Itziar Goenaga (Azpeitia, 1977) emakume aitzindaria izan zen aizkoran. 2000. urtean plazako jarduna albo batera utzi bazuen ere, urte askoan erakustaldi ugari egindakoa da Goenaga. 24 urtez aizkoran aritu gabe egon da, baina duela gutxi ebaki zuen enbor bat. Gaur egun hainbeste emakume herri kiroletan ikusteak poza eta inbidia ematen diola aitortu du azpeitiarrak. Hala ere, bere ibilbidea ez da aizkorara mugatu, harri jasotzen, giza proban zein trontzan aritutakoa baita plazan.
Noiz eta nola hasi zinen aizkoran?
Osabari esker hasi nintzen. 1992an Aizarnazabalen erakustaldia egin nahi zuten lau neskarekin, eta horren aitzakian prestatu nintzen. Kristina eta Maribi Saralegi, Ana Aierdi eta neuk hartu genuen parte. Horren ondoren, utzi egin nuen pixka batean.
Zerk bultzatuta hasi zinen berriz?
1997an saralegitarren etxetik dei bat jaso nuen. Maribi, Iker Vicenteren ama, haurdun zegoen, eta Kristinak norbait behar zuen erakustaldietarako, beti biak ibiltzen baitziren. Aizarnazabalen egindako erakustaldia medio, nirekin akordatu ziren. Ikerren jaiotza giltzarria izan zen ni berriz aizkoran hasteko.
Nolakoak izan ziren zure ibilbidearen hasierak?
Jendeak asko animatzen gintuen, oso maitatuak sentitzen ginen. Diruari dagokionez, mutilek neskek baino gehiago kobratzen zuten txapelketetan zein erakustaldietan. Etxekoek ere asko lagundu zidaten bai entrenamenduekin, baita plazetako ibilbidean ere.
Nola entrenatzen zenuen?
Egurra geure lursailetatik zein zerrategitik eskuratzen nuen. Pinuarekin gehiago entrenatzen nuen pagoarekin baino, merkeagoa ere bazelako. Astean pare bat saio egiten nituen aizkoran, eta gimnasiora ere joaten nintzen pisuak altxatzera bizpahiru aldiz. Uda garaian, erakustaldi asko izaten genituen eta ez genuen ia entrenamendurik egiten.
Zenbat neska aritzen zineten?
Neska gutxi aritzen ginen plazako jardunean. Kristina eta Maika Ariztegi aritzen ziren orduan. Ariztegik oraindik aizkoran jarraitzen du eta miresmena sortzen dit horrek. Nire ustez, ordea, ni aritu nintzen garaian zein lehenago, emakume asko ziren herri kiroletan onak eta abilidade asko zituztenak. Hala ere, ez ziren ausartu jendaurrean aritzera, urte askotan ez baitziren onartuak izan edota ez baitzegoen ondo ikusia. Guk bide bat ireki genuen eta poz ikaragarria ematen dit gaur egun hainbeste neska ikusteak plazetan.
Urteotan tentaziorik izan al duzu aizkorara itzultzeko?
Inbidia ematen didate plazan aizkoran ikusten ditudanek. Ni plazetara ez naiz publiko modura joaten baina telebistaz emanaldi guztiak jarraitzen ditut. 24 urtez ez dut probatu ere egin aizkora, eta aurten etxera iritsi nintzen batean egur bat eta aizkora bat prest zeuzkaten niretzat sorpresa gisa. Ikaragarri hunkitu nintzen, eta probatu egin nuen. Nire harridurarako, uste baino askoz hobeto moldatu nintzen.
Berriro hasiko al zinateke?
Ez dut uste. Denbora asko eskaini behar zaio aizkorari, ez baita egurra moztea soilik, egurrak prestatzeak ere lan asko dauka. Orain beste lehentasun batzuk dauzkat eta ezingo nuke berriz hasi. Hala ere, aizkoratik bizitzeko aukera izango banu, dudarik gabe hasiko nintzateke. Aizkoran ez ezik, harri jasotzen, trontzan eta giza proban ere aritu izan zara.
Zer oroitzapen dituzu?
1998an, Errezilen, gizonezkoek erakustaldi bat egin zuten 52 kiloko harriarekin, eta hura amaitutakoan, emakumeren batek harri hura altxatzea lortuko balu 5.000 pezeta emango zizkiotela esan zuten. Ni publikoan nengoen, eta nire bila etorri ziren. Bertako batek arropak utzi zizkidan eta harri hura jaso nuen. Horren ostean, Bermeon [Bizkaia] erakustaldi batean parte hartu nuen Errezilgo harri berarekin, Odei Iruretagoiena Izeta IV.a-ren txaleko batekin. Trontzan ere aritzen nintzen eta giza proban ere aritutakoa naiz, 200 kiloko harriarekin Errezilen aritu nintzen 15 urterekin.
Zer etorkizun ikusten diezu herri kirolei?
Azkeneko bost urteotan egoera ikaragarri aldatu da onerako. Horretarako, giltzarriak izan dira emakumeak. Bultzada ikaragarria eman diete herri kirolei, eta plaza askotan eskatzen dituzte emakumeak bakarrik. Bestalde, telebistak ere asko lagundu du herri kirolen mundua ezagutarazten. Ni aizkoran aritzen nintzenean, jende asko ez zen jabetzen zertan aritzen ginen.