Puntako magoak bertatik bertara

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 5a, 11:30

Iago Azkue Iagomago, iazko gala nagusiaren une batean. (Kulturaz)

Irailaren 27an eta 28an egingo dute aurtengo Txisteratik. Kalean ez ezik, gertuko magia gala berezian jarraitzeko aukera izango da. Saio horretarako eta gala nagusirako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Udazkenari harrera magikoa egingo diote aurten ere Azpeitian. Irailaren azken asteburuan egingo dute aurten zortzigarren aldia beteko duen Txisteratik. "Egun magikoa" izaten hasi zena bi eguneko magia jaialdi bihurtu zen laster, eta aurten ere iraupen hori izango du: hilaren 27an eta 28an, ostiralean eta zapatuan, izango dituzte hitzorduak magiazaleek.

"Urtero-urtero gauza berriak probatzen" saiatzen dira antolatzaileak, Iago Azkue Iagomagok nabarmendu duenez, eta aurten ere izango dute berrikuntza aipagarririk Txisteratik egunek. Larunbat eguerdian Alde Zaharreko tabernetan eta taberna atarietan egiten duten gertuko magia erakustaldia da, seguru asko, Txisteratik egun magikoen egitarauaren barruan jendearen artean arreta gehien pizten duen ekitaldia. Aurten ere hutsik egin gabe aterako dute magia kalera jaialdian parte hartzeko Azpeitian elkartuko diren magoek zapatuan, baina gertuko magiak pisu bikoitza izango du aurtengo egitarauan: ostiralean, jaialdia hasteko, gertuko magiaren gala egingo dute Dinamoan.

Magia, bost metrora

Soreasuko sormen guneko gorputzaren eremuan egingo dute gala formatua hartuko duen lehen gertuko magia saio hori irailaren 27an. 18:00etan hasita, lau magoren ikuskizuna bertatik bertara, "bost metrora, gehienez", jarraitu ahal izango dute Dinamoan elkartzen direnek. Julen Magoak gidatutako saioan, Euskal Herriko bi magok –Txisteratik jaialdiaren azken edizioetan ere Azpeitian izan den Maria Arandia eta aurten lehen aldiz ariko den Xabi Magoa–, eta "sari handiak lortzen eta munduan barrena dabiltzan" beste bik –Rubi Ferez eta Juan Capilla espainiarrek– parte hartuko dute gertuko magiaren galan. Ferez eta Capilla dira, hain zuzen ere, Txisteratiken zortzigarren aldiko gonbidatu bereziak edo izar nagusiak. Azkuek azaldu duenez, gaur egungo magiaren munduan punta-puntako artistak dira bi espainiar gazteak: "Oso gazteak dira, eta oso onak. Biek lortu dituzte sari garrantzitsuak eta munduan zehar dabiltza beren ikuskizunekin; izugarrizko arrakasta lortu dute".

Dinamoko gala txikian ez ezik, aurten ere Txisteratik jaialdiaren azken ekitaldia izango den gala nagusian parte hartuko dute Ferezek eta Capillak. "Gertuko magiaren galan saio labur bana egingo dute. Gala nagusian, berriz, saritutako emanaldiak eskainiko dituzte", zehaztu du Azkuek. Aurreko urteetan bezala, Soreasu antzokian egingo dute gala nagusia, irailaren 28an, 19:00etan. Iagomago bera, Eneko Gutierrez eta Potx Magoa ere igoko dira Soreasuko oholtzara, Ferezekin eta Capillarekin batera.

Azken bi horien Azpeitiko egonaldia borobiltzeko, magoei soilik zuzenduta egongo den hitzaldia ere emango dute Ferezek eta Capillak. Ostiralean izango da hori, gertuko magiaren gala bukatu ondoren, Dinamoan bertan. Azkuek azaldu duenez, hamar-hamabost mago elkartuko dira sormen gunean aurtengo bi gonbidatu nagusiek kontatzeko dutena entzuteko, eta mokadu batekin osatuko dute magoentzat soilik izango den hitzordua.

Toki mugatua

Bai gertuko magiaren gala ikusteko, bai gala nagusirako sarrerak dagoeneko eskuragarri jarri dituzte Interneten, kulturaz.eus webgunean; 8 eurotan salduko dituzte hilaren 27ko emanaldikoak, eta 10 eurotan gala nagusikoak.

Hala ere, iraileko azken ostiralean Dinamoa sormen gunean egingo duten gertuko magiaren galara joan nahi dutenek kontuan hartu behar dute ikuskizun horretan ikusleentzako tokia mugatuta egongo dela. "Gehienez 45-50 ikusle" elkartu ahal izango dira sormen guneko gorputzaren eremuko espazioan.

Argazki erakusketa

Aurtengo Txisteratik jaialdiak izango du beste osagai bat, egitarau nagusiaren atarian, magia gosea pizteko. Lehen aldiz, argazki erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean, aurreko urteetako edizioetako irudi ikusgarrienak bilduta. Erakusketa horren data zehazteke dute oraindik, baina Txisteratik beraren aurretik izango da.

Zortzigarrenean ere utziko ditu Txisteratik jaialdiak irudi eta une gogoangarriak; hala espero dute antolatzaileek eta magiazaleek. Azpeitiarrek magiaren bueltako egunei urtero egiten dieten harrera azpimarratu du Azkuek: "Gala batekin hasi ginen, eta begira orain. Zortzigarren aldiz egitera goaz Txisteratik, eta bada zerbait. Beti saiatzen gara zerbait berria eskaintzen eta jendeak beti erantzuten du, beti egin izan digute harrera ona".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide