Altuna y Uriari diru zigorra ezartzea eskatu du Lan Ikuskaritzak, Arrasaten lan istripuan hildako behargin baten kasuan

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 30a, 17:25

Hainbat sindikatuk lan istripuan hildakoa gogoan deitutako protesta, Arrasaten, otsailaren 28an. (Goiena)

Igogailu publiko bat eraikitzen ari zirela arketa edo kutxatila batera erori eta itota hil zen Azpeitiko enpresak azpikontratatutako beste enpresa batentzat ari zen langilea. Beharrezko segurtasun neurriak ez ezartzea egotzita, Altuna y Uriak %30eko prestazio-errekargua ordaintzea proposatu du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzak.

Altuna y Uria eraikuntza enpresari diru zigorra ezartzeko proposamena egin du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzak, joan den otsailean Arrasaten (Gipuzkoa) jazotako lan istripu hilgarria dela eta. Otsailaren 26an, 54 urteko behargin bat hil zen Arrasateko Galizia kalean, kaleko igogailu bat eraikitzeko lanetan ziharduela. Hain zuzen ere, urez betetako arketa edo kutxatila batera jausitako kubo bat jasotzen saiatzerakoan erori, eta itota hil zen langilea kutxatilan bertan, ikuskaritzaren txostenean jasotakoaren arabera. Pontevedrako (Galizia) Proyectos y Obras Garci enpresako langilea zen hildakoa; Altuna y Uria zen obraren arduraduna, baina Galiziako enpresa azpikontratatua zuen Azpeitikoak.

CCOO sindikatuak eman du Lan Ikuskaritzak Arrasateko lan istripu hori dela-eta plazaratu duen txostenaren eta bertan jasotako zigor proposamenaren berri. Zehatz-mehatz, Altuna y Uriak %30eko prestazio-errekargua ordaintzea proposatu du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzak, Arrasaten beharginaren heriotza jazo zen obran behar besteko segurtasun neurririk hartu ez izana egotzita; era berean, segurtasun arloko arau-hauste larriengatik aktak ere aurkeztu ditu ikuskaritzak, Altuna y Uriaren zein horrek azpikontratatutako Galiziako enpresaren aurka.

Osalanen txostena ere bat dator, obraren arduradunek lanen ezaugarriekin bat zetozen segurtasun neurriak ez zituztela ezarri adierazterakoan. Hildako langileak egin beharreko lanen arriskuen gaineko informaziorik eta formaziorik jaso ote zuen ezin izan dela berretsi gaineratu Osalanek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide