Asier Aramendi: "Azpeitiko mendizale elkartearen bazkide kopurua zein federatuena gora doaz"

Nerea Uranga 2025ko urt. 10a, 08:53

Asier Aramendi Lagun Onak MBren egoitzan. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren gidaritza hartu du Asier Aramendik, Arantxa Larrañagari lekukoa hartuta. Zuzendaritza lantaldea eta beste hainbat mendizaleren laguntza gertu dituela adierazi du.

Bost urtez Lagun Onak Mendi Bazkunaren presidente izan ondoren, Arantxa Larrañagak kargua utzi zuen abenduaren 13an, elkartearen batzar nagusian, eta haren lekukoa Asier Aramendik (Azpeitia, 1973) hartu du. Mendizale elkartearen gidaritzan ez dago bakarrik, inguruan hamar laguneko zuzendaritza batzordea baitu.

Lagun Onak MBren presidente kargua hartu berri duzu, baina taldearen zuzendaritza batzordean urte batzuk egin dituzu, ezta?

Bai, bospasei urte daramatzat zuzendaritza batzordean.

Eta orain, nolatan izan da lehendakari kargua hartzea?

Orain dela pare bat hilabete inguru, Arantxa [Larrañaga] esan eta esan ari zen bateren batek bere lekukoa hartu beharko zuela lehendakari karguan, eta enbidoa ere bota zuen izen eta guzti. Nirea eta beste baten izenak esan zituen, baina bestea ni baino gazteagoa denez, zaharrenak lekukoa hartzea erabaki genuen.

Zenbat denborarako hartu duzu kargua?

Martxaren arabera ikusiko dugu hori. Aitor [Unanue] zortzi urtez egon zen eta Arantxa [Larrañaga], berriz, bost urtez. Zuzendaritza batzordeko kideak, berriz, aurreko berak gara, lagun berririk ez da sartu.

Lanerako jende berria inguratzea zaila al da?

Gurekin mendian ibilitako jende multzo handia dauka inguruan mendizale elkarteak, eta jende beharrean gaudenean, batzuei dei bat egitea nahikoa da laguntzera etortzeko. Gu saiatzen gara gure artean moldatzen eta lehengo adineko mendizaleei bakean uzten, nahikoa lan egindakoak direlako haiek. Baina badaude mendizale batzuk laguntzeko prest izaten direnak; adibidez, umeekin irteera luze samar bat egin behar, eta ura garraiatzeko jendea behar dugunean. Gazteen pare bat kuadrilla handi ere beti laguntzeko prest azaldu izan zaizkigu.

Aurtengorako zer erronka dituzue?

2017an hasi ginen etapaz etapako egitasmoak egiten, Azpeitia-Hazparne egin genuen aurrena. Ordutik egin honakoak egin ditugu: Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea edo Bermeo-Oion, Azpeitia-Iruñea, Pirinioetakoa Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia, eta iaz Tutera-Azpeitia. Aurtengoa Gasteiz aldera antolatzea pentsatu genuen, eta Azpeitia-Gasteiz Hiru Handietatik barrena egiteko erronkari helduko diogu. Berez, lau bat egunetan egin daiteke Azpeitia eta Gasteiz arteko bidea, baina hiru handiak Aizkorri [1.523 metro], Anboto [1.331 metro] eta Gorbea [1.482 metro] egiteko proposamena egin zen eta zazpi etapetara luzatu dugu egitasmoa. Horrelako irteerak antolatzearen kostua ere garai baten aldean bikoitza da, eta saiatzen gara jendearentzako ahalik eta eskuragarrien antolatzen.

Etapaz etapako egitasmoekin asmatu egin duzue, mendizaleek harrera ona egin baitie, ezta?

Bai, hala da. Zenbait irteeratan 150 bat lagun ere ibili gara, hiru autobus antolatuz. Zenbateko horiek kontu eta ardura handia eskatzen digu elkartekooi. Beti ere, zenbat eta jende gehiago joan, arrisku gehiago izaten delako bateren batek min hartzeko. Mendizale batzuek ia irteera denetan parte hartzen dute. Hilean behin larunbatetan egiten ditugu irteera horiek, jende gehiagok parte hartzen duelako. Antolatutako irteeraren arabera mendizaleen izaera aldatu egiten da. Pirinioetarako irteeretan, mendizale gazteagoek parte hartzen dute, baina inguruko mendietarako irteeretan beste mendizale batzuk etortzen dira. Umeen irteeretan jaitsi da parte hartzea azken urteetan. Hala ere, familian joateko edota nahi duten guztientzako proposamen erakargarriak antolatzen saiatzen gara.

Lagun Onaken irteera klasiko batzuk ere mantentzen dituzue egutegian.

Bai, badira irteera batzuk urterokoak: Aizkorri, Erlo, Santa Engrazi, Txalintxo, Xoxote, Hernio, Pirinioak, haurren iraupen eskikoa... Aurten, gainera, Urola Kostako mendi martxa egitea egokitzen da. Bi urtetik behin antolatzen dugu martxa hori; hau da, Azkoitian Zazpi Kurutze mendi martxan antolatzen ez duten urtean.

Mendi irteerak nola prestatzen dituzue?

Ibilbide batzuk aurretik ezagunak ditugu, inguru horietan ibilita gaudelako. Beste batzuk, berriz, aurrez egin egiten ditugu, bideak nola dauden-eta ikusteko, nahiz eta ibilbideen track-ak izan, jendearekin joan aurretik ibilbidea bertatik bertara ezagutzea komeni izaten da. Azpeitia-Gasteiz egitasmoko lehen lau etapak egitera joan gara dagoeneko. Mendian ibiltzen jakitea garrantzitsua al da? Bai, noski. Mendian ibiltzeko, eta batik bat Pirinioetara joateko, mendiaren baldintzak, materiala... ezagutzea oso garrantzitsua da, baita federatuta egotea ere. Lehen, mendizaleak aurrena inguruko mendietan ibiltzen ziren, gero Pirinioetara jotzen zuten, handik Alpeetara... Konfinamenduaz gero, batzuek zuzenean Pirinioetara jotzen dute mendiaz asko jakin gabe. Mendian ibiltzen ikasteko asko ibili behar da, eta dakien jendearekin ibiltzea komeni izaten da. Gainera, egun, federazioak eta hainbat elkartek mendiko ikastaro ugari antolatzen dituzte.

Mendian ibiltzea garrantzitsua da, baina baita federatuta egotea ere.

Bai, garrantzitsua da, eta mendian ibiltzen den jendea horretaz jabetzen ere ari da. Urtearen aurreneko mendi irteeran, Erlokoan, bat baino gehiagok galdetu zidaten zer egin behar zuten federatzeko. Iazko irailean, Lagun Onak Mendi Bazkunak 1.260 bazkide zituen, eta horietatik 952 zeuden mendian federatuta. Federatutakoetatik 21 haurrak ziren, 22 gazteak, 787 helduak eta 123 lagun 65 urtetik gorakoak. Bai mendizale elkarteko bazkideen kopurua eta bai federatuena goraka doa urtez urte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide