"Itzalguneak eta berdeguneak sortzea" izan da udalaren erronketako bat aisialdirako egokitutako guneetan

Intza Trula 2024ko abu. 2a, 09:00

Liburutegi atzeko itzalgunea. (Nerea Uranga)

Liburutegi atzean itzalpea sortu eta egurrezko mahaiak zein aulkiak jarri ditu Azpeitiko Udalak, eta Olazko Andre Mariaren Plazan eserita egoteko egurrezko guneak egokitu ditu zuhaitzen azpian. Horrez gainera, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko obrak egin dituzte herriko zenbait txokotan.

Azpeitiko Udalak aisialdirako zenbait txoko egokitu ditu herrian, besteak beste, "itzalguneak eta berdeguneak" sortzeko helburuarekin. Ander Larrañaga zinegotziaren esanetan, urteko lehen zatian egindako obrek bi helburu nagusi izan dituzte: "Alde batetik, herria txukun eta egoki mantentzeko guneak sortu nahi izan ditugu; bestetik, herritarren eguneroko bizitza erraztuko duten eremuak egokitu ditugu".

Larrañaga zinegotzia itzalguneak eta berdeguneak sortzearen garrantziaz mintzatu da: "Ikusten genuen mota horretako espazioak falta zirela, eta bazegoela eskaera bat, bereziki adinekoen aldetik”. Hori hala, liburutegi atzeko eremuan itzalpe zabala duen eremu bat sortu du udalak, egurrezko aulki luzeekin eta mahai batzuekin. "Gune fresko bat sortu da herriko erdigunetik gertu, eta uste dugu erabilera handia izango duela”, gehitu du zinegotziak. Halaber, Olazko Andre Mariaren Plazan eserita egoteko egurrezko guneak egokitu dira zuhaitzen azpian, eta Zumitzezko parkean berdegune zein itzalgune bat sortu dira.

Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak

Itzalguneak eta berdeguneak sortu ez ezik, irisgarritasuna hobetzeko obrak ere egin ditu instituzioak: esaterako, anbulatorio atzeko zubian lanak egin dituzte, eta Olazko Amaren plazan, igogailuaren inguruan, zebra bide bat eta aldapa berri bat jarri dira. Halaber, Agirre auzoko eskailerak ere konpondu dituzte, eta epaitegi aurrean bidegorria eta espaloia txukundu dira. Lasaon, bidegorriko sarrera hobetu da.

Herritarren segurtasuna hobetzeko, berriz, Euskal Herria auzoan ibilgailuen noranzkoa aldatu dute, autobusez joaten diren Karmelo Etxegarai ikastolako haurrek errepidea gurutzatu beharrik ez izateko. Perez Arregi plazan ere egin dituzte lanak: piboteak, gidarientzako seinaleak eta ispilu bat jarri dituzte, plaza Soreasu antzokiarekin lotzen duen pasabidetik datozen oinezkoen segurtasuna hobetzeko. Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko neurgailuak ere jarri dituzte Sanjuandegi eta Loiola lotzen dituen errepidean. Ur saneamenduari begira, erreten berriak egin dira Erdi Kalean, eta Izarraitzeko Ateko txorroetako ur sistema hobetu da.

Urteko lehen zatian egindako lanekin amaituz, Matxinbentan parke berria egin dute. "Auzoetako bizilagunekin egindako bileretan jasotako eskaerak ere kontuan izan ditugu", esan du Larrañagak. Horiez gain, ohiko mantentze lanekin ere jarraitu du udalak, eta beste hainbat proiektu ere baditu esku artean; hala nola Urrestillako Kale Txikia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide