkartzerako lanbroa hasi du. Aurtengoan asteburuaren azken orduekin bat egin duen arren helduen danborradak, inoizko parte hartze handiena izan du. Izan ere, 31 taldetan banatuta 1.600 herritarrek parte hartu dute, eta kaleak jendez bete dira danborrada ikusteko.

Talde berri bat batu da helduen danborradara, Perdillegi taldeak estreinakoz parte hartu baitu. Mendizaleak taldeak, berriz, 50. aldia izan du helduen danborradan, eta udaletxean oroigarria jaso dute talde horretako kideek.

Ohi bezala, irudi ikusgarriak eta une hunkigarriak utzi ditu Azpeitiko helduen danborradak, bereziki parrokiako geldialdian eta plazako bukaerakoan.

Plazan, gauerdiko kanpaien eta bandera igoeraren aurretik, Azpeitia herri euskalduna dela nabarmendu dute, eta gainera, danborradan parte hartzen duten hamar lagunen adierazpenak entzun dira danbor festan parte hartzeak sortzen dien emozioa adieraziz. Pedro Ilarramendi zena ere gogoan izan dute danborradan. Azpeitiko danborradaren sortzaileetako bat izan zen, eta iazko abenduaren 25ean hil zen.

San Sebastian eguna aurretik

Helduen danbor hotsek estreinatu dituzte beste behin sansebastianak, baina danbor festak ez du etenik izango San Sebastian eguna bukatu arte. Goizean dianarekin hasi, umeen danborradarekin jarraitu eta bandera jaitsiera arte festak ez du etenik izango.

San Sebastian eguneko haurren danborradan hamar taldek parte hartuko dute; 500 ume inguru elkartuko dira. 12:30ean hasiko dute danborrada Aranetik eta Artzubitik, eta danbor jotzaileen atzetik Aitor Expositok diseinatutako karroza aterako dute.

Bandera jaitsierako danborrada, berriz. 23:15ean hasiko dute Buztintzuriko Errebaletik, eta Azpeitiko Musika Bandarekin batera helduen danborradako sei taldek parte hartuko dute. Honakoak dira irtengo dutenak: Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi.

Honakoa da San Sebastian eguneko egitaraua:

  • 09:00. Goiz eresia herriko kaleetan,  Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolakoekin.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibituen taldeak kalejira egingo dute.
  • 10:15. Udalbatza kalejiran joango da parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian meza nagusia. Olazko Amari meza Parrokiako abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta, Javier Alberdik zuzenduta.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Lopene.
  • 12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Artzubiatik irtenda. Aurtengo karrozaren gaia: Azpeitiko antzinako lanbideak. Karrozaren egilea: Aitor Exposito.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra, Alde Zaharreko kaleetan, herriko plazan eta Artzubian. Ganadutegia: Lopene.
  • 17:30. Diskopuntx jaialdia, Azoka Plazan.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Buztintzuriko Errebaletik abiatuta. Ibilbidea: Olazko Andre Mariaren Plaza, Goiko kalea, Donejakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza.
  • 00:00. Bandera jaistea Udal Musika Bandarekin eta helduen danborradako sei talderekin.

(Argazkiak: Alberto Beloki eta Nerea Uranga)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide